Gazte atzerritar babesgabeak

Berria, Cesar Manzanos Soziologia doktorea, 03-02-2010

Puri-purian eta oraindik bideratzeke dagoen gaia da erakundeak gaur egun zer-nola erantzuten ari zaizkion gazte atzerritar babesgabeen arazoari; laguntzailerik gabeko adingabe atzerritar (menas) gisa definitu izan dituzte erakundeek. Urte hauetan ugaritu egin dira gatazka adierazpenak, eta bolbora bezala barreiatu Bizkaitik Gipuzkoara lehenik, eta Arabara orain. Menas gazte horien egoerari aurre egiteko erakundeek zer-nola erantzun duten azaltzeko, berriz, hiru kontu aztertu behar dira aurretik.

Lehenik eta behin, haur, nerabe eta gazte baztertuei buruzko politiken testuinguruan sartu behar dugu gertakari honekiko erantzuna; gaur egun, babes politiken barruan dago jasota erantzun hau. Hala, bada, gazte horiek laguntzailerik gabeko adingabe atzerritar gisa definituz gero, kontzeptu horren eta beste batzuen arabera zurituko dugu haiek harrera etxeetan behin-behinean eta giltzapealdi irekian edukitzea; aldiz, arriskuan nahiz egoera ahulean dauden nerabe baztertu gisa definituz gero, osoko babes-politikak lortu beharko ditugu, eta ez genituzke behin-behinean alboratuko, eta gero berriro ere bertan behera utziko 18 urte bete aurretik ihes egin dutelako, aberrira ez ditzaten; eta harrera etxetik irten beharrean gertatu eta kale gorrian geratu direlako, herrialdetik kanporatu ez ditzaten.

Bigarrenik, erakundeen erantzunaren inguruan dugun ikuspegia osatzeko, laguntza eta salaketa elkarteen sarean izandako eskarmentutik abiatu gara; banako bakoitzaren egoera jakinak ezagututa aztertua dugu gertakaria. Eta eskarmentuak erakutsi digu gure gizarteko estatu erakundeek baztertu egin ohi dituztela erkidegoaz besteko herrialde pobretuetatik datozen haur, nerabe eta gazte baztertuak. Izan ere, eragozpen handiak jartzen dizkiete, beren egoera arautzeko, eta, aldiz, haiek aberriratzea lehenesten dute, alegia, kanporatzea eskubiderik oinarrizkoenak errespetatuko dizkieten berme juridikorik gabe, sarri askotan.

Hirugarrenik, eskertzekoa da gure foru erakundeek egindako harrera lana, txalogarritzat baitaukagu herrialde pobretuekiko elkartasun ekimenak gure herrialdera ekartzeko ahalegina. Horrek ez du esan nahi, ordea, egokitzat daukagunik gertakari hori kudeatzeko modua; aitzitik, gure ustez, nabarmen hobetu liteke, bestelako irizpide eta programa batzuk baliatuta.

Erakundeen jokabideari egindako kritikek, berriz, Atzerritarren Legea ezartzea lehenetsi izana dute oinarrian. Lege horren arabera, «arriskutsutzat» jotzen dira pertsona horiek, alegia, arazotzat dauzkate adingabe atzerritarrak, arriskutzat, lastatzat. Gure iduriko, babes legeak ezartzea lehenetsi beharko litzateke, diren-direnean hartzea pertsona horiek: egoera ahulean edo arriskuan dauden adingabe atzerritartzat. «Adingabe arriskutsu» delakoaren paradigma lehenetsita, atzerritar izaera inposatuta, honako ondorio hauek ekar diezazkiekete: errepresioa, kontrola, kanporatzea, salbuespen egoera, klandestinotasuna, eskubideez gabetzea, eta, nahi baino gehiagotan, kriminal bihurtzea etorkizunean, edo erreformatorioetan eta espetxean giltzapetzea. Horrek berekin dakar, orobat, legeak modu arbitrarioan ezartzea gaur egun.

Politika murriztaileen ikuspegikoak dira erantzunak, eta immigrazioa kontrolatzeari buruzkoak; haur babesgabeak babesteko gizarte politiken ikuspegitik kanpo daude. Babes neurriak ezartzen dituzte, baina haiek zentro espezializatuetan jagoteko eta geldiarazteko neurri gisa. «Harrera etxe» eta «erakunde etxe» esaten diete zentro horiei, eta kanporatze eta giltzapetze politiken logikaren barruan daude; kanporatze politika horien araberakoak izan ohi dira gizarteratze politikak.

Gai horri dagokionez, bikoitza da sakoneko arazoa. Batetik, ez dago benetako gizarte politikarik migrazio alorrean; hautazkoa eta hertsagarria da arautze politika. Bestetik, «adingabearen interes nagusia lehenestea» oinarri duen kontzeptua interpretatzeko modu bat dute, eta, ustez, horrek arautzen ditu 18 urteko adingabeak babesteari eta zigortzeari buruzko legeak, despoten eta helduen moduan arautu ere: «Dena, adingabearen interes nagusiarengatik, baina adingabea kontuan hartu gabe».

Gabezia horiek eta ikuspegia halakoa direla bitarteko, maiz ez da jagoletzarik gauzatzen, administrazio eskumendunek ez dutelako beren gain hartu inolako erantzukizunik. Besteak beste, honako hauenik:

-Erakundeen artean pilotan aritzea, administrazio batzuek eta besteek elkarri egotzi ohi baitiote fardela, alegia, menas horien arazoa.

-Gizarteratzekoak eta kanporatzekoak direnen artean bereiztea; lege agiriak lortzea ez da menas izenekoek berez duten eskubide bat, baizik eta jokabide egoki eta ongi frogatu baten sari gisa eskuratzen dutena.

Adingabe agiridunen hezur probak lehenestea -agiririk gabeko atzerritarren gutxi gorabeherako adina zehazteko erabili ohi dituztenak; haien pasaporteetan adina ageri denez gero, duten benetako adina egiaztatzeko agiri ofiziala beharko luke izan.

-Paradoxa bitxia gertatzea, gizarte ongizateko erakundeak adingabeen fiskaltzarekin gatazka gaiztoan sartu direlako; fiskaltzaren betebeharra da, hain zuzen, erakundeek beren gain harturiko adingabe atzerritar horiei dagozkien lege eskubideak aldeztea, hala nola jagoletza eskubidea ziurtatzea. Kontzientzia gizartekoiagoa beharko lukete izan gizarte ongizateko erakundeek, eta halako gertakariak jorratzerakoan ez jardun bakar-bakarrik lege ikuspegi batetik. Eta abar.

EAEri dagokionez, 2005eko maiatzeko Arartekoaren Txostenean argi jasota daude, besteak beste, zer ondorio dakartzan erakundeen arteko elkarlanik ezak eta irizpide komun batzuk ez izateak, eta batzuen anbiguotasunak eta erakundeen parte-hartzerik ezak. Gaur egun, lau urteren buruan, puri-purian dago oraindik txosten hori, zoritxarrez.

Horraino, laburbildurik, gure egoerari buruzko diagnostikoa. Eta hortik abiaturik, esan gabe doa, gure helburu nagusia da gizarte eztabaida bat sortzea erakunde eta elkarte taldeen barruan nahiz kanpoan, behin betiko amai daitezen esplotazioa, klandestinotasuna eta babesgabetasuna, horiexen eraginpean baitaude gizarte egoera ahulean dauden haur, nerabe eta gazte baztertu guztiak, eta, esaterako, atzerritar gazte babesgabeak.

(Erredakzioan itzulia)

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)