Etorkinak babes gabe utziko ditu Heldu ixteak, langileen ustez

«Politika kontserbadorea» egitea eta gizarte zerbitzuetan «atzerapausoa» ematea egotzi diote Eusko Jaurlaritzari Zerbitzua ken dezaten saihesteko neurriak iragarri dituzte Helduko 23 beharginek

Berria, Maite Asensio. Bilbo, 02-07-2010

Uztailaren 15etik aurrera, EAEko atzerritarrei laguntza juridiko-soziala ematen dien Heldu zerbitzu publikoak Bilbon, Gasteizen eta Donostian dituen bulegoetako saretak ez dira berriro irekiko. Hala ebatzi du Gemma Zabaleta Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Gaietarako sailburuak, baina bertan lan egiten duten 23 pertsonek erabaki horren aurkako borroka hasi dute. Sinetsita daude Heldu zerbitzua beharrezkoa dela; izan ere, hori kenduz gero etorkinak «erabateko babesgabetasun egoeran» geratuko direla salatu dute.

«Argi gera dadila: zerbitzu publiko bat desegingo dute, alde bakarretik eta baldreski, eta Helduren erabiltzaileekiko errespeturik gabe». Hitz horiek erabili zituen atzo Silvia Gutierrez Helduko koordinatzaileak, zerbitzuko hainbat langilerekin batera Bilbon egindako agerraldian. Helduren itxiera saihesteko, politika eta lege esparruetan neurriak abiatuko dituztela iragarri zuten. Halaber, zerbitzuaren aldeko sinadura bilketa hasi dute; dagoeneko hainbat eragile sozial, politiko eta sindikalek adierazi diete sostengua. «Heldu zerbitzua kentzeak gizarteko sektore zaurgarrienetako bat babesik eta laguntzarik gabe uztea dakar, krisi ekonomiko larriaren abagunean, zeinetan haien burua ezkertiartzat duten gobernuek enpresen eta finantzen sektoreak babesten dituzten», adierazi dute manifestu batean.

2002an eratu zuen Jaurlaritzak Heldu zerbitzua, Eusko Legebiltzarrak etorkinentzako harrera egitura sor zedin agindu ondotik. Udaletako gizarte zerbitzuekin koordinatuta, etorkinen egoera irregularrak saihestea du helburu; hartara, baimenak lortzeko eta lana aurkitzeko aholkularitza juridiko espezializatua eskaintzen du Helduk.

Atzerritarrekin kezkatuta

Langileek «kezka sakona» agertu dute zerbitzuaren aholkularitzarik gabe geratuko diren atzerritarren egoeraren inguruan. «Helduren itxieraren ondorioz, etorkinek gizarte zerbitzuekin duten mendetasuna kroniko bihurtuko da», azaldu du Gutierrezek. «Etorkinek sostengua behar dutela ukatzea, agerikoa dena ukatzea da», gaineratu du Miriam Sanchez Helduko langileak; «pertsonekin egiten dugu lan, badakigu zein adore duten, eta nolako samina jasaten duten. Ez dituztelako ezagutzen utzi dituzte babes gabe. Jaurlaritza huts egiten ari da, eta bidegabeki jokatzen».

Ildo horretan, Helduren itxiera justifikatzeko Enplegu eta Gizarte Gaietarako Sailak emandako argudioak banaka deuseztu dituzte langileek. Gutierrezek adierazi duenez, Zabaletaren erabakiak «politika kontserbadoreen aplikazioari» erantzuten dio, eta «zerbitzu publikoen prestazioan atzerapausoa» dakar. Iragan astean Legebiltzarrean emandako azalpenetan, Zabaletak esan zuen EAEko Gizarte Zerbitzuen Legeak ez duela barneratzen Helduk ematen duen zerbitzua. Gutierrezek, ordea, gogora ekarri du lege hori garatzeko araudiak egiteke daudela eta, beraz, «Helduk baduela lekua borondate politikoa izanez gero».

Zerbitzua kentzeko erabakia aldebakarrekoa izan dela salatu du. Gutierrezen hitzetan, itxiera «inposatua» da, eta langileek proposatutako aukerak ez ditu aztertu ere egin Jaurlaritzak. Langileei ere ez diete bestelako lanposturik eskainiko; haiek, gainera, hedabideen bitartez izan zuten erabakiaren berri: «Erabiltzaile eta langileekiko begirune falta handia izan da».

Abian diren 34.000 txostenekin zer gertatuko den ez dakite beharginek

Langileen ustez, Helduk emandako aholkularitza zerbitzua GKEen esku uztea «ez da egingarria»

M. A.
Bilbo

Helduk orain arte emandako aholkularitza zerbitzua ez da Eusko Jaurlaritzaren barruko beste erakunderen batera lekualdatuko, beraz, langileek atzo adierazi zuten ez dakitela zer gertatuko den egun abian diren 34.000 txostenekin. «Ez digute esan nor arduratuko den dokumentazio horretaz. Ez da horri buruzko protokolorik ezarri», esan zuen Miriam Sanchez Helduko langileak.

Aurreikusitakoaren arabera, Jaurlaritzak jasoko ditu agiri guztiak uztailaren 16an; horren harira, kezka agertu zuten atzoko agerraldira langileei sostengua ematera joandako zenbait eragilek. Izan ere, paperik gabe dauden hainbat etorkinen datuak ageri dira dokumentu horietan, eta noren esku geratuko diren ez jakiteak segurtasunik eza hedatu du atzerritarren artean. Helduko beharginen arabera, erabiltzaileek eskubidea dute dokumentazioa eskuratzeko, baita Jaurlaritzari txostenak itxi ditzan eskatzeko ere.

Baina horrek ez du arazoa konponduko, aholkularitza zerbitzurik gabe geratuko direlako milaka etorkin. Enplegu eta Gizarte Gaietarako Sailak iradoki du GKEak (gobernuz kanpoko erakundeak) ardura daitezkeela laguntza hori emateaz, baina, langileen ustez, «ez da egingarria». Helduk zerbitzu juridiko espezializatua eskaintzen duela gogorarazi du Iñigo Arkautek: «Ezin dugu lan hori GKEen eta gizarte langileen bizkar gainean utzi, besteak beste, haiei ez dagokielako atzerritartasun legedia aztertzea».

Helduren eta GKEeen lana «elkarren osagarria» izan dela erantsi du, baina «batak ez du bestea ordezkatzen». Halaber, udaletako eta mankomunitateetako gizarte zerbitzuetan eragingo duen hutsunea nabarmendu dute langileek, erakunde horiekin sinatutako protokoloak bertan behera geratuko baitira.

Gainera, Helduk eskainitako zerbitzua pribatizatzeak ekar ditzakeen ondorioez ohartarazi dute. Izan ere, Silvia Gutierrez koordinatzaileak azaldu duenez, Heldu kenduta aurreztutako dirua elkarte pribatuetara emateko asmoa du Jaurlaritzak, etorkinentzako laguntza juridikorako programak abia ditzaten. «Banaketa horrek immigrazioaren gaineko euskal politika publikoen amaiera ekarriko du. Gainera, atzerritarren zaurgarritasunaz baliatuko diren mafiak sortuko dira». Hain justu, mafien hedapena izan zen Heldu sortzean erabilitako argudioetako bat.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)