Emakumeak ekonomikoki esplotatzea egotzita, hiru lagun atxilotu dituzte Bilbon

Andrazkoak Euskal Herrian ilegalki sartzen zituzten eta erakundearen menpe gelditzen ziren

Berria, , 15-07-2010

Hiru pertsona atxilotu ditu Espainiako Poliziak emakumeekin trafikatzea, eta haiek bortxatzea eta mehatxatzea leporatuta. Hirurek senar-emazteak eta beste gizon bat, antolatutako sare bat osatzen zuten, Espainiako Poliziaren arabera. Ikerketa zabalik dagoela eta atxiloketa gehiago egon daitezkeela aurreratu dute. Bilboko senar-emazteek immigranteen joan-etorriak kontrolatzen eta finantzatzen zituztela konturatu zirenean hasi ziren ikertzen.

Atxilotuetako bakoitzak zeregin bat zeukan. Gizonetako batek Paraguai eta Bilbo arteko bidaiak prestatzen eta kontrolatzen zituen, salerositako emakumeek muga arazorik gabe zeharkatu zezaten. Horrez gain, emakumeek ordaindu behar zuten dirua jasotzen zuen. Dirua ez bazuten lortzen, biolentzia erabiltzen zuen, Poliziak jakinarazi duenaren arabera. Paraguain laugarren pertsona batek andreak gazteak bereganatzen zituen; baliabide gutxikoak emakumeak ziren denak, eta bizitza hobe baten itxaropenaz mintzatzen zitzaizkien.

Bilbora etortzeko, emakumeek 4.500 euro baino gehiago ordaindu behar zituzten, Poliziaren arabera. Bidaiagatik 3.000 euro ordaindu behar zituzten, eta turista zirela frogatzeko, beste 1.500 euro. Pertsonen salerosketak egiten dituzte sareek erabili ohi duten sistema da hori; hartara emakumeei azaltzen diete mugak arazorik gabe zeharkatuko dutela turista gisara. Izan ere, turista direla erakusteko baliabideak dituztela erakutsi behar dute, eta horregatik jasotzen dituzte 1.500 euroak.

Sareak ostatu ematen zien andreei, lana aurkitu zuten arte, kasu gehienetan etxe garbitzaile moduan. Atxilotutako pertsonek lortzen bazieten lana, emakumeek 500 euro gehiago ordaindu behar zizkieten hilero. Erakundearen zorrak ordaindu ahal izateko, andre askok prostituzioan aritu behar izan zuten, Poliziaren arabera.

Errepikatzen den istorioa

Ikerketaren harira, erakundearen bi etxebizitza miatzean emakumeek ordaindu behar zutenaren zorren zerrendak aurkitu zituen Poliziak, baita emakumeek sorterrira bidalitako diruaren ziurtagiriak ere. Pertsonen trafiko kasuetan emakumea sarearen menpe gelditzen da, eta irabazten duen diru gehiena esplotatzaileentzako da.

Eva Maria Sanchez Proyecto Esperanzako kideak adierazi duenez, kasu hauek «nahi baino ohikoagoak» izaten dira. «Emakumeen trafiko kasuren baten berri izaten dugunean, bertaratzen gara emakumearen egoeraz jakiteko». Anbulantzia batek ikusten du zein egoeratan dauden, eta ahal duten arlo guztietan laguntzen saiatzen dira.Ostatua eskaintzen diete, besteak beste. Kasu guztiak ez direla salatzen gogorarazi du Sanchezek. Emakumeek erabakitzen dute, eta «beldur handia» izaten dute, emakumeak zein familiak mehatxatuta egon ohi hori direlako. «Garrantzitsuena emakumea laguntzea, eta informaturik edukitzea da. Prozesua zaila izango da, eta nolakoa izango den azaldu behar zaie».

Elkarteek ohartarazi izan ohi dute Paraguaiko kasuen ugaritasunaz

Badira hainbat elkarte emakumeen kontrako salerosketa salatu, eta biktimei laguntza ematen dietenak, horietakoak dira, esaterako, Proyecto Esperanza eta APRAMP. Ondo ezagutzen dute giro hori, eta iaz, esaterako, ohartarazi egin zuten Paraguain era horretako kasuak ugariak izaten zirela. Atzo atxilotutako pertsonak, hain justu, herrialde horretakoak dira. Emakumeen laguntzarako elkarteen arabera, Paraguai krisi ekonomiko larrian dago azken urteotan, eta sexu esplotaziorako ekartzen dituzte sarri handik andrazkoak. Jatorrizko herrialdetik engainatuta, edo indarrez aterata, pertsonari askatasuna kendu, eta sexu, lan edo bestelako esparruetan esplotatzean datza pertsonen salerosketa. Salerositako pertsonek biktima izaera dute beti, indarkeriaren edo gezurren bidez mugitu dituztelako.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)