Arizonako legearen atal nagusiak baliogabetu dituzte behin-behinean

Neurri polemikoenek itxaron egin beharko duten arren, gaur sartuko da indarrean paperik gabeko etorkinen aurkako legea Atxilotuko dituzten beldur, ehunka etorkinek beste estatuetara egin dute ihes

Berria, , 29-07-2010

Azken momentuko ezusteko eta guzti sartuko da indarrean immigrazioaren aurkako lege berria Arizonan. Susan Bolton epaile federalaren aginduz, izan ere, polemika gehien eragin duten neurriak indargabe gelditu dira; behin-behinean bada ere. AEB Ameriketako Estatu Batuetako auzitegi federalak legeak Konstituzioa urratzen duen erabaki behar du; baina erabaki bat hartu artekoak luze joko duelako, Boltonek esku hartzea erabaki du, eta SB 1070 legeko zatirik esanguratsuenak baliogabetu ditu, badaezpadako neurri gisa.

Luzapenak, besteak beste, Poliziaren jardunari eragingo dio. Lege berria Arizonako Parlamentuak onartu bezala sartuko balitz indarrean, segurtasun indarrek herritarren egoera zein den argitzeko obligazioa izango lukete aurrerantzean, paperik gabeko etorkinak atzeman eta preso hartzeko. Alabaina, Boltonek uste du legea bere horretan jarriko balute indarrean, huts egiteko aukera gehiegi sortuko liratekeela. «Lege berriarekin hanka sartzeko probabilitatea handiegia litzateke; aukera gehiegi leudeke legezko etorkinak atxilotzeko», ebatzi du epaile federalak. Horrez gain, SB 1070 legeak AEBetako Konstituzioa urratzen duela ondorioztatzeko zantzuak aurkitu ditu Boltonek: «Neurri horiek indarrean sartzen badituzte, Arizonako Gobernuak etorkinen gain jarriko lukeen zama ohiz kanpokoa, apartekoa eta bereizgarria litzateke. Hori egiteko eskumena AEBetako Gobernuak baino ez du».

Herritarren askatasuna kolokan ikusten du epaile federalak; paperik gabeko etorkina izan edo ez, edonor etorkin itxura duen edonor presondegian sartzeko aukera emango luke Arizonako legeak. «Poliziak legez kanpoko etorkinik baden ziurtatzeko obligazioa du; eta egiaztatzeko lanak luze jo dezakete; Poliziak erabaki arte iraungo luke atxiloaldiak».

Lege berriak dokumentazioa gainean eramateko obligazioa ezartzen die etorkinei; Poliziak geldituko balitu, eta euren egoera legezkoa dela frogatzerik ez balute, atxilotu egingo lituzkete. Boltonek ebatzitako luzapenari esker, dena dela, dokumentazioa eramateko betebeharrik ez dute izango. Horrez gain, paperik gabekoei toki publikoetan lana eskatzea galaraziko liekeen xedapena ere ez da, oraingoz, indarrean sartuko.

Exodoa

Paperik gabeko etorkinak kriminaltzat hartzen ditu SB 1070 legeak; horregatik, ehunka lagunek beste estatuetara egin dute ihes. Hainbat erakundek egindako kalkuluen arabera, Arizonan paperik gabeko 460.000 etorkin inguru bizi dira Arizonako biztanleen ia erdiek jatorri hispanoa dute; Ameriketako Estatu Batuetan, guztira, hamabi milioi lirateke euren egoera erregularizatu ez dutenak. «Beldurrez dago jendea, saminduta eta frustratua», azaldu du Maria Sierrak, Mexikotik Arizonara joandako 58 urteko etorkinak. «Esperantzarik gabeko lurralde bilakatzen ari dira Arizona». Raqel Garcia guatemalarrak, berriz, ez daki Arizonan gelditu edo beste nonbaitera ihes egin: «Dena prest dugu, badaezpada ere. Dena okerrera ari da egiten. Zaila bihurtu da lana aurkitzea, eta kaleak hustu egin dira. Washingtonen dugun familiak esaten digu hara joateko, baina nire amak paperak ditu, eta nire seme-alabak hemen jaio ziren. Zuek zer egingo zenukete?».

Inork egoera horretan egon beharko ez lukeela uste dutelako, milaka lagunek immigrazio legearen aurkako protestetan parte hartuko dute gaur. «Langile etorkina ilunetan utzi nahi ez badugu, halako neurrien aurka agertu behar dugu», adierazi du, bestea beste, Kim Bobok, Interfaith Worker Justice erakundeko kideak.

Legearen puntu nagusiak

SB 1070 legea esku artean hartu eta «idazkera traketsa» duela adierazi du Susan Bolton Arizonako epaileak. Baita herritarren askatasuna kolokan jar dezakeela ere. Ez du jatorrizko dokumentua indargabetu, hala ere; hainbat neurri behin-behinean uzteko agindu du, ez besterik. Behin betiko erabakirik hartzen ez duen bitartean, hortaz, honako neurri hauek dira sartzekotan indarrean Arizonan.

Kriminalizazioa. Aitzindaria da Arizonako legea, paperik gabeko etorkinak kriminaltzat hartzen dituen lehena baita Ameriketako Estatu Batuetan. Paperik gabe herrialdean sartzea delitu izango da aurrerantzean Arizonan, ez baina, AEBetako gainontzeko estatu federaletan. Paperik gabekoak lanerako hartzea ere delitua izango da, baita legez kanpoko immigrazioa sustatzea nahiz paperik gabekoak babestu edo garraiatzea ere, baldin eta hala eginda bestelako delituren bat egiten bada; alegia, paperik gabekoak eskolara eramatea ez dute zigortuko, bai, ordea, haiei AEBetan barna mugitzeko erraztasunak ematea.

Dokumentazioa. Legearen hasierako bertsioak edonori dokumentazioa eskatzeko ahalmena ematen zion Poliziari, baldin eta horretarako «zentzuzko susmoak» bazituen. Alegia, polizia patruilaren batek norbaiti paperik gabeko etorkinaren itxura hartzen bazion, segurtasun indarrek hura gelditu eta paperak eskatzeko aukera izango zuketen. Kritika gogorrak eragin zituen xedapen horrek, ordea. Eskubide zibilen aldeko erakundeen neurri horrek arrazaren araberako soslaiak sortzeko bide emango zuela salatu zuten. Horregatik, Janet Brewer Arizonako gobernadoreak legea sinatu eta egun gutxira, testua moldatzea erabaki zuten. Azken bertsioaren arabera, paperak eskatu ahalko dizkie herritarrei, baina soilik beste arrazoi batengatik Polizia haiekin harremanetan jartzen bada: esaterako, bideko kontrolen batean izango luke eskumena dokumentazioa egiaztatzeko.

Atxiloketak. Poliziak norbait gelditu eta paperak legez ez dituela uste badu «zentzuzko susmoak» baditu, bere egoera legezkoa den argitzeko obligazioa du. Paperik gabeko etorkina dela erabakitzen badu, hura atxilotzeko ahalmena izango du Poliziak. Legeak segurtasun indarren jardunari eragiten dio zuzenean; lehen aukerazkoa zena, izan ere, obligazio bihurtzen du. Hau da, paperak eskatzeko ahalmena du Poliziak; lege berriaren aginduz, baina, horretara behartuta egongo dira segurtasun indarrak.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)