Medikuarenean beloa erantzi nahi ez zuen musulmanaren salaketa, ukatua

Andreak uko egin dio epailearen aurrean jantzia kentzeari, eta salaketa ez aintzat hartzea ekarri du horrek

Berria, , 15-07-2010

Erredakzioa.
Gasteiz

Hiru aldiz eskatu zion atzo Gasteizko epaile batek, emakume musulman bati, soinean zeraman jantzia eranzteko. Hirutan erantzun zion emakumeak ezetz. Horrek ekarri zuen epaileak ez aintzat hartzea emakumeak jarritako salaketa. Andrazkoak salaketa jarria zuen iragan ekainean medikuarenera joan, eta hark emandako tratuarekin gustura ez dagoelako: beloa soinean zeraman orduan ere, eta medikuak eranztera derrigortu egin zuela dio andrazkoak. Nikab izeneko jantzia eramaten du emakume honek, begiak baino agerian lagatzen ez dituena. Medikuaren arabera, norekin hitz egiten ari zen jakiteko eskatu zion andreari jantzia kentzeko.

Atzoko saioan emakume honek jarritako salaketaz gain, bere senarraren kontrako beste bat ere aztertu behar zuten. Emakumea artatu zuen sendagileak salatu du, emakumearekin egon eta gero, senarra osasun etxera agertu zela eta berari eraso egiten ahalegindu zela.

Orain ikusi beharko da fiskalaren eskaria aintzat hartzen duen epaileak, gertaera horren harira. Eraso saioa eta mehatxuak jasan zituena mediku bat zenez, agintearen kontrako erasoa izan zela dio Fiskaltzak, eta horrelaxe epaitu behar dela.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)