Lantarongo eraso arrazista zigortzeko eskatu dute

Senegalgo lau gizon jipoitu dituzte; ustez erasoarekin loturiko adingabe bat atxilotu eta aske laga dute

Berria, , 17-07-2010

Erredakzioa.
Gasteiz

Araba asaldatuta dago, joan den asteazkeneko eraso xenofoboa dela-eta: gazte talde batek Senegalgo lau gizon jipoitu zituen Lantaronen (Araba), lantokitik irteten ari zirela. Hainbat eragilek gertaera salatu dute, eta errudunak zigortuak izan daitezen exijitu.

Atzo, ustez erasoan parte hartu zuenetako bat, 17 urteko gazte bat, atxilotu zuten ertzainek, eta galdekatu ostean, libre laga zuten. Gainerako ustezko erasotzaileek atzo iluntzean oraindik aske jarraitzen zuten. Herrizaingo Saileko iturriek adierazi zuten ezin dituztela epailearen agindurik gabe atxilotu, Burgosen (Espainia) bizi direlako.

Mboolo Arabako senegaldarren elkarteko kide Omar Kanek adierazi duenez, «ulergaitza» da gertakaria: «Munduko leku guztietan topatuko dugu bertakoa ez den jendea. Ulertu behar dugu hau globo bat dela, globo bakarra dugula mundu guztiarentzat, mugarik gabe partekatzeko. Ikasi behar dugu garrantzitsuena ez dela azalaren kolorea edo jatorria; garrantzitsuena gizakia bera da».

Eusko Jaurlaritzako Immigrazio Saileko zuzendari Migel Gonzalezen esanetan, gertaera «oso larria» da: «Espero dugu justizia zorroztasunez aplikatuko dela, arrazakeriaren aurkako elementu penalak kontuan hartuz». Ustezko erasotzaileak kanporatu zituen enpresaren erabakia ere txalotu egin du Jaurlaritzako ordezkariak, jarrera xenofoborik ez onartzeagatik.

Politika arloko zenbait eragile ere mintzatu dira gertakariaz. Ezker Batuko Jose Miguel Fernandezek, esaterako, erasotuekiko elkartasuna eta «kezka» adierazi ditu, eta esan du ekintza «onartezina» dela. Horregatik, gertakaria lehenbailehen argitzeko eskatu du, errudunak ez daitezen zigorrik gabe gelditu. Aralarrentzat, eraso hori «hutsegite larria» da. «Gure gizartean oraindik existitzen diren beldur eta konplexuak» erakusten dituela dio. Arabako Diputazioak, berriz, horrelako jarrerak baztertzeko eskatu die arabarrei, «elkarbizitzarako, errespeturako eta berdintasunerako oztopo» izan daitezkeelako.

Aurrez prestatutako erasoa

Gertaera bera aste honetan izan bada ere, lau senegaldarren aurkako erasoak duela zenbait hilabete hasi ziren. Orduan, ustezko erasotzaileetako bat Curvados Quintin enpresan lanean ari zen lau biktimekin batera. Haiekiko portaera arrazista erakusten zuen, eta hori areagotu egin zen enpresak bere aita kontratatu zuenean. Asteazken goizean biak enpresatik bota zituzten, jarrera xenofoboa egotzita.

Horrek gaztearen portaera areagotu zuen, eta arratsalde hartan lagun talde batekin joan zen enpresara, senegaldarrak lanetik irteten ari zirenean. Aurretik, haien autoetako gurpilak zulatu zituzten, ihes egiteko aukerarik ez izateko. Gero, ustez biktimak autoarekin harrapatzen saiatu ziren, eta azkenik, jipoitu egin zituzten. Hirurek berehala jaso zuten senda-agiria, baina zauritu bat erietxera eraman behar izan zuten, larri.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)