Jaurlaritzak bere gain hartuko du Helduren lana

Atzerritarrei laguntza juridiko-soziala emateko zerbitzuaren kontratua luzatzea «ezinezkoa» dela nabarmendu du Zabaletak Eredua aldatuz «bikoiztasunak» saihestuko dira Gizarte Gaietarako sailburuaren ustez

Berria, Jon Rejado. Gasteiz , 13-07-2010

Hil honen 16tik aurrera, Eusko Jaurlaritzako Gizarte Gaietarako Sailak bere gain hartuko ditu Helduren ardurak. Hala ere, atzerritarrei laguntza juridiko-soziala emateko zerbitzuaz arduratzen zen enpresaren kontratua luzatu ez arren, zerbitzu hori ez dela desagertuko nabarmendu du Gemma Zabaletak, Gizarte Gaietarako sailburuak. «Zerbitzuaren kudeaketa mota aldatuko da, zerbitzua modu osoagoan emateko».

Ostiral honetatik aurrera, Heldu zerbitzuaren kontratua bukatzen denetik, kudeaketa sistema berriak oinarrizko gizarte zerbitzuetan eragingo du hasiera batean. Zerbitzu horiek laguntza behar duten atzerritarrentzat sarbidea izaten jarraituko dute, baina kasuak Heldura bideratu beharrean haiek arduratuko dira eskaerari erantzuteko arduraz, hasiera batean. Zalantzarik izanez gero, Immigrazio Zuzendaritzaren menpe dagoen Biltzen zerbitzura deitzeko telefono zenbaki bat izango dute, egoera argitu ahal izateko.

Kudeaketa sistema berrian, elkarteekin duen harremana sendotzen saiatuko da Jaurlaritza. Hain zuzen ere, hirugarren sektoreko entitate batzuek laguntza osoa eskaintzen dute, aholkularitza juridikoa barne. «Lan hori egiten duten eta lan horretan sakondu nahi dutenei laguntza tekniko eta ekonomiko gehiago emateko helburua dugu».

Ostiral honetan bertan, eredu aldaketari ekingo dio Jaurlaritzak, eta hiru hilabeteko epea zehaztu du Zabaletak aldaketa guztiz gauzatzeko. Jaurlaritza Heldu-ren 33.600 txostenak jasotzen ari dela azaldu du sailburuak, eta, jaso ahala, aztertu egiten dituztela gaineratu du. Aldaketa egin bitartean kasu larrienek laguntza telefonoz edo helbide elektronikoz eskatzeko aukera izango dute.

Kontratu «luzaezina»

Estudios y Proyectos Juridicos SM Heldu enpresa arduratzen zen orain arte zerbitzua kudeatzeaz. Haiekin hitzartutako kontratua «luzaezina» dela errepikatu du Zabaletak hainbatetan. Sailburuaren arabera, ez ditu betetzen Eusko Jaurlaritzak kontratuak egitean zehazten dituen hainbat baldintza.

Enpresa bat kontratatzean, enpresa horrek beste zerbitzu batzuk eskaini behar ditu kontratatutako horrez gain. Helduren kudeaketaz arduratzen zen enpresa, ordea, horretarako «propio sortua» zela azaldu du Zabaletak. Horrez gain zerbitzua emateko erabiltzen duen azpiegitura ez da enpresarena, administrazio publikoarena baizik. Kontratu horrek Eusko Jaurlaritzaren irizpide batzuk urratzen dituela gaineratu du Zabaletak, baina ez du aztertu nahi izan aurreko gobernuak irregulartasunik egin zuen edo ez aipaturiko enpresa kontratatzean.

Heldurekin «bikoiztutako» zerbitzuak ematen direla nabarmendu du Gemmak Zabaletak. Izan ere, sailburuaren arabera, Helduk etorkin atzerritarrei ematen dien zerbitzua administrazio publikoak bertako biztanleei ematen die egun. «Zerbitzu sozial unibertsalak nahi ditugu, etorkinak direnei eta ez direnei ere emateko».

Datuak

BI KOMUNIKAZIO BIDE

Beren egoerari buruz zalantzak dituzten etorkinek, oinarrizko gizarte zerbitzuez gain, bi bide izango dituzte zalantzak argitzeko:

Telefonoa. 900-84 01 26.

Helbide elektronikoa. immigrazioa-asesoria@ej-gv.es

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)