Hitzak ugariak eta xehetasunak eskasak

Erronka nagusia izango bada ere, alderdiek ez dute zehaztu nola egingo dioten aurre defizit publiko itzelari

Berria, , 06-05-2010

Kristina Berasain.

Promesak, aldarrikapenak, ukapenak, baieztapenak, salaketak. Kanpaina politiko guztietan bezala, hitzak ugariak izan dira egunotan gaurko bozetan lehiatzen diren hiru hautagaien ahotan ere, baina euren diskurtsoa nahikoa lausoa izan da euren programa politikoei erreparatuz gero; defizit publikoari nola aurre egin zehazteko garaian xehetasun eskasak eman dituzte, hori hurrengo gobernuaren erronka nagusia izango bada ere. Boto galera ekar dakieke murrizketak egingo dituztela iragartzeak, eta hori bera saiheste aldera, isiltasunerako nolabaiteko konspirazioa egin dute hitz jarioaren atzean.

1. Ekonomia

Defizit publikoa 980.000 milioi eurokoa da gaur egun barne produktu gordinaren % 59,9, eta kopurua itzela dela bederen bat datoz kontserbadore, laborista eta liberal-demokratak. Joerari eusteko neurri zorrotzak hartu beharko direla ere ados daude hiru alderdiak, baina neurri ezberdinak proposatzen dituzte batzuk eta besteek. Kontserbadoreek beherehalako neurri pragmatikoak iragarri dituzte, agintera iritsi eta sei astera gauzatuko lituzketenak; gastu publikoan murrizketak egitea da euren lehentasuna, funtzionarioen soldatak izoztuz, baina zergak igo gabe. Laboristek «hamahiru urtez egindako hutsegiteak emendatuko dituztela» esan du David Cameronek. Bost urtean 82.000 milioi euro aurreztea aurreikusi du; kopuru horren %80 gastu publikoa doituz.

Laboristek bost urtean erdira murriztu nahi dute defizita, baina zergak dezente igotzea aurreikusi dute, tartean Gizarte Segurantza tory-en kritikak jaso dituzte horren harira. PFEZ pertsona fisikoen errentaren gaineko zerga eta oinarrizko produktuen BEZ balio erantsiaren gaineko zerga ez igotzea agindu dute, hala ere. Hezkuntza eta osasun zerbitzuak bermatuko dituela, eta horietan murrizketarik ez dela izango baieztatu du Gordon Brownek. Epeekin ere malguago agertu da; hemendik urtebetera hasiko lirateke laboristek euren egitasmoa gauzatzen.

Liberal-demokraten proposamena gastu publikoa murrizteko aurrekontu militarretik kentzea da; Trident programa nuklearra bertan behera uztearen alde daude 17.000 milioi euro aurreztuko liratekeelakoan. Nick Cleggek irabazien araberako zergak proposatu ditu.

2. Zerbitzu publikoak

Cameronek gobernatzeko beste eredu bat eratu nahi du, gizarte gaietan herritarren erantzukizuna sustatuko lukeena eta estatuaren eragina murriztuko lukeena. Komunitate mailako egiturak eratzearen alde egin du erabakiak bertatik bertara har daitezen. Laboristek hezkuntza eta osasun sistemak babestu nahi dituzte. Osasun Ministerioan, berriz, murrizketak egitearen aldekoak dira liberal-demokratak.

3. Immigrazioa

Etorkinei mugak ezartzearen aldekoak dira tory-ak, urtean kopuru finko bat onartu eta, hartara, immigranteen maila duela hogei urtekora murrizteko. Europako Batasuneko estatu kide berrietako etorkinentzat kontrol zorrotzagoak ere nahi dituzte. Brownen arabera, baina, gauzak okertu baino ez lituzke egingo horrek, paperik gabekoen kopurua handitzea eragingo lukeelako. Puntuen araberako sistema sustatuko lukete. Liberal-demokratek mugen kontrolak zorroztearen alde egin dute eta herrialdeak behar dituen etorkin kopurua neurtzea nahi dute. Asilo politikoa emateko garaian, berriz, ikuspegi zabalagoa dute.

4. Europa

Europako Batasunarentzat liberal-demokratak nagusitzea izango litzateke erosoena; izan ere, horiek dira europarrenak; Clegg bera eurodiputatu izan zen 1999 eta 2004 artean, eta kanpainan libera baztertu eta euroa erabiltzearen aldeko adierazpenak egin ditu. Bruselan, alde horretatik, euroeszeptikoak diren kontserbadoreak nagusituko diren beldur dira, berez zailtasun anitz izan dituen proiektu konplexu horrek traba gehiago izango lituzkeelakoan. Tory-ek Lisboako Itunaren kontrako kanpaina egin zuten, eta erreferendumak egitearen alde azaldu dira, azkenaldian samurrago agertu badira ere; tartean, txeke britaniarra negoziatzear dagoelako. Europak Erresuma Batuari ematen dion dirutza kolokan egotea izan daiteke, beraz, jarrera aldaketaren gakoa; diru gehiena hara bideratzen baita eta funtsaren irizpideak zehazten dituen zuzentaraua aurki berraztertuko da. Estatuek eskuduntza gehiago izan dezaten nahi dute kontserbadoreek, eta federalismoaren kontra daude.

Laboristen kezka beste bat da; Catherine Ashtonen EBko Atzerri Politikako arduradunaren kontrako kritikak etengabeak dira, dimisioaren zurrumurruak zabaltzeraino, eta bere ordezkaria gal lezake Brownek Europan. Londresek Bruselan duen pisuari eutsi nahi diote laboristek.

5. Atzerri Politika

Clegg Irakeko gerraren kontra azaldu zen, eta horrek ezartzen du beste bi alderdiekiko aldea. AEBekiko harremanekiko ere zuhurragoa da eta tropak azkar erretiratu nahi ditu Afganistanetik Erresuma Batuko 9.500 soldadu daude han. Laboristek defentsa aurrekontuari eutsi nahi diete, eta ekonomikoki indarra hartzen ari diren estatuekin harremanak sustatu nahi dituzte. Tory-ek AEBekiko aliantza historikoari eustea dute lehentasun.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)