«Inprobisatzea» leporatu diote langileek Zabaletari

Gizarte Gaietarako Sailak proposatutako aldaketa «nahikoa ez den adabaki bat» dela dio SOS Arrazakeriak

Berria, , 13-07-2010

J. R.
Gasteiz

Helduk utziko duen hutsunea betetzen saiatzeko Eusko Jaurlaritzak proposatu duen kudeaketa sistema «erabateko inprobisaziotzat» hartu dute aipaturiko zerbitzuko langileek. Gemma Zabaleta sailburuak atzo aurkeztu zuen sistemari buruzko informazio osoa izan ez arren, gauzak gertatu ahala erabakiak hartzea leporatu diote Eusko Jaurlaritzari.

Helduren hutsunea betetzeaz arduratuko diren oinarrizko zerbitzuek jasoko duten laguntza juridikoarekin harrituta agertu dira langileak. Zabaletak azaldutakoaren arabera, Biltzen zerbitzua arduratuko da gizarte zerbitzuetako langileen zalantzak argitzeaz, baina langileek jakinarazi dute Immigrazio Zuzendaritzaren menpe dagoen zerbitzu horretan ez dagoela abokaturik. Integraziorako eta kulturen arteko bizikidetzarako euskal zerbitzua da Biltzen, eta, Eusko Jaurlaritzaren webgunearen arabera, euskal gizartean dauden kultur komunitateen arteko elkarrizketa bizkortzeko helburuarekin sortu zen.

«Ez dakite zer egin behar duten zerbitzuaren erabiltzaileekin, eta ez dakite zer erantzun behar dieten galdezka ari diren udalei», azaldu du Miriam Sanchez Heldu zerbitzuko langileak.

Atzerritarrei laguntza juridiko-soziala emateko zerbitzuaren kontratua aste honetan bukatuko dela jakinda, erabiltzaileak nahastuta daudela azaldu du SOS Arrazakeria elkarteak, oraindik ere ez dakitelako nora jo beharko duten edozein zalantzaren aurrean. «Heldu programa mantentzeko, administrazioaren egituran kokatzeko, borondate politikoa baino ez da falta», nabarmendu du.

SOS Arrazakeriak funtsezkotzat jo du Heldu. Gero eta biztanle atzerritar gehiago daudela nabarmendu du, eta atzerritarren egonaldiak arautzeko baldintzak gero eta gogorragoak direla gaineratu. Bide batez, Eusko Jaurlaritzak hirugarren sektoreko elkarteei eman nahi dien garrantzia kritikatu du. Elkarteek laguntza eman dezaketen arren Helduk ematen duen laguntza «goi mailakoa» dela nabarmendu du, bulegoetan zein zalantzak gerora argitzerakoan.

Bide batez, Helduk gordetako txostenak eskuz aldatzean gerta daitekeenaren harira, kezka azaldu du SOS Arrazakeriak. «Zabaletak irekitako txostenei buruz emandako azalpen lausoek ez gaituzte batere lasaitu». Helduk dituen 33.600 txostenen artetik 1.600 «irekita» daudela adierazi zuen sailburuak. Ordea, askoz gehiago direla gaineratu du Miriam Sanchezek.

Eusko Jaurlaritzaren eta Helduren kudeaketaz arduratzen den enpresaren arteko elkarrizketen berririk ez dutela jakinarazi dute langileek. Zabaletak adierazi du Jaurlaritzak «bitartekaritza lana» egin duela Helduko 23 langileen egoera hobetzeko, behargin horiei tokia bilatu ahal izateko kudeaketa eredu berriaren barruan. Sanchezek, ordea, azaldu du ez dutela horren berri, eta enpresak ere iragan ostiralera arte horren gainean deus ez zekiela.

Elkarretaratzea, Bilbon

Jaurlaritzaren jokabidea salatu eta Heldu zerbitzua itxi ez dezaten eskatzeko, elkarretaratzera deitu dute Bilbon datorren larunbaterako. Elkarretaratzea Arriaga plazan izango da; Helduren itxierari ez lelopean, bertako langileak izango dira, eta hainbat elkarteren sostengua jasoko dute.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)