Anna Stern. Gizarte hezitzailea Etorkin adingabeei Debakoan eta beste zentroetan ematen dieten tratuaren inguruko txostenarekin, SOS Arrazakeriako kideak ika-mika sortu zuen martxoan. Gai horretaz mintzatuko da gaur, Oñatin.

«Ikusi ditut disolbatzaileen menpeko mutikoak arazoari euren kabuz buelta ematen»

Berria, , 12-05-2010

Edu Lartzanguren.

Itzultzaile eta gizarte hezitzailea da Anna Stern (Girona, Katalunia, 1979). Boluntario gisa hasi zen lanean SOS Arrazakeria erakundean. Gaur, taldearen haur eta gazteen atalean dabil. Martxoan, hautsak harrotu zituen, Debako adingabeen zentroan haur etorkinei tratu txarrak eman dizkietela ondorioztatu zuen txostenarekin. Menores inmigrantes: ¿Protección o exclusión? Centros de acogida: Deba, Elgeta… hitzaldia emango du gaur, 19:00etan, Oñatiko kultur etxean (Gipuzkoa).

Haur etorkinen gaia hezkuntza arazo gisa planteatu zen hasieran, baina gaur polizia ikuspegitik ari dira jorratzen. Zergatik gertatu da ikuspegi aldaketa hori?

Kontraesana dago, neska-mutiko hauetaz hitz egiteko erabiltzen ditugun hitzetatik bertatik. Atzerritar adingabeak esaten diegu, eta hor talka egiten duten bi ikuspegi daude: babestu beharreko haurrak dira, alde batetik, baina, bestalde, atzerritar gisa ikusten dira, hau da, muga eta polizia kontrol mekanismoen azpian jarri beharreko pertsonak legez. Kontraesan hori ikusirik, lapurretaren bat-edo gertatuz gero, larritasuna sortzen da, eta hortik aurrera zigorra lehenesten da haur hauekin, eta ezeren aurretik jarri behar zen hezkuntza bigarren mailan geratzen da.

Zuk gaztetxookin egin duzu lan, eta ezagutzen dituzu. Gaiztagin edo gizartearen biktima… nolakoak dira karikaturez harago?

Bakoitzak bere bizkarzorroa darama; egoerak ezberdinak dira, eta motibazioak. Gure bulegotik iaz pasatu ziren gehienak hemen geratu nahi duten neska-mutikoak dira. Horietako askok Debako zentrotik ihes egin zuten. Ezer baino lehen, ikastaroak egitea eskatzen zuten, eta lege-egoera konpontzea, badakitelako adingabeak izanda agiriak lortzeko eskubidea dutela.

Hezkuntza ukatzeak ez dirudi etorkizunera begirako neurri zuhurra. Zergatik hartu dute?

Hemen denbora dezente zeramatenak ari ziren dagoeneko tailerretan ikasten. Debara eraman zituztenean, ikastaroetatik atera zituzten. Justifikazio ofiziala honako hau da: Debakoa zentro berezia da, eta bakartu egin behar dira haurrok, sortzen dituzten gatazkei erantzun hezigarri berezi bat emateko. Arazoa zera da, ez dela erantzun teraupeutikorik eman. Tailerretatik txosten onak bidaltzen zizkiguten, asko aurreratzen ari zirela esanez. Aztertu beharko genuke zergatik haurrok ondo funtzionatzen duten inguru batean tailerretan eta gaizki beste batean.

Hainbat hedabidek eta agintarik gaztetxook lehengoraezin gisa aurkezten dizkigute.

Ezin da inoiz esan adingabe bat lehengoraezina dela. Gizartearekin lotzen saiatu behar dugu beti, eta argi dago ezinezkoa dela hori egitea gizartetik bereizi eta bakartzen baditugu. Gure bulegotik pasatu dira benetan arazo larriak dituzten haurrak ere. Ezin dituzu sartu psikiatrarik edo hezkuntzarik ez duen zentro batean. Ez dago haur lehengoraezinik, soilik giro zailak izaten dira. Sekulako ahalmena dute aldatzeko. Ikusi ditut disolbatzaileen menpeko mutikoak euren kabuz eta laguntzarik gabe arazoari buelta ematen. Baina geroa iluna dator, Atzerritartasun Legearen erreformak ateak irekitzen ditu, haurren lege-jagoletza halako zentroen esku uzteko. Hori ikaragarria lizateke.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)