Asko dira homosexual izateagatik beraien herrialdea utzi eta asiloa eskatzen dutenak; Erresuma Batua eta antzeko herrialdeetan maiz ukatu egiten diete. Bi gizonek, ordea, lortu dute, auzitara jo eta gero.

Disimulurik gabe bizitzeko beharra

Berria, , 15-07-2010

Unai Arteaga.

Jarrera homofoboa nagusitzen den herrialdeetan bere sexu aukera libre agertu nahi izaten dutenek ihes egin behar izaten dute. Beren jaioterrian zigortuko dituzten beldur ihes egiten dute, asilo eske. Hartzen dituzten herrialde batzuetan, baina, atzera bidaltzen dituzte.

Erresuma Batua da horietako bat. Stonewall homosexualen eta bisexualen erakundearen arabera, asilo eskaeren %98 atzera botatzen ditu. Irango eta Kamerungo bi gizonen kasua da hori. Babesa ukatu ondoren, diskrezioz bizi eta homosexualitatea disimulatzea gomendatu zien Londresek. Bi gizon horiek ez dute amore eman, ordea, eta Gobernuaren aurka egin dute.

Erresuma Batuko koalizio gobernuak maiatzean onartutako akordioak dio homosexualak izateagatik beren lurraldean arriskuan daudenek babesa jasotzeko eskubidea daukatela. Erresuma Batuko Gobernuak zioen bi gizonek eraso egingo zieten beldur zirelako eskatzen zutela babesa eta beldurrak ez duela benetako arriskurik adierazten. Dena den, Auzitegi Gorenak arrazoia eman die, eta Erresuma Batuan geratzeko eskubidea lortu dute.

Kasuak oihartzun handia izan du nazioartean, eta Kamerungo Gobernuaren erantzuna eragin du. Komunikazioetako ministroak, Issa Tchiromak, adierazi du bere herrialdean homosexualitatea delitu izan arren jazarpenik ez dutela jasaten eta beren bizitza pribatuan nahi dutena egiteko eskubidea daukatela.

Iran eta Kamerun

Iran munduko naziorik homofoboenetakoa da. Anodis dibertsitate sexualaren berri agentziaren arabera, azken 30 urteetan 4.000 homosexual baino gehiago hil dituzte. Zigor Kode islamiarra erabiltzen dute. «Sodomiak» heriotza zigorra dakar. Lesbianak, ordea, ehun zartadako zigorra jasotzen dute, eta, hiru aldiz harrapatzen badituzte, heriotza zigorrera kondenatzen dituzte.

Kamerunen homosexualek hiru urteko kartzela zigorra jaso dezakete. Jazarpena nabaria da. 2006an, L’Anecdote astekariak eta Meteo egunkariak gobernuko goi karguetan ziren ustezko homosexualen zerrendak argitaratu zituzten.

Anodis-en arabera, munduko 80 herrialdetan ez dituzte homosexualen eskubideak errespetatzen.

Iranen ez ezik, beste zazpi herrialdetan heriotza zigorra ezartzen diete sexu bereko pertsonekin harremanak dituztenei; hala egiten dute Afganistanen, Mauritanian, Nigerian, Pakistanen, Arabiar Emirerri Batuetan, Sudanen eta Yemenen. Beste hainbat estatutan, bizi guztiko kartzela zigorra ezartzen dute: Bangladeshen, Bhutanen, Guyana, Indian, Maldivetan, Singapurren, Ugandan eta Nepalen.

Horregatik, giza eskubideen aldeko erakundeek diote asko dagoela oraindik egiteko.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)