Rachid Taha. Kantari musikaria 'Bonjour' izeneko diskoa zuzenean aurkezten ari dela, beti dabil proiektu interesgarrien eta arrazakeria eta injustizien salaketen artean

«Aljeria zintzurretik ezin irentsia dauka Frantziak»

Berria, , 13-07-2010

Nora Arbelbide.
Heleta

«Zer eginen diogu ba?», erdi mozkor, erdi irriz, erdi ironiaz, erdi haserre. Rachid Taha emozioz beteriko artista oso bat da. Heletan (Baxenabarre) Euskal Herria Zuzenean jaialdiaren karietara eman kontzertutik landa, elkarrizketen jokoari ekin zion. Eta badaki ongi jostetan Tahak. Kazetariei galdezka hasi daiteke, edo bestela, galderari kasu handirik egin gabe, hark berak erabakitzen du zertan mintzatu. Eta behin mintzatzen hasi eta motorra pizten da. Eta orduan, hobe gidoia ongi atxikitzea, bestela, eskapa daiteke, eta segitzea zaila.

Zer eginen dio bada, goibeldurik dio artistak, Frantziak oraindik bere musika Munduko musiken sailean sartzen duela ikustean. Alabaina, Frantziako musika sari nagusiak diren Les victoires de la musique izeneko egiturak hala deritzo. Rachid Taharen Bonjour azken diskoa, Amadou eta Mariam, Cesaria Evora eta Salif Keitaren kategorian sartu zuten. Salif Keita zuten izendatu azkenean 2010ko munduko musika kategoriako artista onena.

Musikan kategoriak sortzeak usu hertsitzen badute artisten mundua, Taharen kasuan, Munduko musiketan sartzea kasik iruzur bat da. Berez, funtsean, munduko musika kategoria bera iruzur bat den bezala. Izendapen horretan urruneko hirugarren mundu bateko soinu exotiko baten hautematen baita anitzetan. Funtsean, Heletan Tahak eman kontzertura hurbildu ziren batzuk harrapatu zituen. Dantzatzeko gogoa ematen duten ekialdeko doinu eztiak espero zituzten, baina rocka izan zuten. Eta hori Ingalaterran, hasteko, ongi ulertua dute, pozten da Taha bera. Han rock artista bezala baitute aurkezten. Rock musika da Rachid Taharena, nahiz eta arabieraz kantatu. Nahiz eta lautea bezala, ekialdeko instrumentu zenbait izan, nahiz eta kantu tradizional batzuk egokitu. Bere erreferentziek mundua bezain zabalak ditu, hori egia. «Nire eraginak? Motörhead», dio irriz. Eta segitzen du zerrenda. Jose Torres Garzon Pepe Pinto, Jose Monge Cruz Camarón de la Isla, «munduko kantaririk hoberena da. Munduaren mina da».

Aljeriako Oran hirian sortu eta, 10 urtetan joan den Frantziara bizitzera. Eta geroztik hor bizi da. Frantziako kontradikzio guztien azpitik, eta gainetik. Entseatzen, entseatzen da. Bere azken diskoa horregatik du Bonjour (egun on). Izen bereko kantu baikorra bezala. Irri bat, gomita bat bezala: «Irratietan entzuteko modukoa», hark berak ironikoki zehazten duen bezala. Baina hara: «Kanadan diskoa bikaina dela erran didate. Frantzian, aldiz: «Bai, baina…» izan dute erantzun».

Arrazoiak erabat politikoak direla argi du: «Aljeria zintzurretik ezin irentsia dauka Frantziak. Aljeria ez zen edozein herri. Frantziako departamendu bat zen. Niri ere galdetu didate Immigrazioko idazkari izatea, baina ni ez naiz prostituta bat. Ez naiz Rama Yade, ez Fadela Amara». Biak etorkinen alabak dira, biak Frantziako gobernurentzat lanean ari dira: «Aitzakiak dira. Jartzen dizkigute beltzak eta arabiarrak baina ez dute deusentzat balio». Tahak, ordea, hautsi-mautsirik gabeko musika du injustizia eta arrazakeria guztien erantzun: «Galtzak ez ditut jaisten. Joan daitezela antzarak ferratzera!». Musika eta iraultza: «Iraultzaren alde naiz. Arazoa da musikarekin bakarrik biziki zaila dela. Gure parean faxistak ditugu, gero eta indartsuagoak direnak». Gogorrak ditu hitzak, bere sufrimenduaren araberakoak.

Ahalmen urrikoen pareko

Iraultzaren zain, anartean, segitzen du salatzen. Telebistan ere bai, gonbidatua den apur horietan. Anekdotak frogatzat. Behin, telebistako emankizun batera gonbidatu zutela ongi gogoan du. Ondoan, Bixente Lizarazu futbolari ohia zuen baita Joko olinpikoetan parte hartu zuen ahalmen urriko kirolaria: «Negarrez ari zen kirolaria. Zango faltsua zuen eta horregatik, New Yorkeko aireportuan hiru oren laurdenez atxiki zuen poliziak. Hori erraiterakoan, denak tristatu ziren. Eta nik ihardetsi nien: Afrikarrak, arabiarrak, zenbat denboraz atxikitzen dituzte? Aste oso batez. Nor da zinez elbarritua? Eta Lizarrazu erdi haserre niri so. Baina niri bost axola. Bera bezalakoak egunero entzuten ditut».

Badu beste egitekorik. Salatzen segitzen duen bezala, segitzen du lanean. Frantziatik haratago. Bere musika lau haizeetara zabaldua da eta kolaborazio anitz eginak eta egiten ditu. Les Têtes Raides, Rodolphe Burger, U2 eta Colplay taldeen produktore Brian Eno musikaria, Patti Smith edo Damon Albarn eta bere Africa Express, hauekin dabil. Eta horrek guztiak ekartzen dio aitzina segitzeko erregaia: «Plazera beti hor da, oholtza gainera igotzen naizelarik, jendea ikusten dudalarik». Mahmoud Darwish (1941-2008) poetari egin omenaldi batean ere partaide, Palestinan baditu zenbait proiektu: «Antisionista naiz eta fuck you! erraten diet» Hark berak ingelesez erranik: «Eta hori ordaintzen dudala? Ordaintzen dut, bai», beti bezain zaintsu. Argi eta itzal artean.

Beste anekdota bat botatzen du, ezin isildua. Emazteari lotua du hori. Barbara d’Alessandri argazkilariari ezkondua da. Lehen aldian ikusi eta segituan maitemindu eta: «Eta zer erran zioten beren burua ezkertiartzat dutenek? Zer ari zara arabiar horrekin. Bortxatuko zaitu, drogatua da, Ihesa dauka… Nora arte doan humanoen pitokeria! Geroztik badu hiru urte eta erdi elkarrekin gaudela». Elkarrekin ari dira ere lanean. Koraneko testuak idatzi nahi ditu emazte baten sexuaren ondoan, eta hori argazkietan hartu Tahak. Segur da ederra izanen dela, jakin arren eskandalua sortuko duela horrek.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)