Kontraturik gabe aritu dira etorkinak udalek kontratatu dituzten lanetan

Astesa enpresarentzat egiten zuten lan, azpiegiturak muntatu eta desmuntatzen; soldatarik ez dute jaso

Berria, , 28-10-2009

Miren Garate.
Donostia

Udaberri hasieratik udara bitartean. Hilabeteak pasatu ditu Latinoamerikako etorkin talde batek Astesa enpresarentzat lanean. Guztiek zituzten paperak, baina tarte horretan kontraturik ez dute eduki, eta gizarte segurantzan izena eman gabe egon dira. Kobratu ere ez dute egin, 200 euro soilik orain dela gutxi. Kasua bereziki larria dela adierazi du ELAk, udalek kontratatutako obretan aritu direlako lanean. «Erakunde publikoen obretan horrelakoak gertatzen badira, zer ez ote da gertatuko beste sektoreetan», esan du Xabier Perez sindikatuko Oarso-Bidasoa eskualdeko arduradunak. Salaketak jarri ditu Ertzaintzan eta Gipuzkoako Lan ikuskaritzan.

Festetako azpiegiturak ipini eta kentzeko kontratatzen zuten udalek nagusiki Astesa, baita oposizio jendetsuetarako azpiegiturak prestatzeko eta beste hainbat ekitalditarako ere. Bilboko, Errenteriako, Donostiako, Hondarribiako, Andoaingo, Hernaniko, Eibarko, Zangozako eta Logroñoko udalek ordaindu zituzten enpresaren zerbitzuak.

Bien bitartean, Astesak tratua eginda zeukan Eulalio Galvez izeneko batekin. Diru kopuru jakin bat eskaintzen zion, eta hark, langileak aurkitzen zituen, asteko edozein egunetan lan egiteko. «Legez baimenduta dagoena baino askoz ordu gehiago sartzen zituzten, kasuren batean 22 ordu ere bai», dio Perezek.

Galvezen erantzukizuna zen langileek gastu guztiak ordaintzea, bai gizarte segurantzari zegozkionak eta baita bestelakoak ere. Lan tresnak ere eman behar zizkien, baina material egokirik ez dutela izan diote langileek. Haietako batek istripua ere izan zuen. Donostiako Jazzaldiko eszenatokia muntatzen ari zela, zazpi metroko altueratik erori zen.

Kasualitatez jakin zuten langileek ez zeudela Gizarte Segurantzan izena emanda. Idatzizko mezu bat jaso zuten sakelakoan Gizarte Segurantzatik, uztailaren 6tik 13ra bitartean bakarrik egon zirela izena emanda esaten zuena. Tarte horretan ere egun erdiz lan egin zutela agertzen zen, nahiz ere lanaldi osoa bete zuten.

Sei hilabete kotizatu behar

Horrek kezkatzen ditu gehien etorkinak. Oraingoz denak daude legezko egoeran, baina baimenak berritzeko urtean sei hilabetean kotizatu behar dute. Berez, egin dute lan tarte horretan, baina ez da ageri Gizarte Segurantzako datuetan. «Lehen, paperak edukita ere baldintza prekarioak onartu behar izan bazituzten, orain egoera askoz konplexuagoa da. Nagusien mende geratuko dira prozesu legala amaitu eta berriro beren eskubideak onartzen diren arte», adierazi du Emerita Cuellar ELAko Immigrazio arduradunak.Sindikatuak Poliziari eskatu dio kontuan hartzeko gertatutakoa, eta sei hilabete kotizatzen ez badituzte ere, ez bidaltzeko euren sorterrietara.

ELAra jo izanagatik ere jaso dituzte mehatxuak langileek. «Salaketarekin jarraitzen bazuten, Mendezek esan zien gehiago ez zutela lanik aurkituko berak kontrolatzen zituen kontuetan». ELAren iritziz, gertatutakoa bederatzi langilek salatu arren, askoz gehiago daude haien egoera berean.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)