Zergatik den beltza Obama

Berria, , 01-11-2009

Koldo Izagirre

Idazlea

Ez da beltza, denok dakigu Obama ez dela beltza.

Ameriketan, eta zer esanik ez Estatu Batuetan, aiton-amonak esklabu zituena da beltza.

Mississippi ibaiko legea

langile beltzen airea

bizkarra makur, beti nekea

Mississippiko zurien legea.

Lehengusu zuriak bortxatu duen jabearen alabaren gorria zuritzeko Mississippi ibaiaren ertzean urkatu duten beltza da beltza.

Beltza izatea mozorrotzat ez daukana da beltza.

Beltza arazo sozio-politikoak ezkutatzeko erabiltzen ez duena da beltza.

Kateatik ihes eginik zakurrak gibelean dituena da beltza.

Zartailuaren zarrapoak bizkarrean dituena da beltza.

Kontzientzia baten zamaketaria da beltza.

Esklabutzaren debekuak edo giza eskubideen kartak librea dela esan dioten arren bere burua liberatzeari ekiten diona da beltza.

Lurraren kondenatuekin bat egiten duena da beltza.

Ez kanta beltza

alperrik da-ta,

indarren kontra

jaso indarra,

zuen bizitza

oso motza da:

egin zazute

librea.

Ez, Obama ez da beltza.

Eta hala ere, beltza dugu Obama.

Beltza da, elitera nornahi ailega litekeela ikas dezagun.

Beltza da, «gizaki beltza» Mendebaldera heldu dela adierazteko.

Beltza da, lehen munduak bere zabaltasuna erakutsi behar duelako.

Beltza da, Estatu Batuek ikono berri bat behar dutelako.

Beltza da, zuriak izan nahi ez genukeenok ere mundu zuriaren balioetan identifika gaitezen.

Beltza da, gizaki multzo osoak belzten dituen egoera soziala gainditua dela jakin dezagun.

Beltza da, afrikarrek amets egin dezaten neba-naia handi bat daukatela.

Beltza da, osaba Sam pertsonalki ageri ahal izan dadin Afrikan.

Beltza da, herrialde industiadunek Kongoko eta Sudaneko ondasunak ustiatu behar dituztelako.

Beltza da, Darfur-en inguruan gertatzen ari dena lehengaien harrapaketaren zerbitzuko sezesionismoa dela atzeman ez dezagun.

Beltza da, sinets dezagun ezin litekeela inperialismoa izan estatubatuarrek egiten duten atzerri politika.

Beltza da, indarrez ezarritako mundu-harremana askatasunean oinarritzen dela frogatu ahal izateko.

Beltza da, Alexandre Dumas beltza izan zen modu berean.

Beltza da, Alexander Pushkin beltza izan zen modu berean.

Beltza da, We can leloaren ostean hortzadurarik zuriena daukalako.

Beltza da, zurion tradizio handia aberastera datorrelako.

Horregatik dugu beltza, eta horregatik ez da inoiz beltza izanen Obama.

Beltza, sobera izen garratza da azaleko kontua izateko.

Baina zu, beltza,

hasten bazera,

gu ere beltzak

izango gera,

behin da betiko

burruka hortan

nausi berdinen

legeen kontra.

(Mississippi ibaiko legea: Nemesio Etxaniz / Ez kanta beltza: Xabier Lete-Benito Lertxundi)

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)