«Aaiunera itzuliko naiz, hilik edo bizirik»

Ekintzaile sahararra hiltzen uztea leporatu diote Espainiako Gobernuari Sahararen Aldeko Elkartasun taldeek Indarrez elikatzen badute Zigor Kodera joko duela ohartarazi du Haidarrek

Berria, Arantxa Elizegi. , 10-12-2009

«Bizitza eskaini dut duintasunaren alde, eta gaur ikusten dut nire duintasuna eta saharar herriarena zapaltzen ari direla. Gose greba honekin gertatzen denaren erantzulea Espainiako Gobernua da, azkenera arte joatea erabaki dudalako. Nire semeen gainetik dago duintasuna. Ez dut besterik eskaintzeko». Aminatu Haidar giza eskubideen aldeko ekintzaile sahararraren hitzak dira horiek. Atzo 24 egun egin zituen Haidarrek gose greban, Lanzaroteko aireportuan (Espainia). Eta berdin jarraitzeko asmoa du, etxera itzultzen uzten dioten arte, halaxe ohartarazi zien atzo Espainiako eta Marokoko agintariei: «Aaiunera itzuliko naiz, hilik edo bizirik».

Sahararekiko Elkartasun Taldeen Espainiako Federazioko buruak, Carmelo Ramirezek, lotsagarritzat jo du egoera honetan Brusela Rabati «abantailak» eskaintzeko prest egotea, Europarekiko harremanetan. «Egoera hau onartezina da. Ezin da Marokorekin negoziatu hark nazioarteko araudia betetzen ez duen artean. Haidar hiltzen uzteko prest daude, eta haren heriotza zuzenean ematen ari dira».

Espainiako Gobernuak, ordea, ez du Haidarren egoera konpontzeko urratsik egin. Aldiz, PSOE Alderdi Sozialistak proposamen bat aurkezteko asmoa du Espainiako Kongresuan, ekintzailearen «duintasuna eta ongizatea» bermatzearen alde, eta «etxera itzuli ezin duen artean» hari eta haren semeei errefuxiatu estatusa eskaintzeko. Marokok, berriz, ukatu du inolako erantzukizunik izatea auzian, eta Madril eta Rabat «biktimak» direla argudiatu du. «Arazoa ez dute Marokok eta Espainiak sortu, Marokoren batasunaren aurka daudenek baizik. Haiek emakume hau erabili dute arazoa sortzeko. Baina egoera hau gainditzeko nahikoa helduak eta jakintsuak gara», adierazi du Marokoko Justizia ministroak, Abdeluahed Radik. Ez da lehen aldia Marokori giza eskubideak urratzea egozten diotela, baina nazioarteak ez du gaur arte haren aurkako neurririk hartu.

Etxera itzultzeko eskubidea

Azken astean ekintzaile sahararraren aldamenean egon da Gurutze Irizar, eta han geratuko da haren egoera konpontzen ez duten bitartean. «Fisikoki oso ahul dago. Une batez gelatxotik irteten bada, gero atseden hartu behar du. Baina psikologikoki ez dago hari aurka egingo dionik», dio Irizarrek. Hamabost urtean Mendebaldeko Saharan bizitakoa eta SEADen Lagunen Elkarteko kidea da Irizar. «Jendeak ez du ulertzen nola sartu zuten Lanzaroten giza eskubide guztiak urratuz, eta nolatan dauden horrenbeste oztopo hemendik ateratzeko».

Aireportuko itxarongelatik autobus gidarien bulegoetako batera eraman dute Haidar. Han gela itxi bat prestatu dute beretzat, izan ere, argiak kalte egiten dio begietan. Irizarren esanetan, bisitari ugari hurbiltzen da ekintzaileari sostengua ematera, baina bost minutu baino gehiagoko bilerak egiteko indarrik ez du hark. Atzo bertan gaur arte atzeratu behar izan zuten goizean egitekoa zuen prentsaurrekoa. «Espainia eta Marokoren arteko harremanak dira hau konpontzea eragozten dutenak; irtenbidea oso erreza da nahi izanez gero. Rabatek 35 urtean egin dituen xantaietako bat da hau».

Etxera itzultzea debekatzeaz gain, orain Espainiako Gobernua aztertzen ari da ekintzaile sahararra indarrez elikatzeko aukera. Haidarren abokatuak, Ines Mirandak, ohartarazi du halakorik egiten badute zigor kodera joko dutela. «Etikarekiko eta Zuzenbidearekiko errespetua duen edozein medikuk ulertu behar du Haidarrek argi utzi duela ez duela inork artatzea nahi». Duintasunez Hiltzeko Eskubidearen Aldeko Elkarteak berak ere ohartarazi du «giza eskubideen aurkako eraso larria» litzatekeela halakorik egitea. Hala ere, beldur dira ekintzaile sahararraren gertukoak. «Edozer gauza espero genezake. Dena dela, berak argi esan du ez duela gose greba utziko bere haurrekin etxera itzuli arte. Etxera, ez Mendebaldeko Saharara, oso posible delako Saharara itzultzen utzi, eta behin hara eramanda preso sartzea», dio Irizarrek.

Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoko presidenteak, Mohamed Abdelazizek, bat egin du giza eskubideen aldeko ekintzailearekin, eta gogorarazi du etxera itzultzea eskubide bat dela, eta ez negozia daitekeen pribilegio bat. «Marokok Mendebaldeko Saharan duen presentzia legez kanpoko okupazioa da. Ez du inolako subiranotasunik sahararrengan, eta, bere gogoaren kontra, ezin die autodeterminazio eskubidea ukatu». Haidarren auzian esku-hartzeko eskatu die Abdelazizek Frantziako presidente Nicolas Sarkozyri eta AEBetako estatuburu Barack Obamari eskatu die Haidarren egoera konpontzen laguntzeko. Bide beretik, NBEri galdegin dio giza eskubideak bermatzea lurralde okupatuetan. «Nazioarteak ezin du besoak gurutzatuta geratu Marokok nahi duena egiten duen bitartean».

Haidarri elkartasuna adierazteko bilkura egingo dute gaur Donostian

SEADen Lagunen Elkarteak elkarretaratzea antolatu du gaur Donostiako Bulebarrean, 19:30ean, Aminatu Haidarren egoera salatzeko. 24 egun gose greban daramatzan ekintzailearen auzia ahalik eta azkarren konpontzeko eskatzea da deialdiaren helburua.

Bestalde, Haidarri lehenbailehen etxera itzultzen uzteko eskatu diote bai Espainiari bai Marokori ere EAEko hainbat erakunde, sindikatu eta gobernuz kanpoko taldek. Denek batera kaleratutako komunikatuan salatu dute Marokok entzungor egiten diela nazioartearen eskaerei, eta ekintzaile sahararrak atxilotzen eta kanporatzen jarraitzen duela. «Eskatzen diogu Espainiako Gobernuari ahal duen guztia egiteko Haidarren eta saharar guztien eskubideak errespeta ditzaten».

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)