Azken egunetan istiluak izan dira Calabria eskualdean, Italian, etorkinen eta bizilagunen artean. Arrazismo oldearen ondotik, paperik gabekoek ez dutela tokirik ohartarazi du Gobernuak.

Immigranteen aurkako ehiza

Berria, , 13-01-2010

Ainara Rodriguez.

Segurtasun indarrek paperik gabeko bat topatuz gero, atxilotu eta identifikatu egin behar dute. Dokumentaziorik ez badu, herrialdetik kanporatu egin behar dute. Hori da jarraitzen dugun bidea». Roberto Maronik, Italiako Barne ministro eta etorkinen legearen sustatzaile nagusiak, ez du erreparorik erakusten immigranteez diharduenean. Bost axola zein egoeratan zeharkatu duten Italiako muga; bost axola zein egoeratan aurkitzen diren une horretan. Egoera legeztatu gabe, ez dago bizitzerik Italiako kaleetan.

Egoera horretan aurkitzen dira Calabria eskualdeko ehunka etorkin. Istilu andana izan da azken egunotan hango herri batean, Rosarnon. Sua arrazismoari loturiko ekintza baten ondotik piztu zen, bizilagunek bi immigranteri eraso eta gero. Aire eskopeta batekin egin zieten tiro, tupustean, ihesean joan zen auto batetik. Horren ondotik iritsi ziren etorkinen protesta eta manifestazioak; bizilagunek ere egin zuten protestarik. Istiluen azken balantzean 66 zauritu eta zortzi atxilotu daude.

Bazterrean utzitako lantegietan bizi ziren etorkinak. Bizi-kalitate hobearen bila Italiara emigratu duten langileak dira gehienak, giza-azpiko egoeran bizi direnak. 25 euro baino ez dituzte irabazten egunean landetan egiten duten lanarekin. Azken egunetan bizilagunen aldetik jaso duten tratu okerra dela eta, bizilekuak utzi eta inguruko herrietan dauden harrera etxeetara joatea erabaki dute, istiluak ez zabaltzearren. 1.100 immigrante inguruk Poliziarekin elkarlanean egin dute lekualdatzea; La Rognettako lantegi zaharra atzean utzi eta Crotonako harrera etxeetara eraman dituzte. Halaber, paperik ez duten etorkinek arazoak dituzte orain Polizarekin, kanporatuak izateko aukera jarri baitute mahai-gainean. Bazterreko lantegiak utzi eta harrera etxeetara joan izanak lanak erraztu dizkio Silvio Berlusconiren gobernuari, horiek erauzteari ekin baitio. Gutxienez bi eraikin bota dituzte, bata Rosarnon, eta bestea mugakide duen Boscon. Poliziak hainbat hipotesirekin lan egiten duen arren, immigranteei eraso zietenek Ndrangheta mafia taldekoak izan ziren usteak du indar gehien, «eremua eurek mendean dutela erakusteko edo». Hori dela eta, ustezko Ndranghetako hamabi kide atxilotu zituen atzo gauean Poliziak.

Etorkinen gaiak eragin ditu azken egunetako istiluak Rosarnon. Gobernuak iazko maiatzean Segurtasun Legea onartu eta immigranteak kriminalizatzeko bidea ireki zuenetik, tankerakoak gertatuko ziren beldur izan dira hainbat aditu. Legediak ezartzen duenaren arabera, lan kontraturik edo pasaporterik ez duten etorkinek 5.000 eta 10.000 euro arteko isuna eta bi eta sei hilabete arteko kartzela zigorra jaso dezakete. Euren seme-alabak ere ezin dituzte egoera zibileko erregistroan sartu, eta laguntzen dietenek ere hiru hilabeteko zigorra jaso dezakete.

Neurri gabeko sorgin ehiza da Italian etorkinen aurka aurrera daramatena; segurtasun indarrak legediaren betearazle izateaz gain, herritarren patruilak osatzea ere ahalbidetzen du legeak, «kaleak zaintzeko». «Ez dizkiegu denei ateak zabalduko. Gure xedea ez da etnia askoko gizartea osatzea. Guk asilo politikoa lortzeko baldintzak betetzen dituztenak soilik hartu nahi ditugu». Berlusconik ez du ezkutatzen immigranteekiko duen iritzia. Alta, giza eskubideen aldeko taldeek etorkinak iritsi eta ordu gutxira kanporatzen dituztela salatu dute, asiloa eskatzeko denborarik utzi barik.

Italiak, hala ere, ez du justiziaren beharrik izan paperik gabeko atzerritarrak kanporatzeko; azken bi urteetan, legea onartuta egon aurretik ere, 40.000 etorkin bota dituztela ziurtatu du Maronik, eta %92 jaitsi dela haien etorrera. Ez da harritzekoa, maiatzaz geroztik armada Libia eta Italia arteko uretan patruilatzen ari dela kontuan hartuta. Muga zeharkatzea helburu duten ontziak bistaratu, eta etorritako bidetik bueltan bidaltzea dute xede. Iazko apirilean iskanbila izan zuen Maltarekin; Turkiako zamaontzi batek 154 etorkin aurkitu zituen nora ezean, eta Italiatik gertuago egon arren, ez zuen horren kargu egin nahi izan Erromak. Maltak eskuak garbitu, eta Libiara bidaltzea erabaki zuten egun gutxiren buruan. «Orain ez da etorkinen arautzearen inguruan hitz egiteko unea. Arreta jarri behar dugu lanpostuak italiarrentzat izatean, eta ez paperik gabekoentzat», esan du Roberto Calderoli Araudi Sinplifikaziorako ministroak.

Elkartasun harresia

Aurpegi luze asko ikusi dituzte immigranteek egun hauetan. Harrera etxeetarako bidea hartu zutelarik, bizilagunen txaloek hautsi zituzten azken egunetako istiluen soinu hotsak. Baina gaitzespen keinuek ere izan dute aurkako imintziorik; Erroman elkarretaratzeak eta martxak egin dituzte, etorkinei sostengua erakutsi eta eskubideen urratzeak salatzeko.

Bien bitartean, greba eguna deitu du martxoaren 1erako 2010eko martxoaren 1a Atzerritarren Greba taldeak, «arrazismo oldea» salatu eta immigranteak Italiako ekonomiarentzat garrantzitsuak direla azpimarratzeko. Deialdia dela eta, adierazpen askatasuna onartzen duela azaldu du Maronik, baina ekimenean parte hartzen duten paperik gabekoak atxilotzearekin egin du mehatxu.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)