Emakume musulmanen zapia

Berria, Josu Amezaga EHUko irakaslea, 07-05-2010

Zer dago emakume musulmanei buruko zapia erabiltzeko debekuen azpian? Askoren aburuz, emakumeak patriarkalismoaren hatzaparretatik askatzeko asmoa besterik ez da. Nire iritziz, ordea, bestelako erpinak ditu gaiak, eta sakoneko arazo batzuetara garamatza. Zibilizazio kristauetan historian zehar garatu den anti-islamismoa, bata; eta inoiz amaitzen ez den nazioaren eraikuntza, bestea.

Islamaren legenda beltza

Aspaldikoa da gure zibilizazio honetan islamaren inguruan eraikitako legenda beltza, eta New York, Madril, Londres zein Moskuko erako erasoei emandako erantzunak berpiztu baino ez du egin legenda hori. Duela bederatzi mende Tuterako Benjamin izan zen Ekialde Ertaineko asesinoen (hashshashin) berri Europara ekarri zuena, eta mende bat geroago Marco Polok herrikotu zuen legenda hau: haren kontakizunen arabera, gazte musulmanak drogatu eta engainatu egiten zituzten beren buruzagiek, martiri hilez gero zeruko paradisua irabaziko zutela sinetsaraziz. Horrela, gizagaixo burugabeak ekintza suizidak egitera joaten ziren pentsatu gabe, gaur egungo aktibista islamiarrak ehun birjin zain dauzkaten paradisua irabaziko dutelakoan hegazkinekin talka egitera edo autobusak lehertzera joaten diren hala kontatzen digute bezala. Garai hartako kristautasunarentzat bekatu larria zen suizidioa, gaur egungo arrazionalismoarentzat ulertezina den bezalatsu. Beraz, islama irrazionala bada, zertarako ulertzen saiatu? (ezaguna egiten zaizue?).

Legenda beltz hau indartu egin zuten gurutzada eta bestelako guda santuek, Erdi Aroan zehar. Musulmana edo mairua arriskua zen, europarren erlijio kristauaren aurkako mehatxua, borrokatu beharrekoa beraz. Gaur egungo «terrorismoaren aurkako borroka» zein Afganistan edo Iraken inbasioa justifikatzen dutenek, ez ote dituzte antzeko argudioak erabiltzen? Bada, testuinguru hau ezin dugu ahaztu zapiaren aurkako eztabaidan, oso presente dauden jarrerak islatzen dituelako.

Islama ez da kabitzen Mendebaldeko Europan

Gure testuinguruan, bazterkerian oinarritu izan da naziogintza. Ondo dakigu euskaldunok nola estatuko nazionalismoak homogeneotasuna izan duen helburu (kultura, oroimen, hizkuntza eta nortasun berdintasuna alegia, denak merkatu bateratuaren lagun). Homogeneotasun asmo horrek berdin zapaldu ditu gurea bezalako gutxiengo nazionalak zein bestelako gutxiengo kulturalak. Espainia bazterkerian oinarritzen da bere sorreratik, mairu eta juduen kanporaketan alegia. Eta honen adibide goren ditugun Errege Katolikoak aspaldikoak izan arren, filosofia horrek luze iraun du mendeetan zehar, Euskal Herrian bertan ere. Gure herenaiton batek, XIX. mendean, frogatu behar izan zuen ez zetorrela «de Moros, Judíos, herejes, apóstatas ni de recién Convertidos a nuestra Santa fe Católica», Azkoititik Itziarrera erroldatu ahal izateko; zuetako arbaso askoren antzera. Garbitasun horren gainean eraiki da Espainia, gure zibilizazioko beste estatu asko bezala. Kultur aniztasunaren eredutik eraikitako estatu nazioek ere (orobat Kanada eta azken hamarkadetako Australia) aldarrikatu dute komunitate politikoa gutxieneko batasun baten gainean eraiki beharra dagoela, dela hizkuntza, direla balio partekatuak, eta abar.

Arazoa, ordea, gutxieneko horiek zehaztean datza. Bereziki globalizazio garai honetan, non itxuraz nahikoa aurreratuta zegoen nazio batu eta homogeneoaren ideia pitzatzen hasita dagoen. Pitzadurak azpitik (hots, komunitate historikoetatik) zein gainetik (hots, etorkinak erakartzen dituen globalizaziotik) datoz. Eta horren aurka ari dira erreakzionatzen estatuak, beren tresna ideologiko zein arautzaileekin. Ideologia horren adibidea Giovani Sartori politologoa, zeinaren arabera zenbait etorkin talde ezin baitira integratu gure sistema demokratikoetan, beren balio erlijiosoak eta gure balio demokratikoak bateraezinak direlako (ezker abertzaleko kideei belarrira joko die leloak). Neurri arautzaileen adibidea, buruko zapiaren debekuak.

Zapiaren debekuak

Nago gai honen inguruko eztabaidak ezin duela aurretik aipatutako testuingurua saihetsi. Erredukzionismoa litzateke zapiaren auzia erlijioaren bidez gorpuztutako emakumeen zapalkuntza soil gisa ikustea. Zeren hala balitz, zer esan beharko genuke gure kulturan (eta legean) genitalak edo emakumeen bularrak erakusteko dugun debekuaz? Ez ote da hori, jatorrian, sexuaren kontrol patriarkaletik datorren, geroago kristautasunak gorpuztu duen (Adan eta Evari zigor gisa ezarritako biluziarekiko lotsa) eta honez gero gure kulturan oso txertatuta daukagun portaera? Beraz, gure gizarte sekular eta demokratiko honetan, debekatu egingo dugu emakumeen bularrak eta helduen genitalak estaltzea, horrela denok libreago izango garelakoan, edo bederen islama eta kristautasuna berdintsu tratatuko ditugulakoan?

Emakume musulmanen zapia, gustatu ala ez, osagai kulturala da. Bizi dugun testuinguruan kanpotik ezarritako debekuak eragin dezakeena, hura darabilten emakume musulmanen intimitatearen aurkako erasoaz gain, praktika hori nortasun ikur bihurtzea da. Talde guztiek eratzen dituzte nortasun ikurrak beren izaera erasotuta ikusten dutenean. Musulmanek hala ikusiko dute beren burua, bai gehiengoa diren herrialdeetan (planetako potentzien aurrean), bai gurean bezala gutxiengoa direnean (estatu eta gizartearen aurrean). Eta hor, kanpoko ezarpenak ezer onik ezin ekar dezake. Begiratu besterik ez dago zein ondorio utzi zuen Afganistango inbasioak, zeinaren justifikaziorako, besteak beste, emakumeak burkatik askatzeko argudioa erabili baitzen.

Jakina, musulmanek, emakume zein gizonek, beren buruari begiratu behar diotela, eta beren kulturan dauden balio zapaltzaileak bilatu eta garbitu. Guk ere bai. Horretan asko dugu elkarrengandik ikasteko. Gure gizartean genero berdintasunerantz egindako bidetxoa izan liteke, agian, adibide bat; islamak lukurreriaren aurka duen jarrera izan liteke beste bat (oso egokia, bidenabar esanda, lukurreriak sortutako krisi ekonomiko honen garaian). Baina harreman horretan errespeturik ez badago, jai daukagu.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)