Arabako etorkin adingabeen zaintza ezegokia dela diote

Arabako Aldundiak adingabe atzerritarrak «uxatu» nahi dituela salatu dute hainbat eragilek bat eginda

Berria, , 16-12-2009

Jon Rejado.
Gasteiz

Arabako Foru Aldundiak adingabeekin egin behar duen zaintza lana ez duela ondo betetzen salatu dute hainbat gizarte eragilek. Arabako Gizarte Ongizaterako Foru Erakundeak ez ditu Euskal Autonomia Erkidegoko Adingabeen Legeak eta Espainiako Atzerritarren Legeak agintzen dituenak betetzen bere zaintzapean dauden adingabe atzerritarrekin. Adingabeei babes agiria ez die ematen, eta auzitara eramaten ditu, dokumentu faltsuak dituztela egotzita. Salaketa horiek ahotan hartuta, erreferentziazko heldu bat ez duten etorkin atzerritarren zaintza lana «ezin modu txarragoan» kudeatzen ari dela salatu dute ESK-k, Arabako SOS Arrazakeriak, Txiroekin-ek, Harresiak Apurtuz-ek, Hikaateneoko Immigrazio Taldeak, KIRA federazioak eta Arabako Apaizen Koordinakundeak eta hainbat gizabanakok.

Kudeaketa txar horren ondorioz adingabe batzuk kalean bizi direla salatu dute, babesik gabe daudenak. Egungo legediaren arabera, Aldundiak zaintza agiria eman behar die adingabeei bere zaintzapean dauden unetik bederatzi hilabetera. Agiri hori ezinbestekoa da egoitza baimena lortzeko, eta Aldundiak hori ukatuta babesgabetasun egoerak sortzen dituela salatu dute aipatutako eragile kritikoek. Une honetan 30 adingabe daude egoera horretan, haien ustez. Horrez gain, zenbait adingabek, beren duintasuna errespetatu ez dela eta, berentzako zentroak utzi dituztela gogorarazi dute.

Arabako Aldundiak erantzukizuna duela gogorarazi dute elkarteek, eta hori bete behar duela. «Aldundiak ondo egin behar du legez dagokion lana, beste probintzietara begiratu gabe», argudiatu du Fede Garcia SOS Arrazakeriako kideak.

Salaketak

Salaketa hauek egin dituztenen arabera, Gizarte Ongizaterako Foru Erakundeak 80 adingabe ingururen aurkako salaketak jarri ditu Gasteizko Instrukzio Epaitegian, nortasun agiriak faltsutzea egotzita. Neurri hori gogor kritikatu dute elkarteek, adingabeak izanda hori ez delako jarraitu beharreko bidea. Adingabe guztietatik epaitegiak hiruri baino ez diela deklarazioa hartu eta polizia zientifikoak agiriak legezkoak direla jakinarazi duela nabarmendu dute. Jokabide horren zergatia azaltzeko eskatu diote Aldundiari, baina badute susmo bat: «Une honetan Araban dauden adingabeak etor daitezkeenak uxatzeko erabil ditzake Arabako Aldundiak».

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)