Iruñeko udaltzainen aurkako auzia, aurrera

Atzerritar batek polizia etxean jasan tratuan delitua egon zen aztertzeko deklaratuko dute udaltzainek

Berria, , 25-06-2010

Erredakzioa.
Gasteiz

Iruñeko udaltzain batzuk irailean atxilo hartutako etorkin atzerritar gazte bati egindako erasoaren auziak bide aldaketa izan du. Gertatutakoa falta bezala epaitzea erabaki zen hasiera batean, baina salatzaileak eta SOS Arrazakeriak aurkeztutako errekurtsoa aintzat hartu du Nafarroako Probintzia Auzitegiak, eta udaltzainen jokabidean deliturik egon al zen aztertzeko erabakia hartu du.

Aurretiazko eginbideak ireki, eta udaltzainei deklarazioa hartzearen alde egin du Nafarroako Auzitegiak, epaitu beharrekoa falta bat edo delitu bat den zehazteko. Nafarroako SOS Arrazakeriaren ustez, jarrera horrek agerian uzten du auzitegia delitua egotearen aukera aztertzen ari dela, eta postura horrek Iruñeko Udaltzainen posturarekin talka egiten duela nabarmendu du. «Udaltzaingoak tratu ezegokitzat jo zuen gertatutakoa, eta falta arina egiteagatik zigor espedientea ireki zuen», gogorarazi du SOS Arrazakeriak.

2009ko urriaren 8an SOS Arrazakeriak eta ustez tratu txarrak jasan zituen gazteak jarritako salaketaz gain, beste delitu baten zantzuak ere egon daitezkeela ohartarazi du elkarteak. Polizia etxe barruan gertatutakoa erakusten duen bideoa udaltzainek epailearengana epe barruan ez zutela eraman kritikatu du SOS Arrazakeriak. «Bideoa ez zioten epaileari eman salaketa jarri genuen arte, Udaltzaingoaren eta Alkatetzaren eskuetan zegoen arren», salatu du elkarteak, atzo bidalitako prentsa ohar baten bitartez.

Jokabide hori 4/1997 lege organikoaren aurka doala kritikatu dute. 72 orduko epea ematen du, poliziak zigortzeko moduko ekintza bat grabatzen den unetik epaileari ematen zaion arte. Ordea, 2009ko irailaren 12an gertatu ziren ekintzen grabazioa ez zioten epaileari eman agindutako epean. SOS Arrazakeriaren arabera, salaketaren ondorioz eman zioten, epaileak proba bezala eskatu zuenean.

Garrantzia kentzeko asmoa

Iruñeko Udala gertatutakoari «garrantzia kentzeko» ahalegina egiten ari dela uste du etorkinen eskubideen alde lan egiten duen elkarteak. Kasua epaitegietan dagoenez gertatutakoa ukatzen ez duten arren, Alkatetza eta UPNko zinegotzien jarrera argia dela kritikatu dute. Ekainaren 18ko Iruñeko Udaleko Osoko Bilkuran polizia etxean gertatutakoa «gehienez lesio delitu bat» izango zela esan zuen Ana Elizalde UPNko bozeramaileak, epaitegietako iturriak aipatuta.

Horrez gain, Nafarroako SOS Arrazakeriak elkarteak haien lanari «prestigioa kentzeko erasoak eta saioak» gertatu direla jakinarazi du. Elkarte hori izan zen ekainaren 9an polizia etxe barruan grabatutako irudien berri eman zuena, eta horren bitartez Udaltzaingoaren lana ezbaian jarri nahi izatea leporatu diote. «Horrelako ekintzak egiten dituzten udaltzainak, eta jakin arren salatu ez dituztenak; horiek dira Udaltzaingoari prestigioa kentzen diotenak», azaldu dute , kontra eginez.

Bide batez, zabaldu zuen bideoa ez dagoela manipulatuta nabarmendu du SOS Arrazakeriak. Erasoa gertatu zen unea erakusten duela azaldu du. Beste irudi batzuk egonez gero, epaileari eman behar zaizkiola gogorarazi du. «Oso larria litzateke justiziari frogak ezkutatzen egotea». Horrez gain, bideoa zabaltzeagatik «gogo txarrez» jokatu dutela kritikatu izan diote egunotan elkarteari, baina elkarteak guztiz ukatu du hori.

Iruñeko Alkatetzatik egindako adierazpenak ere gogor kritikatu ditu elkarteak. Oraindik epaitegietan dagoen gertakari baten bideoa zabaldu izatearen aurka agertu dira, esaterako, udaleko ordezkariak. SOS Arrazakeriak azaldu du irudietan ikusten denaren aurka dagoela, eta ez irudiak zabaltzearen kontra. Horrez gain, Udaltzaingoak zein Alkatetzak esku artean zituzten irudiak epaileari eman ez izana kritikatu du.

2009ko irailaren 12ko gertakarien ondorioz Udaltzaingoak informazio espediente bat ireki zela onartu du SOS Arrazakeriak, Alkatetzak jakinarazi zuena berretsiz. Dena den, ñabardura bat egin nahi izan du: diziplina espedientea salaketa jarri ostean abiarazi zuten.

Fiskala eta arartekoa

SOS Arrazakeriak polizia etxe barruan gertatu zena salatzeko eskubidea duela nabarmendu du, haien elkartean jasotako salaketa bat dela gogoraraziz. Aurrera egingo dutela azaldu du. Ildo horretatik jo du Nafarroako Auzitegi Nagusiko fiskalarengana, grabatutako bideoa 72 orduko epean epaileari eman ez izateko arrazoia iker dezan.

Horrez gain, Nafarroako Arartekora jo dute, eta gertatutakoa ikertzeko eskatu diote erakunde honi ere. Kasua epaitegietan dagoenez arartekoak ez du eskumenik gertaera ikertzeko, baina «arazo orokorrak» ikertzeko aukera du. Horrez gain, Arartekoak berriro gogorarazi dizkio Iruñeko Udalari atxilo hartutako pertsonei tratu zuzena emateari buruzko aholkuak.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)