Nadine Gordimer. Idazlea Nadine Gordimer, hegoafrikar idazle eta Literaturako Nobel sariduna, arrazakeriaz, literaturaz eta kolonialismoaz mintzo.

«Nik gizakiak baino ez ditut ikusten»

Berria, , 28-02-2010

Harald Neuber.
Habana

Nadine Gordimer idazleak Literaturako Nobel saria irabazi zuen 1991n bere literatura lanengatik, baina ezaguna da Hegoafrikako apartheid sistemaren kontra gogor egin zuelako ere. Kuban, Habanako Liburuaren Nazioarteko Azokan izan berri da idazlea, A Sport of Nature liburuaren espainolezko argitalpena (Un capricho de la naturaleza) aurkezten.

1987an kaleratutako eleberri horretan, zure beste lan batzuetan bezala, arrazakeriari heldu diozu literaturaren ikuspegitik. Zertan da Hegoafrika alde horretatik?

Arrazakeria aztertzea da, nola ez ba, nire literatur gai nagusietako bat. Nik gizakiak ikusi izan ditut beti, ez arrazak. Baina zure galderari helduta, zertan den Hegoafrika gaur egun? Apartheid-a bukatu zela hamabost bat urte pasatu eta gero, munduko konstituziorik aurrerakoienetako bat dugu, eta bazterketaren kontrako jarraibide erabakigarria zehazten digu. Arrazoi historikoak direla medio, Nelson Mandela gurekin edukitzeko zorte zoragarria izan genuen. Baina begira ezazu zer gertatu den geroztik: Zimbabwen, Robert Mugabe sekulako txikizioak egiten ari da orain.

Baina aurrerantzean nola egin beharko litzaioke aurre arrazakeriari?

Haren sustrai historikoak ezagutuz: arrazakeriaren iturburua, maiz asko, kolonialismoa da.

Eta gizarte auzia…

Hori ere garrantzizkoa da, dudarik gabe. Begira iezaiozu nire herriari, Hegoafrikari. Langabezia %30 da, baina aldameneko herrialdean, Zimbabwen, askoz latzagoa da egoera; horregatik etortzen dira Hegoafrikara asko eta asko, lanpostu eskas horietako baten bila. Hori guztia azaltzeko, xenofobia ez da nahikoa. xenos hitz grekoak, hain zuzen, arrotz esan nahi du, baina guk senide arteko gerra zinezko bat dugu. Zuk, alemana zaren aldetik, badakizu hori zer den, zure herriaren historiagatik: Hitler ere gizartearen miseriaz baliatu zen 1930eko hamarraldian, izuzko bere erregimen hura sortzeko eta pobretzearen biktimak elkarren kontra jartzeko. Orain ere badira horrelako mekanismoak.

Kolonialismoaren ondorioak aipatu dituzu. Gaur egun, Latinoamerikan mugimendu politiko eta ekonomiko indartsu bat dago garai batean potentzia kolonial izaniko herrialdeen menpe egotearen kontra. Hori al da XX. mendeko borrokaren segida?

Mintzatokian nintzenean, galdetu zidaten zein den nire ametsetako mundua. Ez naiz izango nitaz bakarrik mintzatzeko bezain harroa, baina bai nire kideentzat, bai niretzat, gizakientzako justizia izan da gidaria apartheid-aren kontrako borrokan. Justiziaren aldeko borroka horri gogor heltzeko, ez da nahikoa herrialde bat, bera bakarrik, buru-belarri ibiltzea horretan: ezinbestekoa da beste herrialde batzuekin harremanetan egotea. Horregatik, arrunt garrantzitsuak iruditzen zaizkit Hegoafrikaren eta Kubaren arteko harremanak. Ezin diogu Ipar-Hego elkarlanari bakarrik erreparatu: Hegoko estatuen elkarlana ere sendotu eta indartu beharra dago.

Hori bitarteko bat izan daiteke kolonizazioaren ondorengo gizarteen arazoak konpontzeko?

Ez nago seguru horren bitartez arazo guztiak konpon daitezkeen, baina, dudarik gabe, lagundu egingo luke.

Kubak, behintzat, badu hezkuntza sistema bat, eta, Liburuaren Azokan ikusi den bezala, asko lortu du argitaletxeen alorrean ere.

Dudarik ez dago kultura hedatu izana dela herri txiki apal honen lorpen handietako bat, eta ezin ahaztu dugu AEBen blokeoa gorabehera lortu duela hori guztia. Kubak badaki kultura garrantzitsua dela gizakia aska dadin. Nik espero dut gu antzera garatu ahal izatea Hegoafrikan. Nire herrialdean, 11 hizkuntza daude, baina komunikabide nagusietan bi bakarrik erabiltzen dira: ingelesa eta afrikaansa. Haurren eta gazteen artean, telebistak eragin handia du. Irudia hitzari nagusitu zaio. Hori aldatu beharra dago.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)