Suitzak minareteak debekatu izanak salaketa eragin du nazioartean

«Beldurraren botoa» eta «jarrera baztertzailea» salatu dituzte estatu musulmanek eta Europako Batasunak

Berria, , 01-12-2009

Allande Sokarros.

Suitzan, joan den igandeko herri galdeketan, herritarren %57,5ek mezkitetan minareteak eraikitzea debekatzearen alde egiteak harridura eta salaketa uholdea eragin du nazioartean. Suitza osatzen duten 26 kantonamenduetatik soilik lautan arbuiatu dute UDC eskuineko alderdi populista eta xenofoboaren ekimena. Lau kantonamenduak dira: Basilea, Geneva, Neuchatel eta Vaud. Erabakia «beldurraren botoak» eta «jarrera baztertzaileak» eragin duela gaitzetsi du nazioarteak. Suitzan lau mezkita besterik ez daude 400.000 musulmanentzat.

Emaitzak plazaratu orduko zabaldu zen harridurari salaketa uholdeak hartu zion lekukoa. Haatik, bozketaren ondorioak gaitzetsi, eta galdeketa egitea bera auzitan jarri zuen Europako Batasuneko txandakako presidenteak, Suediako Gobernuak. «Suitzarrek, herriaren iritzia eskatzeko sistema oso egokia daukate; baina, zenbait kasutan, oker baliatuta egon daiteke, aldi honetan gertatu den bezala», nabarmendu du Suediako Gizarteratze ministro Nyamko Sabumik. Honen iritziz, musulman sinestunen eta europarren artean ez dago inolako arazorik, Europan bizi diren musulman fededunak europarrak dira eta.

Ildo beretik, Nazio Batuen Erakundean Erlijio Askatasunarentzako arduradun berezi Asma Janhagirrek salatu du Suitzan bizi direnak baztertu egiten dituela neurriak. Frantziako Atzerri ministro Bernard Kouchnerrek, berriz, «intolerantzia adierazpentzat» jo duen ebazpen honengatik harrituta agertu da. Zalantza gehiago agertu du, aldiz, Alemanian boterean den CDU alderdi demokristauko burukide Wolfgang Bosbachen arabera, «boto horrek agerian jartzen du gizartea islamizatuko den beldur direla asko, eta kezka hori seriotasunez hartu behar dute agintariek».

Musulmanak atsekabetuta

Erlijio musulmana nagusi den herrialdeetan Suitzako herritarren botoak atsekabea eta kexuak eragin ditu. Erlijio arduradunek, baina, gertatutakoari lasaitasunez erantzuteko deia egin dute. Hala, bozketaren emaitzen berri jaso orduko, «musulmanei irain egite bat» salatu bazuen ere, Egiptoko mufti gorenak, Ali Gomaak, musulmanei gomendatu die ez hartzeko gertatutakoa probokaziotzat. Konferentzia Islamikoaren Erakundeko idazkari nagusi Ekmeleddin Ihsanogluk, berriz, atsekabea eta kezka agertu ditu, Europan, islamaren kontrako joera eta jarrerak gero eta ugariagoak direlako; baina hark ere egoera honi era baketsuan erantzuteko eskatu die musulman fededunei. Hitz gogorragoz ihardukita, musulman sinestun gehien duen munduko herrialdeko, Indonesiako, Nahdlatu Ulama erakunde islamiko nagusiak «gorrotoaren eta intolerantziaren botoa» salatu du, eta «gehiegizko erreakzioekin» ez erantzuteko gomendatu. Libanoko xiiten burukideetatik den Fadlala aiatolak nabarmendu du, aldiz: «Boto horrek musulmanen aurkako arrazakeria joerak hazi ditzake Mendebaldeko herrialdeetan».

Suitzan bertan ere bozketaren emaitza salatu duenik egon da. Micheline Calmy-Rey Atzerri ministroa harrituta eta atsekabetuta azaldu da, eta iragarri du bere ardurapean diren diplomazia zerbitzuek munduan zehar bozketa honen antolaketaz azalpenak emateko txosten bat paratuko dutela.

Minarete berriak eraikitzearen aurkako erabakiak izan ditzakeen ondorio ekonomikoengatik kezkatuta agertu da, aldiz, Suitzako Justizia eta Barne segurtasunerako ministro Eveline Widmer-Schhlumpf. «Susmoa daukat boto hau ez dela ondoriorik gabe geratuko, eta eragina izango duela bai esportazioetan eta baita turismoan ere».

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)