Etorkin baten kanporatzea

Etxera itzuli ezinik

Donostiako epaile batek kontrakoa agindu arren, Frantziako Poliziak Hendaian atxikita dauka Bilbon bizi den etorkin bat. Senideek egoera salatu, eta kezka azaldu dute Marokora kanpora dezaketelako.

Berria, , 02-02-2010

Oso izututa eta beldurtuta nago. Nik nahi dudan gauza bakarra senarra etxera itzultzea da. Ez du ezer egin, eta ez dut ulertzen zergatik daukaten atxikita. Edozein unetan Marokora kanpora dezakete». Malko artean Mari Mar G.-k egindako salaketa etsia da. Mari Mar G. Bilbon bizi den etorkin baten emaztea da. Senarrak F. B.-k hamar egun daramatza Hendaiako (Lapurdi) atxikitze zentroan, «inolako arrazoirik gabe». Egun hauetan haren abokatu Javier Galparsoro buru-belarri aritu da egoera konpondu nahirik, baina ez du lortu. Donostiako epaile batek arrazoia eman die, eta bertan behera utzi zuen Frantziako Polizia egitera zihoan kanporatzea. Haatik, Frantziak bere horretan jarraitzen du, eta atzo bertan jakinarazi zioten ez diotela etxera itzultzen uzten. «Egoera hau ulertezina da, Espainiako eta Frantziako poliziak nire bezeroaren oinarrizko eskubideak urratzen ari baitira, baita Atzerritarren Legean esaten dena ere», dio Galparsorok.

Biek egun batzuk egin zituzten Parisen, F. B.-ren familia bisitatzen. «Nire aitaginarreba gaixo dago, ia ezin da ibili. Beraz, bisitan joan ginen». Mari Mar G. senarra baino egun batzuk lehenago itzuli zen Bilbora. «Aldez aurretik ere egonda geunden Parisen, eta arazorik gabe egin genituen joan-etorriak». Urtarrilaren 21ean, ordea, Paristik trenez itzultzen ari zela, Frantziako Poliziak atxilotu egin zuen F. B., eta Hendaiako atxikitze zentrora eraman zuten, ondoren kanporatua izateko. «Zerbait egin izan balu, normala atxilotzea. Baina nire senarrak ez du ezer egin. Ez dute ezer haren kontra. Ez digute ezta atxiloketaren arrazoia ere eman».

Urtarrilaren 26an jarri zuen Galparsorok helegitea Donostiako epaitegian. «Guztia legez kontrakoa da. Kanporatze agindu bat edo sarrera debeku bat dagoenean, abokatu bat izateko aukera dute etorkinek. Kasu honetan, ordea, ez zen horrela izan». Bi ordu geroago epaileak bertan behera utzi zuen kanporatze agindua. Hurrengo egunean erabakia berretsi zuen. «Horrekin dena konponduta egongo zela espero genuen. Ez genuen espero hau gertatuko zenik. Izan ere, halako aginduak bertan behera uztea bidezkoa da, baldin eta arrazoi sozial, ekonomiko eta politikoengatik kaltetua une horretan bizi den herrialdean errotua badago». Kasu honetan, F. B.-k bost urte daramatza Bilbon, ia lau urte igaro dira ezkondu zenetik, eta lana dauka. «Ez dago arrazoirik epailearen erabakia ez betetzeko». Frantziako Poliziak, ordea, ez du jarrera aldatu, eta F. B. atxikita daukate Hendaian.

Mari Mar G.-k egunero du senarrarekin hitz egiteko aukera, eta hura bisitatzen ere izan da Hendaian. «Animoz oso gaizki dago, badakielako edozein unetan kanpora dezaketela». Justizia besterik ez du eskatzen senarrarentzat. Egoera, ordea, «oso zaila» ikusten du. «Nire senarrarekin atxikitze zentroan bi abokatu daude, eta haiek jada ez dakite zer egin». Oraingoz ez die ezer esan senarraren gurasoei. «Anaia zaharrenak baino ez du gertatzen ari denaren berri, eta hura ere oso kezkatuta dago»

Nigeriara kanporatua

Bestalde, Nigeriara kanporatu dute Davy Queen Sierrako Leonako etorkina. Urtarrilaren 21era arte Queen Hendaiako atxikitze zentroan egon zen, Lapurdin. Egun horretan Frantziako Aireko eta Mugetako Poliziak Miarritzeko aireportura eraman zuen, hegazkinera sartu eta Nigeriara kanporatzeko asmoz. Queenek uko egin zion kanporatzeari, eta eskuetan zeraman poltsa eta soinekoa lurrera bota zituen. Azkenean, Parisera eraman zuten. Atzo jakin ahal izan zenez urtarrilaren 26an kanporatu zuten Nigeriara.

Etorkinei laguntzeko CIMADE elkarteak salatu egin du Queenek jasandako tratua eta agintariek horren inguruan ezer ez esana. Salaketarekin bat egin du Emakumeen Mundu Martxak. «Bortxaz sartu zuten hegazkinean» Bi elkarteek Queenek orain arte oso bizimodu «latza» izan duela gogorarazi dute. Gerran gurasoak galdu ondoren, Nigeriara joan zen amonarekin bizitzera. «Mafiek, ordea, amonarengandik banatu, Europara ekarri eta prostituzion aritzera behartu zuten», salatu dute.

Nortasun agiria

Izen-abizenak: F. B. dira inizialak. Izen osoa ez du eman nahi, auzia dela eta.

Adina: 34 urte.

Jaioterria: Maroko.

Euskal Herrian daramatzan urteak: 5 urte.

Atxiloketa eguna: Paristik Bilbora itzultzen ari zela atxilotu zuten, urtarrilaren 21ean. Hendaiako atxikitze zentroan dago.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)