Miarritzen kanporatzearen aurka egin zuen etorkinaren berri ez du CIMADEk

Sierra Leonako etorkina Parisen dela badaki etorkinen aldeko elkarteak, baina deus gehiago ez

Berria, , 27-01-2010

Aitor Renteria.
Baiona

Davy Queen Sierra Leonako etorkina non dagoen ez dakiela jakinarazi du atxiloturik dauden etorkinei laguntza ematen dien CIMADE elkarteak. «Badakigu astelehenean Parisera eraman zutela, baina ordutik ez dugu haren berririk», adierazi du Laurence Hardouin CIMADEko kide eta abokatuak. Lerro hauek idazteko tenorean, Nigerian egon daiteke, edo Parisko atxikitze zentroren batean.

«Ez digute deus jakinarazi, soilik Parisera eraman dutela eta ez dutela Baionan epaituko», azaldu du Hardouinek. Urtarrilaren 21era arte, Queen Hendaiako atxikitze zentroan egon zen, Lapurdin. Egun horretan, Frantziako Aire eta Mugetako Poliziak Miarritzeko aireportura eraman zuen, hegazkin batera sartu eta Nigeriara kanporatzeko asmoz.

Hegazkinerako sarreran, Akitania, Paue eta BAMeko agintariak aireportuko agiantzak ospatzen ari zirelarik, Queenek uko egin zion kanporaketari. Poliziak kanporatze saioari ekin ziotelarik, eskuan zeraman poltsa eta soinekoa lurrera bota zituen. Oihuka eskatu zuen ez kanporatzeko. Hiru polizia saiatu ziren lurrean atxikitzen, baina orduan itzulika hasi zen. Buruak lurra jo zuen behin eta berriz. Hamar minuturen buruan, kordea galdu zuen, eta Poliziak aireportuko gela batera sartu zuen.

Ondoren Baionako erietxera eraman zuten, buruan egindako zauriak artatzeko. Ordu batzuk eman zituen zainketa gelan, eta ondoren Poliziaren esku utzi zuten osasun zerbitzuek.

Hendaiatik Parisera

Baionako erietxetik atera zuen Frantziako Poliziak, eta Hendaiako atxikitze zentrora eraman. CIMADEko abokatuek uste zuten Baionan epaituko zutela atzo arratsaldean, baina Frantziako Administrazioak bestela erabaki du. «Kanporatze aginduari uko egiteagatik epaitu behar zuten Queen, baina gure harridurarako, Administrazioak erabaki du Hendaiatik atera eta Parisera eramatea, nehork deus jakin gabe», azaldu du Hardouinek. «Ez dakigu Queen Parisen epaituko duten edo dagoeneko Nigeriara kanporatu duten».

Jatorriz Sierra Leonakoa da Queen, eta azken urteotan Nigerian bizi izan da, amatxiren etxean. Europara jin zen, eta anartean Nigerian zeukan senide bakarra hil zen. Gaur egun, Nigerian adiskide edo seniderik ez duela erran zien Queenek CIMADEko kideei.

Hendaiako geltokian atxilotu zuen Poliziak Queen. Atxikitze zentroko arraberritze lanak egin aitzin, Frantziak urtero 500 etorkin kanporatzen zituen bertatik. Ordutik, zentro horren harrera gaitasuna bikoiztu da, eta kanporaketa kopurua ere bikoiztuko dela salatu du CIMADEk.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)