Aniztasunaren bilgune

'Munduko jendeak' jaialdia egingo dute Bilbon, gaurtik igandera bitarte; kulturen arteko zubia izango da

Berria, , 23-06-2010

Erredakzioa.
Bilbo

Etorkin gehien duen Euskal Herriko hiria da Bilbo, eta horregatik aukeratu dute azken lau urteetan Munduko jendeak jaialdiaren kokagune. Gaur hasi eta igandea bitartean, etorkinak, hemengo herritarrak eta kultura desberdinak uztartzeko bidea egin nahi dute, eta ekitaldi sorta zabala prestatu dute hiriko hainbat areto eta txokotan. Helburua garbi dute antolatzaileek: Bilbon bizi diren etorkinen eta hemengo herritarren arteko zubiak sendotzea. Bide horretan, kultura eta festa uztartuko dituzte egunotan.

Hiriko hainbat gunetan egingo dute jaialdia: Bidebarrieta liburutegian, Boluntan, Carmen teatroan, Areatzan, Capitol zinema aretoetan eta metroko geltokietan. Horietako bakoitzean hainbat ekitaldi prestatu dituzte egunotarako. Esaterako, jaialdia Bidebarrietan hasiko dute, gaur, 19:00etan, Mujeres latinoamericanas ikuskizunarekin. Musika, poesia eta dantza uztartzen dituzte lan horretan. Barakaldoko eta Areatzako metro geltokietan ere izango dira musikari lotutako ekitaldiak. Barakaldon hip hop doinuak izango dira, eta Areatzan El hombre de gris… quién eres tú ikuskizuna emango dute.

Izan ere, kultur aniztasunaren zubi lana egiteko, ezinbestekotzat jo dute antolatzaileek jaialdia hiriko kaleetara eramatea, eta metro geltokiak baliatuko dituzte horretarako. Bihar San Mames eta San Inazio geltokietan izango dira ekitaldiak, eta ostiralean, Abandoko eta Zazpikaleetako geltokiek hartuko diete lekukoa.

Areto itxiei dagokienez, ostiralean egingo dute jaialdiko ekitaldi nagusietako bat, Carmen teatroan: Munduko Jendeak II. film laburren lehiaketako sariak banatuko dituzte. Ekitaldian saritutako lanak proiektatuko dituzte, 18:00etatik aurrera.

Capitolen eta Abandon hainbat alor jorratzen dituzten filmak emango dituzte. Capitolen, emakumea ardatz duten Hiyab eta Mon Beau Sourire lanak, haurrak ardatz dituzten El Viaje de Said eta Mofetas eta kultur aniztasuna ikuspegi politiko eta sozialetik jorratzen duen The Mexican Dream eskainiko dituzte, besteak beste. Abanton, berriz, Islamujer eta Soy Meera Malik eta Historia de un refugiado palestino filmak. Argibide gehiago eskuratzeko: www.gentesdelmundo.org.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)