Frantzian burka leku publikoetan debekatzea proposatu dute diputatuek

Sarkozyk adierazi du ez dagoela «aitzakiarik, salbuespenik eta abagunerik» jantzi hori eramateko

Berria, , 27-01-2010

Erredakzioa.

Burkaren erabileraren inguruan egindako txostena aurkeztu zuen atzo Frantziako Asanblea Nazionalean ikerketa egiteaz arduratu den batzordeak. Eta leku publikoetan burka debekatzearen alde egin dute diputatuek. Administrazioan, ospitaleetan, garraio publikoan, bankuetan eta eskoletan burka eramatea debekatuta geldituko da, legea aurrera ateratzen bada. Txostenak 200 orrialde ditu, eta bertan ebazpen bat bozkatzearen alde egiten dute diputatuek. Andre Gerin diputatuak zuzendu du batzordea, eta jada aurreko astean iragarri zuen burka debekatzearen aldeko proposamena eramango zuela Asanblea Nazionalera. Haren hitzetan, jantzi hori «identitateari eta nortasunari uko egitea» eta «hil-oihal» baten modukoa da. Bernard Accoyer Asanblea Nazionaleko presidenteak esan du txostenak agerian utzi duela herritarren borondatea dela «praktika hori bertan behera» gelditu dadin «neurri integrista» delako.

UMP Herritarren Batasunerako Mugimenduak sustatu duen ekimenak jada polemika piztu du Frantzian. Nicolas Sarkozy presidenteak berak esan du ez dagoela «aitzakiarik, salbuespenik eta abagunerik» jantzi hori eramateko. Sarkozyk uste du herrialdean «emakumearen duintasunaz» duten ideia aintzat hartuta «morrontza keinu» bat dela burka. Andre Gerin diputatuak berak berretsi du ideia hori, esanez burkarekin «itxian sartuta» dauden emakumeak «askatzeko bidea» izango litzatekeela legea.

Libération egunkariak argitara eman berri duen inkestaren arabera, herritarren %56k babesten dute burka eramatearen kontrako proposamena, eta %39k, berriz, arbuiatzen dute. Burua estaltzen duen jantzi hori daramaten emakumeak estigmatizatzeko arriskuaz ohartarazten dute neurriaren kontra agertu diren herritarrak. Uste dute Frantzian 1.900 emakumek erabiltzen dutela burka.

Andre Gerinek aitortu du «arazoa» hasiera batean «uste baino larriagoa» dela. Sei hilabeteko lana zuzendu du berrehun orrialdeko txostena egiteko.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)