'Apartheid'-arekin paraleloan, haren aurkako arrazoibidea egin du Nadine Gordimerrek literaturaz. Idazle konprometitu gisa aurkeztu izan da, baina nola eragiten du literaturak aldaketa soziopolitikoetan?
Ezin egin ihes
Berria, , 28-02-2010Jon Benito.
Asko eztabaidatu da idazleak bere inguruko arazoetan izan beharko lukeen inplikazioaz. Sonatuak izan ziren 80ko hamarkadan Euskal Herrian idazlearen konpromisoaz idatzi ziren artikulu haiek.
Nadine Gordimerrek konprometitutzat dauka bere burua, eta idazleak gai horri dagokionez xumea behar duela izan dio: «Atzera begiratzen badut, egungo garaietan, idazleek balantzaren pisua desorekatzea lortu duten herri bakarra Frantzia dela konturatzen naiz». Emile Zolak Dreyfus kasuan J´accuse historiko harekin, edo Camusek, Sartrek eta Simone de Beauvoirrek II. Mundu Gerraren garaian egoera injustuen balantzan indar egiteko ahalmena izan zuten. «Ez dut ezagutu, Vlaclav Havel bezala idazle izan eta, politikari izatera aldatu ziren horiez gain, eragin determinantea izan duenik. Idazleak ez dira politikari onak izan».
Politikariak herritarrei begira egiten du lan, idazleak irakurleen begietarako. Politikaria masa bati ari zaio, idazlea banako askori. Gordimerrek banakoengan jartzen du fedea. «Gatazkan dauden gure herrien egia sozialak erakusten saiatzen garenok gizarte justu eta libreagoetan bizi diren irakurleengan eragin dezakegu». Idazleari administraziotik aldendutako botere bat aitortzen zaio, beraz. Ahala badu, bitartekoak badituenez: literaturaren bidez, zapaldutako gizarteetan gertatzen denaz konturatu daiteke jendea, bere pentsaera zabal dezake. Telebista eta egunkarietan ikusitako irudiei testuinguru bat ematen die literaturak, irudiak gizatiartu egiten ditu. «Telebistan istiluen irudiak ikusten dira; protesta jendetsuak, hilketak, negar gasen bidezko polizia jazarpena, baina ikusleak ez daki nola sentitzen zen jendea manifestaziora joan zenean, ba ote zen familiako eztabaidarik, belaunaldien arteko gatazkarik edo elkarren arteko hausturarik, familiakoren batek matxinatuekin bat egin zuelako eta beste batek ez». Literaturak erakusten dizkigu arrakala eta zalantza horiek.
Gordimerren hitzetan, bere istorio literarioek ez dute soilik zapalkuntza salatzen: «Sentimenduak erakusten ditu, jendeak nola egiten dion aurre errealitateari». Eta irakurlea pertsonaiaren azalean sartzen da, hark bezala pentsatzen du une batez, eta hortik dator, etortzekotan, aldaketa.
Kontzientzia
Idazlea, politikoki ez, zibikoki egon al daiteke konprometituta?
1991. urtean, Nobel saria eman ziotenean, argudioen artean, haren lan epikoek gizateriari eskaini dioten zerbitzua eta onura aipatzen zen. Beretik abiatzen da, testuingurutik edaten du, asmo bat gizarteratzen du. Pertsonatik pertsonara idazten du. Bere nahiak helburutzat agertzen ditu. Baina hegoafrikar eta emakumezko izatea, lanari eransten zaion balioa da, harrotasun motibo bat, ala zirkunstantzia kasual bat gehiago?
‘Apartheid’-arekin paraleloan
Munduak bereizteko harresi asko egin dira: generoari dagozkionak dira batzuk, azalaren koloreari loturikoak beste batzuk; ugazaba ala maizter izan ez da gauza bera, dirua izan ala ez bizitza ezberdin da… Baina Gordimer emakumezkoa da, ingeles hiztuna, zuria eta judu jatorrikoa. Ez da erraza Hego Afrikako testuinguruan koordenatu identitario horiekin kokatzea: identifika daiteke zapaldutakoekin, baina ez da euretakoa, urrun dago. Kontraesan horretatik abiatzen da, Gordimerren lanen aberastasunetako bat.
Nolabait esateko, Gordimerren bizitza eta apartheid-aren jaiotza, hedapena, leherketa eta desagertzea paraleloan doaz. Afrikanerren National Partya boterera heldu zenean, 1948an, adibidez, Gordimerrek 25 urte zituen. Soweton, 1976an, zanpatuen kontzientzia egin zenean, Gordimerrek 53 urte zituen. Bizia apartheid-arekin batera, paraleloan, haren aurka joan zaiola ematen du. Horrela, haren sorkuntza bakoitza, ekinaldi politiko bat bilakatzen dela irudi daiteke.
Aldarri bat bainoago, kontzientzia hartze bat da haren lana. Jendetasunaren berezkotasuna bilatzen du, hezur-haragizkoaren beldur eta desirak, zalantzak eta ikarak, arrazazko harresien gainetik erakustea. Egoeran jartzen ditu pertsonaiak, atakan, zirkunstantzia moral eta etikoetan, irakurlea galderen aurrez aurre jarriz.
Baina fikzioak, literaturak, ezin du gertakari historiko batzuen ikerketa modu nagusia izan. Historia liburuetako lerro hotz eta objektiboen ondoan humanizaziorako urratsak dira nobelak, literatura. Fikzioz egiten du errealaren salaketa Gordimerrek. Baina mundu errealak eta literarioa eskutik emanak ikusiko ditu irakurleak, bien arteko harresi batzuetan hain gordina, lanbrotuta eta erdi ezabatuta aurkeztean. Haren ustetan, fikzioak ez du inoiz egia estraliterariotik aldendu behar, ezin du saihestu, harria eta ukazioa bezain gordina den errealitatea osatu behar du literaturak. Eta horretan saiatu da, eta horretan dautza haren konpromisoak.
(Puede haber caducado)