Europako Ekialdeko mafiarekin lotuta, lau lagun atxilotu dituzte Getxon

Euskal Herrian egindako atxiloketez gain, beste 65 lagun atzeman dituzte Europan

Berria, , 16-03-2010

Erredakzioa.
Bilbo

Europako Ekialdeko mafiarekin zerikusia dutelakoan, Ertzaintzak lau lagun atxilotu ditu Getxon (Bizkaia). Java izeneko polizia operazio zabalago baten barruan egin ditu atxiloketa horiek Ertzaintzak. Izan ere, guztira, 69 lagun atxilotu dituzte Europan, honako herrialde hauetan: Espainian, Herrialde Katalanetan, Frantzian, Bretainian, Alemanian, Austrian, Italian eta Suitzan. Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailaren arabera, Getxoko atxilotuetako bat da mafiaren ustezko buruzagietako bat. Zehazki, diru kontuen ardura izatea egozten diote horietako bati, beste biri taldean «ardura garrantzitsuak» izatea. Bestea ustez diru kontuen ardura zuenaren neska laguna da.

Rodolfo Ares Herrizaingo sailburuak jakinarazi duenez, igandean atxilotu zituzten, eta atzo euren etxebizitzak miatzen aritu ziren. Haren esanetan, polizia operazioa «oso garrantzitsua» izan da, eta oraindik zabalik dagoela ohartarazi du, Getxon ez ezik, beste hainbat herritan ere miaketak egiten ari baitira. Poliziaren arabera, laurak georgiarrak dira. Estortsioak egin izana, legez kanpoko jarduerak egitea, dirua zuritzea, droga trafikoa, armak edukitzea eta beste hainbat delitu egozten dizkiete. Polizia iturriek zehaztu dutenez, Getxon atzemandakoek dirua kobratzen zieten beste talde txikiago batzuei, «baimen gisa», egokitzen zitzaien herrialdeetan jardun ahal izateko. Getxoko «buruzagiek» ordainketa horiek «kontrolatzen» zituztela diote, baita mafiaren beste diru sarrera batzuk ere. Aresek nabarmendu du diru kontuen inguruko dokumentazio «ugari» topatu dutela, dena dela, zehaztu du miaketetan ez dituztela armak atzeman.

Operazio hori Drogaren eta Krimen Antolatuaren aurkako Espainiako Poliziaren taldeak abiatu du, eta Ertzaintza eta Mossos d’Esquadrako kideak ere ari dira parte hartzen. Atxilotuak Fernando Grande-Marlaska Auzitegi Nazionaleko epailearen aurrean deklaratuko dute aste honetan.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)