Larrepetit

Egia galdu bat

Berria, Castillo Suarez, 23-02-2010

Esan gezur bat mila aldiz / errepikatu hitzez hitz / handik gutxira ikusi / egia bihurtzen. Berri Txarrak-en kanta ezin aproposagoa da krisiaren aitzakian etorkinei buruz gailentzen ari den jarrera azaltzeko. Izan ere, eta kontrakoa eman dezakeen arren, etorkinak ez dira bertakoen lanpostuak hartzen ari. Datuek erakusten dute bai bertakoek eta bai etorri berriek beren lanpostuak galdu dituztela, baina batik bat etorkinak direla galdu dutenak; alde horretatik, garbi dago ez direla bertakoak ordezkatzen ari. Haatik, oso zabaldua dagoen ideia da jende asko dagoela prest lan egiteko, eta joera etorkinak kontratatzekoa dela soldata txikiagoen truke lan egiteko prest daudelako. Datuek, ordea, bestelako errealitatea erakusten dute: beste herrialdeetatik etorritakoak dira une honetan egoerarik latzenean lanpostu bat eskuratzeari begira.

Errudun batzuk behar ditugu. Krisialdi guztietan izan dira errudunak, eta errudun hori aurkitzeko modurik errazena da talderik ahulenari leporatzea krisiaren jatorria, eta, bidenabar, atzerritartasun legeak gero eta gogorragoak behar ditugula justifikatzea, bertakoen eta etorkinen arteko amildegia areagotuz. Paradoxa eman lezake, baina apartheid juridikoan bizi direnak, eta, beraz, gure eskubide berberak ez dituztenak inondik ere eta zer esanik ez aukera berberak gure etsai dira hala izendatu ditugulako. Eta oso zaila da ideiari buelta ematea egun jarrera arrazistak eta xenofoboak ez direlako muturreko batzuenak soilik.

Gezur bat, egia galdu bat, dio kantak. Eta zeinen zaila den galdutako egiak berreskuratzea.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)