Zentro itxi batean sartu dituzte Elgetan atxilotutako sei adingabeetako bost

Hiru hezitzaile zauritu dira etorkin adingabeentzako Aixola zentroan izandako liskarretan

Berria, , 13-03-2010

Maite Asensio.

Seniderik gabeko etorkin adingabeentzako Elgetako Aixola zentroan (Gipuzkoa) hartutako sei gazte atxilotu zituen atzo goizaldean Ertzaintzak, harrera egoitzan gertatutako istiluen ostean. Horietako bost zentro itxi batera eramatea ebatzi zuen iluntzean epaileak. Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailaren arabera, adingabeak «matxinatu» egin ziren, eta kalteak eragin zituzten zentroan. Liskarretan hiru hezitzaile zauritu ziren, arin.

Atzo gauerdian hasi ziren istiluak. Herrizaingo Sailak azaldu duenez, Aixola zentroko segurtasuneko zaintzaileek Ertzaintzari deitu zioten, adingabe talde bat «matxinatzen» ari zela eta. Une hartan zortzi gazte zeuden harrera egoitzan, eta seik hartu zuten parte liskarretan; beste biak bizikideak lasaitzen saiatu ziren. Ertzainek emandako bertsioaren arabera, zentrora heltzean, adingabeek hainbat objektu jaurti zizkieten leihoetatik, eta irainka eta mehatxuka hasi zitzaizkien.

Liskarretan, hiru hezitzailek zauri arinak izan zituzten; lesioak artatzeko, osasun zentro batera eraman zituzten, baina ez zituzten ospitaleratu behar izan. Harrera egoitzan ere kalteak eragin dituzte istiluek; besteak beste, leiho batzuetako kristalak hautsi zituzten, baita etxeko hainbat altzari ere.

Istiluotan parte hartu zuten sei adingabeak atxilotu egin zituen Ertzaintzak, eraso eta mehatxu delituak leporatuta; gazteak Gipuzkoako Adingabeen Fiskaltzaren esku utzi zituzten. Sei atxilotuetako bost Jaurlaritzak Zumarragan duen zentro itxira (Gipuzkoa) eramatea ebatzi zuen epaileak atzo iluntzean; seigarren gaztea aske utzi zuen, zaintzapean.

Seniderik gabeko etorkin adingabeen babesa Gipuzkoako Foru Aldundiko Gizarte Politikako Sailaren ardurapean dago. Hain zuzen, istiluak zerk eragin zituen argitze aldera, ikerketa abia dezan eskatu dio Aldundiak Adingabeen Fiskaltzari.

Eztabaida zentroen harira

Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta SOS Arrazakeriaren arteko eztabaida puri-purian dagoen unean gertatu dira liskarrak Elgetan. Joan den astean egindako agerraldian, etorkin adingabeentzako Debako zentroan (Gipuzkoa) izandako esperientzietatik ikasteko eskatu zion SOS Arrazakeriak Diputazioari. Izan ere, adingabe «gatazkatsuentzako» zentroa zen Debakoa egun itxita dago, obretan, eta bertan gazteen eskubideak errespetatzen ez zirela salatu zuen SOS Arrazakeriak. Taldearen arabera, adingabeei tratu txarrak eman dizkiete, eta hezkuntza arauturako sarbidea ukatu diete, baita aisialdi jarduerak egiteko aukera ere.

Gipuzkoako Diputazioko arduradunek eta hezitzaileek erantzun irmoa eman diete hitzoi aste honetan. «Informazio oker, partzial eta faltsua» ematea eta hezitzaileen profesionaltasuna auzitan jartzea egotzi diote SOS Arrazakeriari. «Debako zentroaren funtzioa adingabeak berregokitzea da», esan dute.

Hain justu, Debako harrera egoitzatik helduak ziren Elgetara atzo atxilotutako sei adingabeetako lau, Foru Aldundiak jakinarazi duenez. Dena den, Debako eta Elgetako egoitzek funtzio desberdinak dituztela argitu dute Diputazioko iturriek: «Portaera arazoak dituzten adingabeentzako programaren bigarren faseari dagokio Aixola zentroa. Bertara heltzen diren gazteek egonkortuago dituzte harreman sozialak, eta horrek bestelako proiektuei ekiteko aukera ematen du». Aldundiak harriduraz hartu ditu atzoko istiluak, Elgetako egoitzan «giro lasaia» egon delako azkenaldian.

Irakurketarekin kezkatuta

«Gertatutakoa penagarria izan da», adierazi du Gipuzkoako SOS Arrazakeriako kide Anna Sternek; «penagarria da hezitzaileek horrelakoak ikusi behar izatea; penagarria da zentroetan sor daitekeen tentsioa, eta penagarria da gazteentzat eurentzat, horrelako jokabideek ez dituztelako inora eramango».

Edonola ere, gizarteak gertaeron inguruan egin dezakeen irakurketak kezka eragin du SOS Arrazakerian: «Etorkin adingabeekin ezohiko neurriak hartu behar diren ideia indar dezakete, neurri horiek zertan oinarritzen diren zehaztu gabe». Sternek erantsi duenez, orain bi aukera daude: «Bata, mutiko horien jokabide negargarriari soilik erreparatzea, eta bestea, hausnartzea, ondo ez dabilen hori aztertzea. Hain justu halakorik berriro gerta ez dadin, hezitzaileak espazioz eta baliabidez hornitu behar dira, eskubideen errespetuan oinarrituta».

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)