Haurtzaroaren eta Nerabezaroaren Bulegoa sortuko du EAEko Arartekoak

arduratuko da erakunde berria

Berria, , 09-03-2010

Ainara Arratibel

Adingabeak babesteko planen harira, Haurtzaroaren eta Nerabezaroaren Bulegoa sortzea erabaki du EAEko Arartekoak. 2010. eta 2014. urteen artean erakundeak dituen asmoen berri eman zuen atzo EAEko ararteko Iñigo Lamarcak, eta bertan azaldu zuen bulegoa sortzeko asmoa. Orain arte erakundean adingabeen alorraz arduratu den Fermin Barcelo izango da hango arduraduna, eta hemendik hilabetera martxan izatea espero du Lamarcak.

PSE-EEren, PPren, Aralarren eta UPDren aldeko botoekin, Adingabeen Defentsoria kentzeko lege aldaketa onartu zen abenduan Eusko Legebiltzarrean. Defentsoria aurreko legegintzaldian sortu zuten, eta Rafael Masa eta Jesus Gutierrez aritu ziren defentsore lanetan. Defentsoria kentzearen alde bozkatu zutenek gogorarazi zuten Arartekoak ere adingabeen babes funtzioa betetzen zuela, eta, beraz, ez zela beharrezkoa beste erakunderik lan hori egiteko. «Jaurlaritzak Adingabeen Defentsoria kentzea erabaki zuen, eta hara bideratutako txostenak guri igorri dizkigu. Gure lana horiek bideratzea izango da», dio Lamarcak. Besteak beste, eskola jazarpena eta etorkin adingabeen egoera izango dira esku artean izango dituzten gai nagusiak.

Gainera, Lamarcak aurreratutakoaren arabera, adingabeei bideratutako webgune bat sortuko dute. Haurtzaroaren eta Nerabezaroaren Kontseilua martxan jartzeko asmoa ere badute datozen lau urtetan, adingabeen kezkak eta proposamenak entzuteko. Kontseilu hori probako programa baten bidez garatuko dute. Ekimen parte-hartzaileak bultzatu dituzten ikastetxeetara dago zuzenduta batez ere. «Haur eta nerabeen errealitatea zein den ezagutu nahi dugu ekimen sorta horren bitartez».

Aldaketak barne antolaketan

Erakundearen barne antolaketari begira ere hainbat aldaketa egingo dituzte. Hala, hiru Zuzendaritza Nagusi sortuko dituzte. Garrantzitsuena Idazkaritza Nagusia izango da. Faustino Lopez de Forondak zuzenduko du, eta herritarrek bideratutako proposamenak jasotzea izango da haren zeregin nagusia.

Herritarrekin harremana hobetzeko asmoz, Arartekoaren webgunea berrituko dute. Gizarte eragileekin eta beste herritarren defentsoreekin harremanak ere sustatu nahi dituzte datozen lau urtetan.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)