Immigrazio legearen aurka salaketa jarri du Mexikok

Uztailaren 29an sartuko da Arizonan indarrean Konstituzioaren aurkakotzat jotzen duten legea

Berria, , 24-06-2010

Erredakzioa.

Arizonako Immigrazio legeak arraza bazterkeria gauzatzen lagunduko duelako, erabaki horren aurka dagoeneko giza eskubideen aldeko hainbat erakundeek ipinitako salaketara batzea erabaki du Mexikok. Mexican American Legal Defense and Educational Fund, National Immigration Law Center eta American Civil Liberties Union erakundeekin bat etorri da legea Konstituzioaren aurkakotzat jotzerakoan, eta hura indarrean sartzea debeka dezatela galdegin du. «Mexikok bere herritarrak defendatzeko eginkizuna du, baita gizabanakoen jatorri etnikoa bazterkeria ekintzak egiteko irizpide gisa erabil ez dezatela ere». Gauzak horrela, «oinarrizkotzat eta betebeharrekotzat» jo du mexikar ororen giza eskubideak errespetatzea, Arizonan edota beste herrialderen batean izan.

Phoenixko Arizona Gorte Federalean sartu du salaketa, eta amicus curiae gisa aurkeztu du, hau da, Auzitegiko Lagun legez; hala, auzian akusatzaile gisa parte hartzeaz gain, aukera izango du hura daraman epaileari behar besteko informazio bideratzeko.

Gobernadorea kexu

Aldi berean, Arizonako gobernadore Jan Brewer «desilusionatua» azaldu da hegoaldeko «bizilagun eta lagunek» erakutsi duten jarrerarengatik. Legeak Konstituzioan jasotako puntu bat bera ere ez duela urratzen gaineratu du.

Epeak behar bezala jarraituz gero, datorren uztailaren 29an sartuko da indarrean SB1070 legea Arizonan. Apirilaren 23an onartu zuten, eta kalapita andana izan da orduz geroztik; paperik gabeko immigrazioa delitu gisa sailkatuko baitute aurrerantzean. Poliziek, arrazoizko susmoak edukitzeagatik bakarrik, pertsona bat atxilotzeko ahalmena izango dute, baita haiek lanerako hartu edota laguntzen dituztenak ere. Datu ofizialen arabera, 460.000 inguru paperik gabeko daude bertan, gehienak mexikarrak

Ameriketako Estatu Batuetan immigrazioa arautuko duen lege baten faltan, bide bera jarraitu dute beste hainbatek ere; Texas, Pennsylvania eta Nebraskak, kasu. Azken horretan, etorkinei etxebizitza alokatzea debekatzea sostengatu dute herritarrek galdeketa bidez.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)