Alexandra Halkin .. Zinemagilea Chiapas Media Projecten barruan ekoitzitako 'Migrar o morir' dokumentala erakutsiko du gaur Zinema Sozialeko Jaialdien Topaketan.

«AEBetan, egiaren berri izateko jakingura duen jende ugari dago»

Berria, , 04-02-2010

rune Berro.
Bilbo

«Kubako iraultzaren urtean» jaio zela dio Alexandra Halkinek (Chicago, Illinois, 1959). Munduko herrialderik boteretsuenetakoan hazi eta hezi arren, bestelako sistema duten herrialdeak ezagutzeko irrika izan du beti. Mexikoko indigenen bizimoduak, esaterako, interes handia sorrarazten dio. Hainbeste, ezen Chiapas Media Project ekoizpen zentroa sortu zuen 1998an, zapatistei hedabideak eratzen laguntzeko, eta han ekoitzitako lan dokumentalak munduaren luze-zabalean hedatzeko. Horretaz gain, Kuban egindako filmak ere zabaltzen ditu, AEBetan. «Blokeoa geldiarazi behar dugu», dio irmotasunez.

1995ean joan zen aurrenekoz Chiapasera, gobernuz kanpoko erakunde batek enkargaturiko bideo bat egitera. «Berehala ohartu nintzen: nazioarteko kazetari asko zeuden, baina zapatistei buruz hitz egiteko egokienak zapatistak eurak ziren. Inork ez zuen euren borroka eta egoera hobeto azalduko. Maiera hitz egiten dute, eta hizkuntza hori ezagutu gabe ezin duzu euren errealitatea dimentsio osoan ulertu».

Nork bere buruaren jabe izan behar duenez, nork bere ahotsa izan behar duela sinetsita dago Halkin. «1994ko altxamenduaren ondoren buruzagi zapatistak euren hedabideak egitearen aldeko azaldu ziren. Testuinguru horretan otu zitzaidan ekoizpen etxea sortzea. Asmoa ez zen nik neuk inor trebatzea. Mendeetan jasan behar izan dute kanpoko jendearen ezjakintasuna; euren herriaz hitz egin dute, nola bizi diren kontatu, ideia zipitzik izan gabe». Halkin ez zegoen prest jokabide kolonialista horri segida emateko, «inondik inora ez». «Helburua ez zen estatubatuarrak edota europarrak Chiapasen inoren irakasle modura aurkeztea, herrialde hartako jendeak elkarrekin lanean jartzea baizik». Gaur egun, teknologia berriak «ia edonork ibiltzeko modukoak» direla aintzat harturik, hango jendearen eskura jarri zituzten, hango batzuek irakatsita komunitate zapatistek eurek erabil zitzaten, «inoren esku sartzerik gabe». San Cristobalen dago Chiapas Media Projecten egoitza nagusia. Chicagon, ordea, badute beste bat. Handik banatzen dituzte indigenek ekoitzitako bideoak. Hamar urtean, 28 bideo lan ekoitzi dituzte, dokumentalak denak, fikziozko film bat izan ezik. «Garatzen dituzten ekimen komunitarioei buruzko lanak dira: bidezko merkataritza, eskulangintza, baratze organikoak eta medikuntza tradizionalaren eta ofizialaren ingurukoak».

Bideo lan horiek guztiak AEBetako unibertsitateetan zabaltzen ditu Halkinek, emanaldiez eta hitzaldiez. Izan ere, «AEBetan, egiaren berri izateko jakingura duen jende ugari dago, hango gizarteaz ematen den irudi kontsumista eta lokarraraziaren aurka».

Jaten dituzten elikagaietako asko Mexikoko Sinaloa estatutik datozela azaldu du Halkinek Capitolen 19:30ean aurkeztuko duen Migrar o morir dokumentalean. Mexikoko Guerrero estatuko indigenek lantzen dute Sinaloako lurra. «Muturreko egoera dute, pobrezia latza. Mendiak atzean utzita, Mexikoko iparraldera doaz laborari moduan lanera. Analfabetoak dira, eta esklabotzat tratatzen dituzte. AEBetako jendeak jakin behar du zein egoeratan behar egiten duten euren elikagaiak lantzen dituztenak». Sinaloako agintariei gutunak bidaltzeko kanpaina abiarazi du Halkinek AEBetako herritarren artean. «Eta presioa sentitu dute, Sinaloara joateko eta praktika onak ezagutzeko gonbita egin baitidate». Halkinek dudarik ez du: «Mundua eraldatzeko tresna da zinema».

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)