Bira

Frogak

Berria, Itxaro Borda, 27-01-2010

Izakiak funtsean onak zirelako sinestea lurperatzen ari du sarraski politiko-ekonomikoak. Orain norberak du frogatu behar gaiztoa eta hobenduna ez dela. Urrun gaude behialako jendetasunarekiko ezaugarri baiezkorretarik. Kidea ahalaz tuaz eta laidoz igeri itotzekoa da. Kriminalizatzekoa. Justifikatzeko premiak, egia erran, harremanak lazten ditu eta diskriminazioak hazten, hori baita azkenean sistemaren helburua, lodiak, kanpotarrak, gaykideak, burkaduna, herrestak, langileak edo alferrak gehiengoari eskainia zaion talo kauseretik at atxikitzeko.

Buruzagi eta nagusi aho-zabalek diote alaina ez dela pastetxik aski denentzat, oinarrizko egokitasuna frogatzen duenak parte delizius bat ezpainetaratuko duela, etikoki beti zuzenak izan ez diren bere indarren sari. Merezimendua jartzen dute justiziaren ordez, lan kolektiboaren lekuan performantzia kontratua, subjektiboa den excellence haren konzeptua eta horrekin aitzina doaz, sakelak eta lanpernak betez. Eta zuk ez baldin baduzu horrelakorik jasaten arazo bat baduzula erraten dizute, hots gaixorik zarela, arima usteltzen doakizula eta psikologo baten ikustea aholkatzen dizu zure arduradun lehenak.

Frogatzekoa duzu ez zarela mentalki eri.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)