Distantziak laburtuz

Berria, , 31-01-2010

BIXENTE SERRANO IZKO
Dezente askotan aipatu dut liburu iruzkin hauetan meritu gisa eleberrigileek kontakizunetiko euren distantzia hartzen jakin izana, kanon halako bat izanen balitz bezala agian hori, eta kontrakoa, ordea, akatsa. Ez du zertan izan horrela. Narrazio ederrak sor daitezke distantziatik, bai horixe, baina ederrak eta biziak ere lor daitezke egileek euren erraiak husten dituztenean, euren barru-barrukoak agerian uzten dituztenean asmaturiko zertzelada eta pertsonaietan. Baroja, Sanchez-Ostiz, Celine…, bote lasterrean zenbait adibide aipatzeagatik.

Korda honetakoa dugu Itxaro Borda. Bere nobelagintzan, itxuraz arinenean ere, detektibezkoan adibidez, protagonista beti agertzen zaigu egilearen izaera, bizimodu, ikusmolde, irrits eta herren edukiontzi gisa. Izaera, bizimodu, ikusmolde, irrits eta herra arrunten apurtzaile. Gaurko honetan ere bai. Titulua bera, goiburu ideal baten antza, Ezer gabe hobe, gure gizartearen idealei kontrajarririk.

«Eleberri sozial eta politiko», «salaketa eta aldarrikapena aldi berean», horrela dio liburuko atzeko azalak, eta holaxe da. Muga geopolitiko asko geopolitikoak, ekonomiko-sozialak, kulturalak… duen mundu honetan, bi muga pasaera kontatzen digu bereziki. Lehena, Afrikako oihanik sakonenetatik datorren etorkin batena, Douala, N’Djamena, Niamei, Bamako, Nuakchot, Tanger, Andaluzia, Katalunia, Baiona, Calais eta Londres arteko ibilbide luze korapilatsua, paperik gabea, paper faltsutuekin batzuetan; haren laguntzailea, Aljafarinetik Londreserainokoa, protagonista dugu, Baionako euskalduna, laguntzaile malgré lui hasieran, baina laster etorkinaren arazoekin bat eginen duena eta afrikarra bera baino paper gabeagoa izanen dena Frantziatik irteterakoan. Bigarren pasaera, Mexiko eta AEB artekoa, Baionako protagonistak berak eginen du klandestino eta bene-benetan inolako paper babesik gabe. Eta lehenean etorkinaren agiri faltsutuei esker igaro ahal izan badu, bigarrenean bere gabeziak jarriko du arriskuan bertze bidaideen pasaera, kontraste esanguratsu batean. Zertzeladen bi agertokien arteko lotura, bertze muga pasabide bat, bizimoduarena orain, bi emakume emakoiren maitasun eta bizikidetza, muga moral hau ere zeharkatu izanak ohiko bikotekideen harreman arazoetatik libre utziko ez dituena.

Hirugarren pertsonan kontaturik, elkarrizketetan ez ezik, paragrafo narratibo eta deskribatzaileetan ere txertatuko dira diskurtso sozio-politiko-kulturalak, idazlearen presentzia eragilea nabarmen utziz: nahita, narrazioko peripezietan, pertsonaiengan eta horien kezketan hustu nahi dituelako eleberrigileak bere burua eta erraiak. Halako moldez nahita, non, nahiz eta batzuetan inpresioa ematen duen diskurtso horiek protagonistaren edo pertsonaia baten gogoetak direla zeharkako estilokoak-edo; halarik ere, noizean behin, argiago utzi nahiko balu bezala, lehen pertsonara egiten baitu salto libreki paragrafo horien bukaera aldera. Horrela, diskurtso teorikoei narrazioaren bizitasuna gailentzen zaie; ongi bai ongi gailendu ere, pertsonaien bizimodu apurtzaileen arteko loturek eta desloturek argamasarena egiten baitute, gainera, arkitektura osoaren grazia tente mantentzeko.

Bizitasunez beteriko efektu hori lortzeko, ez du lan makala egiten Itxaro Bordaren euskara aberats eta indartsuak. Idazle zailaren ospea du bere hizkeraren kausa dela-eta berak ere behin baino gehiagotan frontisarena egin die gogoz horrelako eraso pilotakadei, jatorrizko eskuetara birbotatzeko, baina merezi du benetan haren euskaraz gu geu indar berriak hartzen ahalegintzea.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)