Amher taldeak Aste Kulturala antolatu du Hernanin

Ekimenak asteartean hasi eta ostiralean amaituko dira festa herrikoi batekin

Diario de noticias de Gipuzkoa, a.m, 20-10-2009

Hernani. Urtero bezala, Hernaniko Amher-SOS Arrazakeria elkarteak aste kulturala antolatu du. Ekitaldiak datorren asteartean hasi eta ostiralean bukatuko dira. Ekimenaren helburu nagusia, antolatzaileek azaldu dutenez, integrazioa, berdintasuna, elkartasuna eta aniztasuna suspertzea da. Beraz, herritar zein bisitari orori osatutako programazioan esku hartzeko gonbitea luzatu diete.

Honela asteartean, antzerki emanaldia izango da, Virginia Imazen eskutik Biteri kultur etxean 19.00etan. Emakume honek helduentzako ipuinak kontatuko ditu.

Ostegunean, asteak kutsu serioagoa hartuko du Arrazismoa eta delinkuentzia: fikzioak, errealitateak eta hobetzeko neurriak izenburuko mahai-inguruarekin. Eztabaida Biteri kultur etxean 19.00etan hasiko da. Bertan, SOS Arrazakeriako bozeramailea den Agustin Unzurrunzagak eta Cesar San Juan Euskal Herriko Unibertsitateko psikologoak parte hartuko dute.

Bukatzeko, aste kulturalari amaiera emateko, ostiralean plaza Berrin festa bat egingo dute. Euria egingo balu, ekitaldiak Sandiusterrira aldatuko lirateke. 16.30ean txokolatada egongo da eta ordubete beranduago Ansa ahizpen kontzertua hasiko da. Ondoren Esperanza Latinaren dantzen ordua izango da.

Bestalde, Amherren I. Argazki Lehiaketako sariak 18.00etan emango ditu epaimahaiak.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)