AEBetako Nebraskako hiri batean paperik gabeko etorkinen aurkako lege proposamena babestu dute herritarrek galdeketa baten bidez; legeak etxebizitza alokatzeko eta lan egiteko eskubidea ukatzen die.

Ongietorririk ez etorkinentzat

Berria, , 23-06-2010

Ane Urrutikoetxea.

Beldurrak eta mesfidantzak bultzatuta, AEBetan immigrazioaren aurkako lege berri bat proposatu dute. Nebraskako Fremont hiriak etorkinak mehatxutzat hartu, eta etxebizitza alokatu eta lan egitea debekatuko dien lege ekimena egin dute. Proposamenak ziurrenik aurrera egitea lortuko ez duen arren, halako neurriak hartzearen aldeko hirugarren hiria litzateke AEBetan, Texas eta Pennsylvaniarekin batera.

Etorkin kopurua handitzea ekidin nahi dute Fremonteko hiritarrek. Haien aburuz, latinoamerikarrak lanbideak bereganatzen ari dira, eta paperik gabe daudenak bertako ondasunak bereganatzen dituzte. Skip Edwards Fremonteko alkatearen esanetan, legea onartua izan dadin lan egingo dute, hiriaren nahia bete egin behar delako. Latinoamerikako gobernuek salatu dute neurriak «arrazistak» direla. Legearen aurkako taldeek ere neurriak konstituzioaren mugan daudela salatu dute. Amerikako Askatasun Zibilen Batasunak agindu du legea ez dela aurrera aterako, helegitea jartzeko asmoa dutelako: «Zaila izango da 25.000 biztanlek herrialde osoa beren alde ipintzea». Hiritarren %45ek bozkatu zuten erreferendumean, eta horietatik %57k egin zuten alde.

Legea aurrera ateraz gero, alokairuan bizi diren etorkinen egoera ikuskatu beharko dute, eta paperak eduki ezean ezingo dute alokairurik izan. Horrez gain, inguruko enpresek kontrataturik dituzten etorkinen datuak egiaztatu beharko dituzte datu base federalean, E-verify programaren bitartez. Lan egiteko baimena ez dutenak bota egin beharko dituzte.

Debekuen alde

Arizonako lege polemikoak sortutako oihartzunak sortu du Nebraskako ekimena. Hilabete honetan Arizonakoa indarrean ezarri zen, eta bertan adostutako neurriak haserreak eragin ditu. Arizonako legeak baimentzen du Poliziak susmagarri den etorkin oro atxilotzea eta haren egoera ikertzea.

Lege horren aldekoek diote azken urteetan igo den krimen kopuruari aurre egiteko neurria dela, eta etorkinei leporatzen diete horren eragileak izatea. Connecticuteko Quinnipiaceko Unibertsitateak egindako inkestak dio estatubatuarren %48 beren estatuan antzeko lege bat onartzearen alde egongo liratekeela.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)