Ijitoen bilera

Bazterkeriaren patua

Ijitoentzat lanpostuak sortzeko eta haien prestakuntza hobetzeko konpromisoa hartu du Europako Batasunak Kordobako biltzarrean; bigarren mailako herritar izateari uzteko eskaera egin dute ijitoek.

Berria, Janire Renobales. , 10-04-2010

Mendez mende, herrialdez herrialde izan dira baztertuak ijitoak. Kolonizazioak, faxismoak, nazismoak, II. Mundu Gerrak eta, egun, demagogia politikoak zigortu du herri hori. Gizon, emakume eta ume ijitoen eskubideak defendatzeko eta haien egoera salatzeko, Europa osoko 400 lagun bildu dira Kordoban (Espainia) atzo eta gaur, Ijito Herriaren Nazioarteko Egunean. Ezberdintasunak aberastasun ikur izan daitezela, eta berdintasuna herritar gisa duten eskubidea dela: horixe eskatu dute, berriz ere.

Biltzar horren harira, AI Amnesty Internationalek Europako Batasunari eskatu dio ijitoek pairatzen duten «bazterketaren, pobreziaren eta bereizkeriaren zikloa» bukatzeko. Ijitoen berdintasuna bermatuko duen estrategia jakin bat behar dela iritzi dio Claudio Cordone AIko idazkari nagusiak: «Ijitoek, Europako herritarrak direnez, beste edozein herritarren eskubide eta betebehar berak izan beharko lituzkete, baina bigarren mailako herritar egiten ditugu».

Horiek horrela, EBri eskatu dio egitasmo bat adostea ijitoen aurkako gehiegikeria, erasoaldi eta manifestazioak salatzeko, ijitoen lan, osasun, hezkuntza eta etxea izateko eskubidea urratzen den bakoitzean. Grezian, Italian, Espainian, Bulgarian, Errumanian eta Serbian, ijitoak giza eskubideen urraketaren biktimak dira.

Euskal Herriko ijito elkarteak ere izan dira biltzarrean. Lau etniatako 25.000 ijito inguru bizi dira egun Euskal Herrian, kalo, erromintxelak Euskal Herrian sortutakoak, Portugaldik etorritakoak eta Europako ekialdetik iritsitakoak; Bilboko Kale dor Kayiko taldeak nabarmendu duenez, urruntzearen biktimak izaten dira sarri.

Ijitoen elkarteak bat datoz komunitatearen arazoak zeintzuk diren esateko orduan. Alde batetik, ijito gehienek utzi egiten dute Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza, lan merkatuan sartzeko. Bestetik, emakume ijitoek prestakuntza profesional murritza daukate. Arazo horiek aztertu eta irtenbideak topatu behar dira, eta, hain zuzen, lanpostuen sorkuntza eta prestakuntza akademikoa izango dira lehentasunez konpondu beharreko premiak 2010 eta 2012 bitartean. Viviane Reding Europako Batasuneko komisarioaren ustez, «Europak bere erroetara begiratu beharra dauka».

Nomadak halabeharrez

Soldaduak, nekazariak, eskulangileak eta artistak. Horiek izan dira mendeetan ijitoen lanbideak; eta goseteak, inbasioak, gerrateak eta bizi kalitate hobea aurkitzeko itxaropena, berriz, ijitoak Europan barrena mugitzeko arrazoiak.

Herri horrek historian eta geografian barna egindako bidaia, hain zuzen, jazarkundez eta ulertu ezinez zipriztindutako migrazio gisa labur daiteke.

Politika arrazisten gatibu bihurtu, eta kolonizazio garaian arazoa larriagotu egin zen. Egoera etengabe txarrerantz zihoan ijito herriarentzat, eta XX. mendeak zoritxar handia ekarri zuen berekin: nazismoaren kontzentrazio esparruetan milaka ijito hil zituzten.

Gaur egun, etnia horren kontrako bazterketa ez da amaitu. Europako mendebaldeko herrialdeek izaten dituzten krisi ekonomikoetan, errefusatzeak eragiten ditu immigranteak tarteak ijitoak lan merkatuan sartzeak. Horrenbestez, ideologia hori babesten duten alderdi politikoak agertuz doaz. 1989. urtean Berlingo Harresia erori zenetik, maiz ijitoei leporatu izan zaie aurreko sobietar estatuek egun dauzkaten hainbat arazo. Horrez gain, Serbiako armadak egindako garbiketa etnikoak errefuxiatuen exodoa bultzatu zuen. Kroaziako eta Bosniako biztanleen bidegabekeriak oihartzun handia izan zuen, baina ijitoak bigarren mailan geratu ziren. Europako Batasunean mugak ezabatu ostean ere, zenbait herrialdek begi zorrotzez kontrolatzen dute ijitoen zirkulazio librea. EBk Kordoban agindutakoak betetzen diren ere ikusi beharko da.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)