Zigor bikoitza giza salerosketaren biktimei

Berria, June Fernandez Bizkaiko SOS Arrazakeria elkarteko kidea, 03-06-2010

Komunikabideetan etengabe irakurtzen ari gara emakumeak esplotazio sexualerako erabiltzen dituzten trafiko sareen desartikulazioaren inguruko berriak. SOS Arrazakeria elkartetik arduraz begiratzen diegu berri horiei, ez baita informatzen emakume horiek zein egoeratan geratzen diren. Joan den astean, tamalez, gure susmoak baieztatu egin dira: emakume horiek, babestu baino gehiago, jazarriak izaten ari dira.

Albisteak esaten du: «Vudu errituak erabiltzen zituen sexu ustiapen sare bat desegina» (El País, 2010-05-24), balizko hemeretzi proxenetaren atxiloketaren berri eman ondoren: «Sarearen biktima ziren 54 pertsona ere atxilotu zituzten, atzerritarren legea urratzeagatik, ez baitzuten lan edo egoitza baimenik».

Jakin bagenekien Espainiako gobernuak biktimei baldintza gabeko babesa ematea baino gehiago mafien kontra egitea lehenetsi ohi duela. Askotan salatu dugun bezala, bai Giza Salerosketaren Kontrako Planak bai Atzerritarren Legearen erreformak zera ezartzen dute: emakumeari babesa emateko hark poliziarekin kolaboratzea erabaki behar du (hau da, proxenetak salatu), hausnarketa epe labur batean.

Gure ustez, onartezina da babesa emateko horrelako baldintzak jartzea. Baina are lotsagarriagoa suertatzen zaigu emakume horiek atxilotuak izatea, hala paperik gabeko etorkinen izaera sexu esplotazioaren biktimaren izaeraren aurretik jarrita.

Joan den astean jaso genuen berria ezagututa, honako galdera hauek egiten dizkiogu geure buruari: giza salerosketaren zenbat biktima izan dira atxilotuak, zenbati ireki zaizkie kanporatze aginduak, zenbat izan dira atzerritarrentzako barneratze zentroetan (CIE) espetxeratuak edo zenbat erbesteratu dituzte zuzenean. Espainiako Gobernuari datu horiek emateko eskaera egiten diogu eta, batez ere, jokabide hori gelditzeko galdapena egin dezan. Hau da, Poliziari, euren egoera administratibo hutsagatik, emakume horien kontrako neurririk ez hartzeko agindua eman behar du Gobernuak. Eta batez ere, Estatuak inolako baldintza barik, emakume horiei babesa eta behar beste laguntza bermatu behar die ezinbestez.

Atzerritarren legeak giza salerosketa ekiditeko ez du balio, eta guztiz kontrakoa egiten du: delitu hori elikatu. Emakume etorkinek ezin dute era autonomoan migratu, eta, horrela, mafia sareetara jotzen dute laguntza bila. Gainera, euren lan aukerak zaintza, garbiketa eta sexu zerbitzuetara mugatzen ditu legeak. Mafiek ematen duten lehenengo pausoa emakumeei pasaportea kentzea da, kontrolatuak izateko, eta ihes egiten badute dokumentaziorik gabe egoteagatik atxilotuak izango direlako beldurra sartzen diete. Are gehiago, Poliziara joz gero kanporatuak izango diren beldur dira, arrazoi guztiarekin. Ondorioz, gure ustez ezin da giza salerosketaren kontra egin Atzerritarren Legeak zalantzan jarri gabe. Legedi horiek emakume eta gizon guztien arteko berdintasuna lortzeko borrokan oztopo benetan larriak dira.

Azkenik, agintariei eta komunikabideei eskatzen diegu emakumezkoen salerosketari (gizarte-alarma sortzen duen errealitate dramatikoa) buruzko berrietan immigrazioa eta delinkuentzia bateratzen dituzten aurreiritziak ekiditea. Gogora dezagun giza salerosketa bezalako fenomenoek ez dutela zerikusirik gizarte hau eraikitzen ari diren etorkinekin, baizik eta delitu-ekintzen globalizazioarekin. Izan ere, atxilotuen nazionalizatzearen berri emateak migratzaileen inguruko aurreiritzi ezkorrak susta ditzake.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)