Immigrazioaren aurkako iritziak areagotu dira azken urtean, krisiaren eraginez

Ikuspegi Behatokiak kaleratutako datuen arabera, etorkinekiko jarrera gogortu dute EAEko herritarrek

Berria, Julen Nafarrate. Bilbo , 16-12-2009

Ikuspegi Behatokiak ezagutarazi ditu egindako azterketaren datuak, eta azken urtean okerrera egin du Gipuzkoako, Bizkaiko eta Arabako herritarrek immigrazioaz duten iritziak. Hala ere, datuak ontzat jo dituzte ikerketaren sustatzaileek, krisiaren eraginez etorkinekiko jarrerak itxiagoak izatea espero baitzuten. «Egungo krisi egoerak eragin txikia du immigrazioaz euskal herritarrek dituzten iritzi eta jarreretan», ondorioztatu du Miguel Gonzalez Eusko Jaurlaritzako Immigrazio zuzendariak. Immigrazioaren Euskal Behatokiak egin du ikerketa, Eusko Jaurlaritza eta Euskal Herriko Unibertsitatearen (EHU) laguntzarekin.

«Lehen aldia da Euskadin aldi berean eragin sakoneko krisi ekonomikoa eta immigranteen proportzio handia ditugula», adierazi du Gonzalezek. Bateratze horrek, immigrazio arduradunaren ustez, ez du etorkinen aurkako jarrera proportzioa handitu, «ez nabarmenki behintzat». Zenbait arlotan, baina, herritarren jarrerak azken urtean gogortu direla onartu du.

Xabier Aierdi soziologoaren ustez, ikerketak kaleratutako datuak «paradoxikoak» dira, kontraesan ugari agertzen direlako. Inkestatuek zenbait arlotan oso jokabide irekiak azaldu dituzte, eta beste batzuetan, aldiz, jarrera itxiagoak nabarmendu dira. Edonola ere, datuen arabera, azken urtean herritarren jarrera gogortu egin da, eta atzerritarrekiko jarrera kritikoagoa da.

Esaterako, atzerriko immigrazioak segurtasunean eragin zuzena duela iritzi dio herritarren gehiengoak: %57k uste dute atzerriko pertsona gehiagoren etorrerak segurtasun gutxiago ekarriko duela. Iaz, %48k babestu zuten aurreko ideia. Immigrazio gehiago egoteak beren ongizatean kalteak ekarriko dituela uste dute herritarren %40k: zailagoa izango dela gizarte laguntzak lortzea, ospitaletan gehiago itxaron beharko dutela, etxebizitza eta lana aurkitzea gehiago kostatuko zaiela eta soldata urriagoak izango dituztela. Irakaskuntzaren kalitatea eta kultura identitatea, aldiz, ez dituzte arriskuan ikusten.

«Matxistagoak»

Ikerketak agerian utzi du immigrazio politikak eta lan egoera lotzen dituela gizarteak. Lanera etorri diren atzerritarrak langabezian geratzeagatik kanporatzearen kontra agertu dira herritarren %58 (kanporatzearen alde, berriz, %20). Krisiak eragina izan du jarrera horretan ere, 2008an, %66 baitzeuden kanporatzearen aurka.

Paperik ez duten etorkin guztien egoera erregulatzearen alde agertu dira herritarren %16. Gehiengoak lanean ari direnen egoera bakarrik arautzea babesten dute (%56), iaz baino hamar puntu gehiago. Hamar pertsonatik bat, ordea, etorkin guztiak kanporatzearen alde daude.

Legea urratu duten atzerritarrekin zorrotzagoa da gizartea. Izan ere, kasu horretan, %60k babesten du delitugilea herrialdetik kanporatzea. Herritarren %22k bakarrik arbuiatzen dute aukera hori.

EAEko herritarrek etorkinei buruzko iritzi ona dute orokorrean, azken urtean txarrera egin badu ere. Salbuespen bakarra dago: herritarren ia %70ek uste dute etorkinak bertakoak baino matxistagoak direla.

Herritarren gehiengoak begi onez ikusten du atzerritarrek beren dendak eta jatetxeak irekitzea, beraientzako janari denda bereziak izatea edo beren hizkuntza erabiltzea. Herritarren gehiengoak, ordea, ez du atsegin seme-alabak hezteko etorkinentzako ikastetxe bereziak egitea, ez eta etorkinek plaza zein espazio publikoak hartzea ere.

Iazko datuekin konparatuz gero, gora egin du euskal herritarren eta atzerritarren arteko aisialdi harremanen kopuruak. EAEko biztanle gehienek noizbehinkako harremanak dituzte etorkinekin (%52). Hala ere, lautik batek adierazi du ez duela inolako harremanik atzerritarrekin.

Datuak

%57

Segurtasun gutxiago. Atzerriko pertsona gehiagoren etorrerak segurtasunean eragin negatiboa izango duela uste dute inkestatuen %57k.

%54

Kanporatzearen aurka. Lanera etorritako atzerritarrak aldi batean lanik gabe gelditzen badira, kanporatzea ez dute ondo ikusten inkestatuen %54k.

%60

Delitugilea, kanpora. Etorkin batek delituren bat egiten badu herrialdetik kanporatu behar dela uste dute EAEko herritarren %60k.

%26

Harremanik ez. Inkestatuen laurdenak ez dute harremanik izaten aisialdian beste herrialde batzuetako pertsonekin; noizbehinka, %52k.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)