Kale gorria aterpe

Etxegabeak eta bazterketa arriskuan direnak gizarteratzen lan egiten du RAIS fundazioak Donostian; 118 etxegabe artatu zituen iaz Caritasek ohartarazi du atzerritarrei eragin diela krisiak, eta xenofobia areagotu dela

Berria, mikel peruarena, 11-02-2010

Kalea puzzle birrindua da. Handik atera nahi duenak, banaka-banaka elkartu behar ditu piezak, urratsez urrats joan. Puzzlea berrosatzeko helduleku gutxi ditu, ordea, kalean bizi denak. Heldulekuetako bat da RAIS gizarteratzeko sostengu sarea. Donostian eta Bilbon lan egiten du elkarteak 2000. urteaz geroztik. Bazterketa edo arrisku egoeran dauden pertsonen gizarteratzea laguntzea du xede. Donostian eguneko zentroa dute, baita bi gizarte langile ere, kalerik kale ibiltzen direnak, etxegabeekin tratuan. Ez da lan samurra. «Kalea utzi nahi dut» esaldia entzuteak min guztiak sendatzen dizkie, ordea.

Konfiantzan oinarritzen da RAISen lana, Ander Amunarriz fundazioko gizarte langilearen esanetan. 2002az geroztik etxegabeekin, kalean bertan, lan egiten du Amunarrizek. Iratxe Garcia pedagogoa berarekin hasi zen duela bi urte. Astelehenetik ostegunera, beti egun eta ordu berberetan, Donostiako Parte Zaharra, erdialdea, Amara eta Gros korritzen dituzte, etxegabeekin solasean. Goizez egiten dute beti itzulia, «jendea hobeto dagoelako», Amunarrizen hitzetan: «Arratsaldez, leku ezkutuagoetan egoten dira, gehiago edan dute, eta esku hartzea askoz ere zailagoa da».

Errezeloak apurtu behar dituzte askotan. «Gizarte laguntzarekin askok ez dute oso esperientzia ona izan». Horregatik, etxegabeak irabazteko, ahalik eta traba gutxien eginez aurkezten dute beren burua, eta informazioa eskaintzen diete. Pixkanaka, konfiantza sortzen doa. «Jendearekin loturak lantzen ditugu, haiek eroso sentitzeko».

Aldatzeko motibazioak

Zubiak eginda, itxaronaldia hasten da. Tarteka eskaera txikiak egiten dizkiete etxegabeek: dokumentazioa egitea, edo medikuarengana joatea, edo kalea uzteko prozesu bat hastea, «era guztietako eskaerak». Zirikatu ere egiten dituzte tarteka, beti etxegabeek beraiek emandako makuluei helduta, Amunarrizek dioenez: «Esaten badute: ‘Jo, hau negu gogorra!’, guk esaten diegu: ‘Ba badaude toki batzuk…’. Bilatzen ditugu ateak, aldaketara motibatzeko». Batzuekin, urteak joan eta urteak etorri, ez da ezer aldatzen. Baina bat-batean, ez jakin zergatik, bat lehertzen da, eta kalea utzi nahi duela esaten du: «Horregatik, oso inportantea da hor jarraitzea, eustea, urteak pasatu arren ezer lortu gabe». Oraintxe, «oso momentu interesgarria» dute talde batekin. Elkarrekin kalean bizi zirenak, hiru hasi dira kalea uzteko prozesu batean, eta beste bat hastear dago.

Taldeekin lan egitea zaila da, dena den. «Batzuetan etsia hartzen dugu jende bera hondatua, kronifikatua… ikusten». Gehienek arazoak dituzte alkoholarekin, edo buruko osasun arazoak dituzte. Garcia eta Amunarriz konturatuak daude osasun arazoak izan ohi direla kalea uzteko motibazioetako bat, eta baliatzen dute hori: «Norbait gaixotzen bada, pentsatzen hasten da». Donostiako Ospitaleko gizarte langileekin harremanetan daude, eta etxegaberen bat ospitaleratu dutela jakin orduko, hara joaten dira. «Momentu baxuagoan harrapatzen ditugu»; errazago egiten zaie kalea uztera animatzea.

Norbaitek laguntza eskatzen duenean, «orduan hasten dira zailtasunak»: ez dutela dokumentaziorik, ez daudela erroldatuta, ez dutela osasun txartelik… RAIS fundazioa ate bat da. Etxegabeen eskaerak jaso, eta beste zerbitzuetara bideratzen dituzte. RAISeko Donostiako zuzendari Maria Romerok dioenez, ez dituzte zerbitzuak bikoiztu nahi, «badaude bere lana oso ondo egiten duten erakundeak». Nolanahi ere, dokumentazioa eta errolda egitea izan ohi dira lehen urratsak, horiekin beste zerbitzuetara sar bailitezke.

Donostian, 170 etxegabe

Zenbat jende bizi den kalean, datu zehatzik ez dago. Azterketa «sakonak» falta dira. Baina RAISeko langileek uste dute 170 bat izan litezkeela Donostian. Haietatik 118rekin tratua izan dute 2009an. Ez dute guztiek prozesu bat hasten, baina Amunarrizen eta Garciaren lana ez da kalean amaitzen. Tarteka lortzen dute etxegabe batzuk RAISen San Bartolome kaleko eguneko zentrora, Topalekura, joatea. Eguneko zentroan hainbat zerbitzu dituzte: ludoteka, ordenagailuak, posta zerbitzua… Tailerrak, irteerak eta zine forumak ere egiten dituzte. Giro hori, babesa eskaintzea da asmoa, beharrean denak eskaera egin dezan. Romerok azaldu du: «Kalekoa eta Topaleku programa osagarriak dira. Prozesu batzuk zentroan hasten dira. Eskatu arte hor egon behar duzu; egoeraz ohartu, eta laguntza eskatzen ez duten bitartean, alferrik da. Eskatu egin behar dute». Etxegabeak bakarrik ez, bazterketa arriskuan daudenak ere biltzen dira Topalekura. Iaz 371 lagun artatu zituzten, gehienak gizonak emakumeak 39 izan ziren.

Kalea uzteko prozesua hasten dutenek baliabide ezberdinak dituzte, Emausek kudeatzen duen Gipuzkoako Foru Aldundiaren zentroa, esaterako. Hiru hilabetez bertan egoten dira, ohiturak eta diziplina hartzen, droga eta alkoholik kontsumitu gabe. Bi psikologoren laguntza ere badute, nora jo, nondik hasi erabakitzen laguntzeko. Prozesu horretan, RAISeko langileek ere sostengatzen dituzte etxegabeak. Baina uneren batean eten behar dute harremana. «Komeni da, gainera, gugandik baztertzea», ohartarazi du Amunarrizek. Egonaldia gaindituta, gutxienez urtebeteko iraupena duten gizarteratzeko programetara igarotzen dira. «Horietara iristen direnean amaitzen da gure lana», zehaztu du Romerok.

Aldaketa handia da. Urtetan kalean bizitu dira, diziplinarik eta araurik gabe, eta batzuei ez zaie samur egiten. Donostiako elizbarrutiko Caritasen ordezkari Jose Ramon Treviñoren hitzetan, «beti dago jendea zentro batera joan eta gutxieneko arau batzuk hartu nahi ez dituena. Baina nik uste dut gehiengoak nahi duela bizimodu erosoago bat. Oso gogorra da kalean egotea, eta neguan gehiago. Pertsona hauek ez dute, bakarrik, gorputzeko hotza, baizik eta arimakoa, bihotzekoa. Horri garrantzi handia ematen diogu. Bazkaria bezain inportantea da hori. Eta hortik bideratzen ditugu gizarteratze prozesuak».

Caritasek jangela soziala, negurako aterpea eta beste hainbat zerbitzu eskaintzen dizkie behar gorrian direnentzat. Duela bi urtetik hona badu programa berezi bat, «aintzindaria Europa guztian». Kronifikatuta daudenak, adikzio handiekin, buruko gaixotasunekin, artatzen dituzte Eutsi zentroan. «Beti lan egiten dugu prozesu bat egin dezaten, izan dezaten aukera bizitza autonomoa egiteko, ez beti zerbitzuen mende egoteko, pobrezian eta bazterketan», azaldu du Trebiñok. «Oso utziak» zeuden pertsonekin, hogeiren batekin, ari dira lanean Eutsi-n. Hainbat jarduera egiten ari dira, okerrera egin ez dezaten, eutsi diezaioten. «Emaitza izugarri onak ematen ari da, droga eta alkohol kontsumo aldetik eta. Duela bi urte ezinezkoak ziruditen gauzak lortzen ari gara».

Larri zeudenen krisia

Krisiak ez du jende gehiago «bultzatu» kalera, hala berretsi dute Trebiñok eta RAISeko langileek. Baina bazterketa arriskuan zeudenen egoera okertu du. Caritasek, iazko urtarriletik ekainera, igoera handia sumatu zuen jangelan. «Saturazio handia izan genuen, eta kontrolatu egin dugu», azaldu du Trebiñok. Hala ere, ez dute inor uzten jan gabe, arropa garbitu gabe, edo dutxatu gabe: «Inori ez zaio ukatzen bokadiloa».

Atzerritarrak dira krisialdia gehien sufritzen ari direnak. Horretan ere bat datoz RAIS eta Caritas. Lan baldintzak kaskartu zaizkie, eta lana galdu ere egin du askok, baimenak berritzeko aukera galduz. Bestalde, krisiarekin, «zabaltzen ari dira xenofobia eta arrazakeria», Trebiñok dioenez. Pobreziari eta bazterketari aurre egiteko, gizarte osoak duela ardura nabarmendu du. Krisiari, «barnean eta funtsean», balioen krisia sumatzen dio, «gizarte eredu baten krisia, pertsona eredu batena». Hala ere, baikorra da Trebiño: «Ikusten ari gara krisia elkartasun asko sortzen ari dela. Zailtasuna aukera bat bilakatzea, horrek adierazten du gizartearen barrenean badagoela bihotza».

Nabarmen ugaritu dira jantoki sozialen erabiltzaileak

Jantoki sozialetara joaten direnen kopurua igo egin zen iaz hiriburu guztietan. Adibidez, Gasteizko jangeletan %140ko igoera izan dutela adierazi du Udalak. Iaz 77.340 bazkari eta 77.305 afari eman zituen Desamparadasetako jangelan; alegia, egunean, 4.200 otordu baino gehiago. Konparaziorako, 2008ko abenduan 10.980 otordu eman zituzten. Iaz, hilabete berean, 17.330 igoera %57,8koa izan da. Bilbon, hiru jangela sozialetan, egunean 646 menu ematen dituzte. Iruñean ez da jantoki sozialik, baina udal aterpean otorduak ematen dituzte. Angelun (Lapurdi) Gaueko Mahaiak afariak ematen ditu, eta aterpeak, bazkariak. Donostian badira bi jantoki sozial; horiek ere beteta egon ziren iaz.

5.488

Gizarte larrialdiko laguntzen eskaerak Gasteizen. %38 igo dira gizarte larrialdiko laguntzen eskaerak Gasteizen. 2008ko abenduan 3.977 lagunek eskatu zuten, eta iazko abenduan 5.488k. Oinarrizko errenta eskatu dutenen kopurua, berriz, %57 igo da 2008ko abenduan 3.393 lagunek eskatu zuten oinarrizko errenta, 2009ko abenduan, berriz, 5.341ek. Udalak ematen dituen laguntza osagarrien eske joan direnak, berriz, %210 ugaritu dira Gasteizen. 2008an 109 lagunek eskatu zuten laguntza hori; iaz 338 izan ziren. Pertsona berak eskaera ugari egin ditzakeela kontuan hartuta, 5.925 izan dira Gasteizko Udaletik gizarte laguntzaren bat jaso duten herritarrak.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)