Kanporatu egingo dute Hendaian atxikitako etorkin txinatarra

Zhou You kanporatzea ebatzi du justiziak, Frantzian daramatzan hamar urteetan eginiko lana aintzat hartu gabe

Berria, , 28-10-2009

Aitor Renteria.
Baiona

Paueko Auzitegi Administratiboak ez du onartu Zhou You txinatar etorkinak egindako helegitea, eta sorterrira kanporatzea deliberatu du. Joan den ostiralean atxilotu zuten Zhou You, eta ordutik Hendaiako Atxikitze Zentroan (Lapurdi) daukate. Orain Frantziako Administrazioa Txinakoarekin hasiko da harremanetan, kanporatutako etorkina hartzen duen jakiteko.

Etorkinen kanporaketak eguneroko gertakari isilak bihurtu dira, baina, hala ere, 37 urteko txinatar etorkin horren kanporaketak bazterrak inarrosi ditu. Frantzian hamar urtez bizi izan da, eta, besteak beste, enpresen kudeaketarako masterra egin du urteotan. «Begi bistakoa da Frantzian hamar urtez ikasketak eta bizia egin dituen pertsonak integratzeko borondatea duela», adierazi du Laurence Hardoin Cimadeko kide eta Zhou Oyuren abokatuak. Preseski, Frantziako sukaldaritzari buruzko liburua idatzi du Oyuk, frantsesez eta txineraz. Bere liburua osatu ahal izateko, Frantziako Parlamentuko sukaldariekin usu bildu da, eta argazkiak ditu haiekin, lagun gisa lepotik hartuta.

Hain zuzen ere, sukaldaritzan egindako saio horrek ekarri zuen Ipar Euskal Herrira. Bertako sukaldaritzaren ospea anitzetan entzun ondoren, gertutik ezagutzea deliberatu zuen.

Urte luzetan Seine et Marne departamenduko lantegi batean aritu izan zen lanean. Kanporatu zutelarik, Parisera joan zen txinerazko eta Txinako kulturari buruzko ikastaroak ematera. Frantses eta Frantziako kulturari buruzko masterra ere egin zuen. Cimaderen iritziz, deusek ez du azaltzen etorkin horren kanporaketa, etorkinen kanporaketa irizpideak betetzeko ez bada.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)