Bizkaiko 25 eta 30 urte arteko gazteen lautik hiru bizi dira gurasoekin

Hamarretik lauk uste dute etorkin «gehiegi» daudela, Diputazioak kaleratu berri duen ikerketaren arabera

Berria, , 17-07-2010

Erredakzioa.
Bilbo

Bizkaiko 25 eta 30 urte arteko gazteen %78,9k gurasoen etxea uzteko gogoa dute, baina %23,6 besterik ez dira gurasoen etxea utzi eta beren kasa bizi. Adin tarte horretan direnen hiru laurdenek diote etxebizitzek prezio garestiegiak dituztela, eta %55ek ez dutela diru sarrerarik; hirutik batek «erosotasuna» aipatzen du gurasoen etxetik ez irteteko.

Bizkaiko gazteriaren joerak 2010 azterketan datoz datu horiek. Bizkaiko Foru Aldundiak egin du azterlana, 15 eta 30 urte arteko 1.000 gazteri telefonoz inkestak eginda. Josune Ariztondo Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura diputatuak azaldu zituen datuak, eta azaldu zuen «balio nahikoa aurrerakoiak» dituztela Bizkaiko gazteek: %89 daude homosexualen ezkontzen alde; %83,2 eutanasiaren alde, %79,4 sexua aldatzeko ebakuntzen alde eta %77,3 abortuaren alde. Hala ere, gazteek ez dutela politikarekin interesik azaleratu du ikerketak: %3,8k adierazi dute interesa. Lanarekin, etxebizitzarekin, irabaziekin eta ikasketekin dute kezka gehien, ordena horretan. Bestalde, %54,4k uste dute ideia politikoak ezin direla bortxaz defendatu; %28,9k baietz uste dute, aldiz.

Ariztondok adierazi du gazteen artean ez dagoela arrazakeria edo xenofobia zantzu nabarmenik. Baina %42,3k uste dute etorkin «gehiegi» daudela, eta %67,5ek diote lan kontratuak dituztenak soilik onartu beharko liratekeela.

24 urtez azpikoen artean, %15 baino gutxiago dira lanean ari diren gazteak; eta 25 eta 30 urtekoen artean, %38,5 ari dira lanean, eta %23,4 ikasten. Emakume gazteen lan baldintzak gizon gazteenak baino prekarioagoak dira. Bikotekideekin bizi direnen artean, berriz, kasuen %34,8an emakumeek egiten dituzte etxeko lanak.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)