Heldu zerbitzua ez kentzeko eskatu dute etorkin taldeek

Larria iruditzen zaie etorkinen arreta espezializatua gizarte zerbitzuen antolaketa berritik kanpo geratzea

Berria, , 23-06-2010

Erredakzioa.
Donostia

Etorkinen alde lanean ari diren taldeek Eusko Jaurlaritzak etorkinentzako Heldu zerbitzua ixtea salatu dute. «Oso akats larria iruditzen zaigu etorkinentzako arreta espezializatua gizarte zerbitzuen antolakuntza berritik kanpo uztea», adierazi dute. Haien ustez, Jaurlaritzak ahalegina egin beharko luke Heldu programa ez kentzeko eta etorkinen alde lanean dauden taldeak bazterrean ez uzteko.

Sos Arrazakeriak, Esperanza Latinak, Emausek, Bidez Bidek eta Banda Batek salatu dute, besteak beste, Jaurlaritzaren erabakia. 2002an jarri zen martxan Heldu zerbitzua. «Orduan bezala, gaur egun atzerritarren legeak oso zorrotzak dira». Hala, beharrezkoa ikusten dute programarekin jarraitzea. «Are gehiago, etorkinen kopurua hirukoiztu egin dela kontuan hartzen badugu».

Hala, gogorarazi dute Heldu programak 30.000 dosier zituela esku artean. «Kopuru handia da hori, eta arazoak eragingo ditu. Bidean geratuko dira ehunka eskari, agiri eta dokumentu». Beraz, zerbitzua kentzekotan, era mailakatuan egin beharko litzatekeela uste dute. «Ezinezkoa da pentsatzea beste erakunde edo elkarte batzuek Helduk egiten zuen lanarekin jarraituko dutenik, etorkin bakar bat ere kaltetu gabe. Urte hauetan argi geratu da gizarte erakundeak eta Heldu eta gisako zerbitzuak osagarriak direla».

Erabakiak, gainera, ondorio «larriak» izango dituela uste dute. «Beldur gara erabaki honekin ez ote diren ugarituko etorkinei laguntza eskaintzen dieten aholkulari eta abokatu iruzurgileak».

Espainiako Gobernuak EAEn dituen ordezkaritzen lana ugaritu egingo dela ere nabarmendu dute: «Etorkinen alde lanean ari garen taldeak ere zalantzaz beteta geratu gara».

Etorkinen aldeko lanean ari diren talde horien guztien ustez, Ikuspegi, Biltzen, Heldu eta gisa horretako programa eta zerbitzuek asko lagundu dute etorkinen integrazioan. «Beharbada, gizarte politiken berrantolaketak horien hainbat funtzio berraztertzea ekarri beharko luke, baina inola ere ez horiek kentzea». Hala, erabakia bertan behera uzteko eskatu diote Eusko Jaurlaritzari, eta etorkinen integrazioa bultzatzen jarraitzeko etorkizunean.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)