Gizarte laguntzen inbutua, estutzen

Bazterketaren aurkako laguntzak jasotzeko baldintzak zorroztea egotzi diote Eusko Jaurlaritzari hainbat gizarte eragilek Etxebizitza bakoitzean gehienez ere bi laguntzako muga ezartzea kritikatu dute

Berria, Maite Asensio. Bilbo , 13-04-2010

Krisi ekonomikoarekin batera, gora egin dute familien zein norbanakoen zorpetzeak, langabeziak, hipotekak bertan behera uzteko eskaerek, pobrezia egoeran izateko arriskuan daudenen kopuruak… Eta, ondorioz, gizarte laguntza eskaerek ere bai. Abagune horretan ari da Eusko Jaurlaritza Diru Sarrerak Bermatzeko Legea garatzeko araudiak lantzen, baina krisi garaiko beharrizanei erantzun ordez gizarte politiketan murrizketak egitea leporatu diote Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako 30 gizarte eragile inguruk. Laguntza sozialak emateko baldintzak zein horien hartzaileen gaineko kontrola zorroztuko ditu Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Gaietarako Sailak, eta, ondorioz, «bazterketa soziala areagotuko» dela iragarri dute zenbait sindikatuk, pobrezia eta bazterketaren aurkako taldek, etorkinen eskubideen aldeko elkartek eta talde feministek.

Bi dekreturen harira sortu da eragileon ezinegona: diru sarrerak bermatzeko errenta arautzeko dekretua uda baino lehen onartzea espero du Jaurlaritzak eta etxebizitza sari osagarria arautzeko dekretua iragan urtarrilean onartutakoa. Antzinako oinarrizko errentaren parekoa izango da diru sarrerak bermatzeko laguntza; bizitzeko oinarrizko gastuei eta gizarteratzeko zein laneratzeko prozesuen gastuei aurre egiteko baliabiderik ez dutenei emango zaie. Era berean, errenta hori jasotzen dutenek etxebizitza prestazio osagarria jaso ahal izango dute. Etxebizitza gastuei aurre egiteko diru laguntza hori Gizarte Larrialdietarako Laguntzen partidatik atera zuen Jaurlaritzak lege berriarekin batera, aurrekontuan mugarik izan ez zezan; hala, laguntza hori eskubide bihurtu da.

Araudion bidez, bergizarteratzeko laguntzak banatzean Araba, Bizkai eta Gipuzkoako aldundiek zeuzkaten irizpide ezberdinak ezabatu eta laguntzok emateko sistema bateratu nahi du Jaurlaritzak. Eragileen ustez, aurrerapausorik badago dekretuotan, baina balorazio orokorra ez da positiboa. «Etxebizitza saria eskubide bihurtu izana oso ona da, baina dekretuetako letra txikia irakurrita, hori jasotzeko baldintzak zorrozten dira. Inbutua estutzen da, eta, beraz, laguntzak murrizten, hain zuzen, gizarte babeserako sistemaren oinarriak sendotzea beharrezkoen den unean», azaldu du bazterketaren aurkako Berri Otxoak taldeko kide Juan Carlos Becerrak.

Bi laguntza gehienez

Etxebizitza bakoitzean gehienez ere bi diru laguntza jasotzeko mugak eragin ditu eragileen gaitzespen irmoena. Diru sarrerak bermatzeko errentarekin zein etxebizitza sari osagarriarekin gertatuko da: etxe bakoitzeko laguntza bakarra emango da bizikidetza unitatea osatzen dutenen artean ahaidetasun loturarik badago, eta gehienez ere bi laguntza emango dira halako harremanik ez dagoenean. Neurri horrek etxebizitza konpartitzen duten gazteei, etorkinei eta banatu diren pertsonei kalte egingo diela salatu dute.

Izan ere, Gemma Zabaleta sailburuak azaldu izan duenez, «pertsona asko pilatzen dituzten etxeak» desagerrarazteko helburua du neurriak. Bizkaiko SOS Arrazakeriak irmoki gaitzetsi du hori: «Etorkinak etxeetan metatzea eta erroldatze faltsuak saihesteko sortua delakoan aurkeztu digute araudia; iruditeria kolektiboan immigrazioari lotutako bi kontzeptuak, alegia. Datu objektiboetan oinarritutako azterketa egin beharrean, euskal herritar berri hauek estigmatizatzen dituzten irudiak indartzen ditu gobernuak. Argudio horren zentzugabekeria agerian dago, oinarrizko errenta jasotzerik ez duenak jende gehiagorekin hartu beharko baitu pisua».

Era berean, zalantzan dago zein ondasun hartuko den kontuan laguntzak ematerakoan. Diru sarrerak bermatzeko errenta arautzeko dekretuaren zirriborroak dionez, ohiko etxebizitzaz gain, jabetza konpartituan edo usufruktuan edukitako etxeak ondasun gisara zenbatuko dira. «Jabetzaren balioa kontuan hartuko da, baina horrek ez du laguntza jaso ahal izatea saihestuko», azaldu du Jaurlaritzak. Aldiz, etxebizitza sari osagarriari buruzko dekretuak dio halakorik daukatenek edo babes ofizialeko etxerik dutenek ezingo dutela laguntza hori jaso.

Enpleguarekin lotuta

Gizarte laguntzak arautzean aurreko Jaurlaritzaren ildo bera jarraitu dute sozialistek: laguntzak enpleguarekin lotu. Hala, diru sarrerak bermatzeko errenta jasotzen dutenek Gizarteratzeko Ituna deiturikoa sinatu beharko dute: «lanerako prest» egon beharko dute laguntzaren hartzaileak zein bere bizikidetza unitatea osatzen dutenek, eta ezin izango diote «enplegu egoki bati uko» egin. Eginbehar horietatik kanpo geratuko dira lan egin ezin dutenak, hala nola pentsiodunak, erabateko ezintasuna duten pertsonak eta ikasten ari diren 23 urtetik beherako gazteak. Diru sarrerak bermatzeko errenten %30 eta %40 artean jasotzen dituzte talde horiek, Jaurlaritzaren iazko datuen arabera.

Halaber, lanaren bidezko diru sarrerarik eduki eta errenta jasotzen dutenek ezin izango dute lan baimenik edota lanaldi murrizketarik eskatu, «ezinbesteko arrazoiak» argudiatu ezean. Eragileek salatu dute baldintza horrek lan esparrua eta bizitza pertsonala bateratzeko neurrien aurka egiten duela.

Dena den, Juan Carlos Becerra harago joan da, eta filosofia horren ondorioz heda daitezkeen aurreiritziez mintzatu da: «Badirudi langabezia arazo pertsonala dela, langabeak ez direlako trebatzeko edo enplegua topatzeko gai, eta sistemak ez duela zerikusirik. Gizarteratzeko itun horren bidez zein enplegu mota bultzatuko dute? Krisiaren abagunean, zein baldintza dituen merkatuan sartuko gaituzte?». Laguntzak jasotzen dituztenen %35 inguru lanean dabiltzala erantsi du Becerrak. «Arazoa da lan hori prekarioa dela».

Era berean, enplegu motaren eta laguntzetako baten iraupenaren artean kontraesanak ikusten ditu: «Laneko diru sarreren errenta osagarria [diru sarrerak bermatzeko errentaren moldeetako bat] bi urtez jaso ahal izango da gehienez ere, eta salbuespen gisara beste hamabi hilabetez luzatuko da, Lanbideren aldeko txostena izanez gero». Becerraren iritziz, enplegu motaren aurkako emaitzak izan ditzake neurriak: «Laguntza kobratu gabe baldintza prekarioetan lan egiten jarraitu baino lehen, jendeak nahiago izango du langabeziara joan eta oinarrizko errenta jasotzea. Neurri zentzugabea da, ez duelako ahalbidetzen leku batean lan ibilbidea garatzea; halako bizi proiektuek denbora gehiago eskatzen dute».

Diru Sarrerak Bermatzeko Legea

2008ko abenduan onartu zuen Eusko Jaurlaritzak Diru Sarrerak Bermatzeko eta Gizarteratzeko Legea. Horren ondorioz, Diru Sarrerak Bermatzeko eta Gizarteratzeko Euskal Sistema osatu zen. Hona hemen sistemaren barruan dauden laguntzetako batzuk:

Diru Sarrerak Bermatzeko Errenta. Bizitzeko oinarrizko gastuak zein gizarteratzeko edo lanerako gastuak estaltzea du helburu. Bi mota egongo dira: gizarteratzeko eta babeserako oinarrizko errenta lanaren bidezko diru sarrerarik ez dutenei emango diete; diru sarrera horiek izanda ere baliabide nahikorik ez dutenei, berriz, laneko diru sarreren errenta osagarria emango diete. Bi urtero, laguntza eman zeneko baldintzek bere horretan jarraitzen duten aztertuko da, errenta ematen jarraitu ala ez erabakitzeko.

Etxebizitza sari osagarria. Diru sarrerak bermatzeko errenta jasotzen dutenentzako osagarria izango da, etxebizitza gastuei aurre egitera bideratua; errenta jasotzeari uztean laguntza jasotzeari ere utziko diote. Legeak eskubide subjektibo bihurtu du saria.

Pentsioen errenta osagarria. Kontributizio pentsioak zein kontributiziokoak ez direnak jasotzen dituztenen diru sarrerak osatuko ditu.

48.000

EAEn laguntzarik jasotzen ez dutenak. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 138.125 pertsona zeuden langabezian martxo hasieran. Bazterketaren aurkako taldeek emandako datuen arabera, langabe horietako 48.000 inguruk ez dute laguntzarik jasotzen.

%25

Caritasi laguntza eskatu ziotenen kopurua, gora. 2009an, 25.000 lagunek eskatu zuten laguntza Gipuzkoako Caritasen, aurreko urtean baino 5.000 gehiagok, hain zuzen. Hartara, elkarteak adierazi du %23 eta %25 artean egin zutela gora laguntza eskaerek.

«Dolua», gizarte eskubideak murrizten ari direlako

Gizarte eskubideen murrizketengatik «dolua» adieraziko dute gaur Bizkaiko zenbait gizarte eragilek. Eusko Jaurlaritzak Bilbon duen egoitzaren aurrean elkartuko dira, 10:30ean. Beltzez jantzita, elkartasuna agertuko diete langabeei eta krisiak zein laguntzen murrizketak kaltetutakoei.

Bazterketaren aurkako taldeak, Legebiltzarrean

Gizarte bazterketaren aurkako plataformen ordezkariak Eusko Legebiltzarrean izango dira gaur. EBko legebiltzarkide Mikel Aranak eskatu du haien agerraldia, Diru Sarrerak Bermatzeko Legea garatze aldera. Eusko Jaurlaritzak landutako bi dekretuek gizarte laguntzetan izango dituzten ondorioak azalduko dituzte.

Gizarte laguntzak jasotzen dituztenen inguruko aurreiritziak ezabatu beharraz mintzatu dira eragileak. Krisiarekin batera, gainera, are anitzagoak dira laguntza hartzaileen bizimoduak eta egoerak.

Uste baino hurbilago dagoen errealitatea

M. Asensio.
Bilbo-Barakaldo

Estibalitz Vivancok 37 urte ditu. Bilbokoa da, aktorea, Getxoko Antzerki Eskolan (Bizkaia) lau urtez trebatua. Sei urte daramatza antzinako oinarrizko errenta zein egungo diru sarrerak bermatzeko errenta jasotzen. «Gure lanbidean ohikoa da: zailtasun asko ditugu, enplegua ez delako oso egonkorra. Lan asko egiten dugu, baina ez da ordaindua beti». Vivancoren adibidea argigarria da, gizarte laguntzak jasotzen dituztenen perfila anitza dela adierazten baitu: adin, lanbide eta jatorri ugariko pertsonek dituzte zailtasunak oinarrizko gastuei aurre egiteko. Halere, esparru honetan ere pobreziaren feminizazioa antzematen da: gizarte eragileen arabera, laguntza hartzaileen %72 andreak dira.

Laguntza sozialak etorkinekin edota muturreko bazterketa egoeran daudenekin lotzen direla salatu izan dute gizarte eragileek; talde horiek «arrotzak» dira askorentzat, eta horrek laguntza hartzaileen inguruko aurreiritziak elikatzen ditu. «Baina guk ez dugu lan merkatua asmatu», dio Berri Otxoak taldeko Juan Carlos Becerrak. Gizarte laguntzen hartzaileen errealitatea oso hurbilekoa dela azaldu du: «Enpleguak prekarioak eta ezegonkorrak badira, zabor kontratuak ditugu, oso soldata baxuekin; ondorioz, askok eskatzen dituzte gizarte laguntzak. Baina egoera horiek islatu ordez, pikareskaren argudioa erabiltzen dute askok laguntzen hartzaileen aurka egiteko».

Becerrak berak diru sarrerak bermatzeko errenta jasotzen du. Jaurlaritzaren araudi berriak kalte egingo diola dio, etxebizitza bakoitzeko laguntza hartzaile kopurua bira mugatu baitu. «Hiru lagun bizi gara etxean; bik errenta jasotzen dugu, eta hirugarrenak eskaera egin du, baina ezingo du jaso. Hortaz, alde egin beharko du, beste nonbaiten erroldatu eta errenta eskatu ahal izateko. Tartean, etxeko gastuak biren artean banatuko ditugu; horrek egoera prekarioagoan utziko gaitu».

Gainera, Becerrak dio antzinako bizikidetza ereduak berriro ikusten hasi direla, esaterako, Barakaldon (Bizkaia). «Krisiaren ondorioz, kanpora joandako jende asko itzuli da, gurasoenera batez ere». Herriko bizilagun asko egoera «dramatikoan» daudela erantsi du: «Laguntzak heldu bitartean, aurreztutako diru apurraren eta senideen laguntzaren bidez egiten dute aurrera ».

Baina zer gertatzen da halakorik ere ez dutenekin? La Posada de los Abrazos elkarteak bazterketa egoeran dauden dozenaka lagun hartzen ditu Bilbon dauzkan etxebizitzetan. Gehienak emakumeak, batzuk etorkinak. Izenik eman nahi ez duen Nicaraguako emakume bat da bertan babesa aurkitu duenetako bat. Kontabilitatea eta Zuzenbidea ikasi zituen bere jaioterrian, baina duela bi urte Bilbora heldu zenetik, etxeko langile gisara baino ezin izan du jardun. Sektore horretako barneko langile askok bezala, kontraturik gabe eta erroldatu gabe egon da. «Duela lau hilabete, zaintzen nuen andrea zahar egoitza batera eraman zuten, eta kaleratu ninduten. La Posada existituko ez balitz, ez dakit non egongo nintzateke».

Izan ere, erabateko babesgabetasun egoeran geratu zen: etxerik, diru sarrerarik eta sare sozialik gabe. Gainera, urtebeteko erroldatzea eskatzen dute diru sarrerak bermatzeko errenta jaso ahal izateko, beraz, oraindik ezin du eskaerarik egin. La Posadako langile Amparo Pimientok salatu du etorkin asko daudela antzeko egoeran: «Nola bizi behar dute? Nork babesten ditu? Herritar izateko eskubidea dute etorkinek».

Hartara, Estibalitz Vivancok dio gizarte laguntzak «baliatu» behar direla. «Niretzat aukera bat da, ikasteko, adibidez». Krisiaren ondorioz kulturarako diru laguntzak ere murriztu direla eta, zailagoa da proiektu berriei ekitea, aktorearen ustez. Beraz, unibertsitatera sartzeko hautaproba prestatzen ari da. Ildo horretan, ez du ondo ikusten gizarteratzeko itunaren bidez errentaren hartzaileak lan egitera behartzea: «Ikasten ari banaiz, edo oso gustuko dudan zerbaitetan lanean banabil, ordainetan diru gutxi jaso arren, hori da nire proiektua. Beste zerbaitetan lan egiteari uko egingo nioke».

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)