ziritik

Aminatou Haidar

Diario de noticias de Gipuzkoa, XABIER EUZKITZE -, 06-12-2009

Azken orduotan ezeren aldaketarik izan ez bada, gaur 21. eguna izango du gose-greban Haminatou Haidar ekintzaileak. Sahararren eskubide ukaezinen defendatzaile sutsu honek urteak daramatza Marokoren jokaera zapaltzailea gaitzesten, giza eskubideen etengabeko zapalketa salatzen, ondorioz jasan behar izan dituen presio eta tortura basatien aurrean amore eman gabe. Iaz AEBtako Robert Kennedy Fundazioak Giza Eskubideen Saria eman zion Aminatouri, eta aurtengo urrian Train Fundazioa izan da Adore Zibilaren Saria eman diona, New Yorken. Azken bidaia horretatik etxerantz zihoala, Marokoko poliziak, zenbait orduz atxiki eta gero, El Aaiun-dik kanporatu zuen, pasaportea kenduta. Geroztik Lanzaroteko aireportuan dago, gose-greban. Etxera itzuli nahi du. Marokoko Gobernuak eman dio horretarako aukera: marokoar nazionalitatea onartu eta Mohamed VI erregeari barkamena eskatzea aski du. Aminatou Haidarrek, jakina, ez du baldintza horiek betetzeko asmorik, iraingarriak iruditu zaizkio. Bien bitartean, Espainiako Gobernua ahalegin betean ari da Aminatouren egoerari irtenbidea bilatzen, gose-greba utzi eta etxera itzul dadin. Inondik ez du arazoaren sustraietara jo nahi, sahararrak jasaten ari diren egoera bidegabearen erantzule zuzen-zuzena dela aitortu beharko bailuke, eta Marokorekin dituen lehentasunezko harreman komertzialak kolokan jarri. Maria Teresa Fernandez de la Vega Espainiako presidente-ordeak atzo esana da: Haidarren egoera pertsonalaz haratago, Gobernuak sahararren autodeterminazio eskubidearen alde apustu egiten jarraitzen du, beti ere Nazio Batuen xedapenei jarraiki. Alde guztiek onartzeko moduko irtenbide bidezko eta iraunkorraren alde lanean jarraituko dugu. Jarraitu ez, hasi egin beharko dute. Gainera, Fernandez de la Vegak ongi daki irtenbide bidezkorik ez duela onartuko Marokok, eta Marokok onartzeko modukoa ez dela sekula bidezkoa izango. Hautu bat egin beharra dago: Saharari dagokiona itzul diezaioten saiatu edo errege tirano baten erresumarekiko harremanei lehentasuna ematen jarraitu. Oraingoan harrituko ote gaituzte?

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)