Bizi hobearen murruei galdezka

Gizarteko eztabaiden oihartzun, Miarritzeko Fipa jaialdian, etorkinen gaiak presentzia berezia dauka Etorkinen eguneroko errealitate gogor eta gordinak agertzen dituzte hainbat filmek

Berria, Nora Arbelbide. Miarritze , 28-01-2010

Bizi hobe baten menturan. Etorkinen gaiaz mintzo diren film guztietan entzun daiteke esaldi hori. Marokon, Zimbabwen, Israelen, Bangladeshen, Indian, edozein herritan, baita etorkinen ahoan ere. Gizakien joan eta etorriak betidanik egon dira, eta beti izanen dira, Juan Jose Oliva Alvarez kazetariak laburbiltzen duen bezala Jon Kalina kanadarraren Up Against the War filmean (Murruaren parean). FIPA, Ikus-entzunezko Saioen Nazioarteko Jaialdiko dokumentalen saioan lehian dago filma. Arazoa, Oliva Alvarezen ustez, ez dira etorkinak; arazoa sortzen da masiboki etortzen direlarik. Horrela justifikatzen du kazetariak, Ceuta eta Maroko artean eraikia duten murrua: «Murrua beharrezkoa da». Eta parean, etorkinak. Ceutako murruaren bestaldean. Marokon. Oihanean bizi. Zikinontzietan janaria bilatzen. Esperantzarekin partitu, sufrimenduak frenatu. «Zu zuria zara!», dio batek oihuka parean duen poliziari, autobusean sartu eta Algeriako desertuan abandonatzen ari direla. «Ni beltza naiz! Eta horregatik duzue egiten hori, baina ez da ongi!», gehituz. «Har ezazu auzo pobre bat, eta, ondoan, auzo aberatsa. Alde pobretik aberatsera pasatzen ahaleginduko dira beti. Automatikoki. Fenomeno naturala da», horra dokumentaleko beste esaldi bat.

‘Clandestin’ fikzioen sailean

Fenomeno naturala milioiak ordaindu murruekin geldiarazten saiatzen dira herri aberatsak. Eta murru fisikoak ez direlarik aski, murru kulturalak dira eraikitzen. Fikzioen sailean lehian dagoen Clandestin filmean, Pariseko paperik gabekoen munduaz interesatzen da Arnaud Bedout film egile paristarra. Salif Maurtanian sortu mutil gazte eta ederra. Paperik gabe iristen da Parisera. Ez da deus. Baina bada humano bat. «Zer eginen genuke guk, bere lekuan bagina?». Edo, alderantziz, «zer eginen genuke, halako batean paperik gabeko bat laguntza eske agertuko balitzaigu?». Galdera horiek pausatzen ditu filmak. «Gugandik zentimetro batzuetara dagoen mundu paralelo horren leihoa ireki nahi izan dut, gugandik ez dela urrun erakusteko. Emozio berak ditugu guk eta haiek. Guk eta haiek diot, ez gaudelako bat, maleruski». Bedouetek pertsonalki bizi anekdota batetik partitu da filmaren ideia. Fatou Sankara burkinarrak atxikitzen zizkion haurrak. Gauero, etxera sartu, eta Sankara autoz eramaten zuen berriz etxera. Ez zuzenean etxera, Sankarak ez zuelako nahi, baina bai auzora. Egun batez, euria jauts ahala ari zela, Bedouetek etxeraino eraman zuen, eta hor ohartu zen. Kasik sagu zuloa bezain txikia zen sarrera batetik desagertu zen Sankara. Zulo horren gibelean, gela bakarreko bizitokia. Hor bizi zen Sankara, bi alabekin. Beharrezkoak diren paper guztiak bazituen, alta, baina etxebizitza duin baterako «ez aski», gogoratu du Bedoutek. Filmak horren erantzun bat izan nahi du, nonbait.

Sankararen etxea

Etxebizitza duinik ez baita Living in Better Live dokumentalean (Bizi hobe batean bizi) agertzen diren gizonentzat. Dokumentalen sailean dagoen Stefanie Rieke film egile alemanaren lan horrek Parisko etxe batean pausatzen du bere kamera. Une batetik bestera lurrera erortzeko arriskuan dagoen pisuan, etorkin andana bat bizi da. Beren bizi hauskorrak entzutera ematen ditu. Ur tantak biltzen ditu zegoen harrabots artean; etengabe piztuak diren telebisten parean, bakardadeaz, gerlaz, maitasunaz eta etengabe bizi hobearen itxaroteaz mintzo dira.

Bakardade beretsua suma daiteke Sihat Hutz lanean (Distantzia luzeak), Amikam Goldman israeldarrak egina. Erreportajeen sailean dago. Tel Aviveko telefono publikoez interesatu da film egilea. Etorkinek astebururo bizi berri bat ematen diete. Herrian utzi neska-lagun, seme edo senarrarekin mintzatzeko erabiltzen dituzte telefonoak. «I love you» anitz entzun badaiteke ere, hitz horiek tripako minak sortzen dituzte, errateko moldetik ageri baita zauri urratua ezin josiz ari direla.

Bukaerarik ez duten bizi urratuak, gainera. Hemen ez dago happy end-ik. Pantaila itzali eta segitzen du zauriak. Albistegiak entzutea aski da horretaz ohartzeko. Joan den egunean Miarritzeko aireportuan, agintari guztiak han zeudela, ez kanporatzeko bere burua lurrera bota zuen Davy Queen etorkina erietxetik Parisera eta Paristik Nigeriara bidali dutela baieztatu zuen barda Philippe Rey prefetak. Bizkitartean, Didier Borotra Miarritzeko auzapez eta senatariak, Queenen alde ez zuen fitsik egin lekuan berean zegoelarik, aireportuan. Aldiz, FIPA jaialdiak tratatzen dituen gaiak zinez interesgarriak zirela nabarmendu zuen bezperan, jaialdia aurkezteko orduan, Teresa Cavina ordezkari nagusiak etorkinen gaia jaialdiko gai nagusietako bat zela azpimarratuz. Interesgarria menturaz, pantailan gelditzen deno.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)