Larrepetit

Duintasuna

Berria, Castillo Suarez, 16-03-2010

Amin Maalufek dio amore emateko gogo ematen duela ikusirik herrialde askotan dauden elkarbizitza arazoak, nahiz eta batzuek zein besteek dituzten immigrazio politikak oso ezberdinak izan. Idazlearen ustez, ez dute asmatu ez eskuzabalenek ez eta hertsienek ere. Irekienek bermatzen diote etorri berriari hura eta haren ondorengoak, etorkizun laburrean, harrera herrialdeko kide izanen direla, eskubide guztiak aitortuta. Bestela litzateke etorkinari bere kultura eta ohiturak gordetzen utziko balitzaio, eta, nahiz eta lege aldetik nolabaiteko babesa izan, kanpokotzat hartuko balitz. Maaluf bi politiken aurka agertzen da, ez dutelako elkarbizitza bermatzen. Izan ere, oinarri bera dute: pertsona bakarra ezin da bi kulturetako kide izan, aldi berean eta sakontasunez bietan.

«Lehenik eta behin, etorkin batek behar duena duintasuna da, eta, zehazkiago, duintasun kulturala», diosku Estatu Frantsesean bizi den libanoarrak. Duintasun hori eskuratzeko ezinbestekoa da norberaren jatorrizko hizkuntza mantentzea, areago, hizkuntza bat ezagutzea ez dagoenean beste bat ikastearekin kontrajarria erlijioekin ez bezala.

Gaia gurera ekarrita, eman lezake gurea, hizkuntza gutxitua den aldetik, traba bilakatzea integrazio prozesu batean. Eta egia da gutxiespenak konplexua barne ez duela batere laguntzen. Enpatia eta sentiberatasunaren bidetik eragin beharko dugu, haien eta gure duintasuna uste baino lotuagoak baitaude.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)