'Ander' filma lehian Donibane Lohizuneko jaialdian

Nazioarteko Film Egile Gazteen ordua gaur hasiko da Emmanuel Salingerren 'La grande vie' filmarekin

Berria, , 13-10-2009

Nora Arbelbide.
Baiona

Emmanuel Salingerren La grande vie filmarekin abiatuko du gaur, 19:30ean Donibane Lohizuneko Jai Alain (Lapurdi) 14. Film Egile Gazteen Nazioarteko Jaialdiak. Larunbata arte, hamar fikzio lehiatuko dira, arratsetan Jai Alain eta egun osoan Rex zinema aretoan ikusten ahalko direnak. Tartean, Roberto Castonen Ander. Euskarazko filma bihar emanen dute 20:00etan. Berlinale jaialdian Arte eta Saiakera Zinema saria eskuratu zuen lanak, eta Tolosako (Okzitania) Zinema Espainiarreko jaialdian ere filmik onenaren saria jaso berri du.

Oro har, jaialdiaren karietara lehiatuko diren filmak egileen lehen edo bigarren filmak dira. Horretan datza, preseski, jaialdiaren berezitasuna. Sariak banatu beharko dituen epaimahaiko lehendakaria Anne Parillaud aktorea izanen da. Emaztea famatu egin zen Luc Bessonen Nikita filmean egin agerraldiagatik. Jaialdiko bigarren lehia filmik laburrena da. Epaimahaiko buru Sinclair kantaria izanen dute. Larunbatean proiektatuko dituzte laburrak, 10:00etan Rex aretoan.

Mitterrand etortzekoa

Jaialdiaren antolatzaile nagusi den elkarteak ostiral gauean 30 urteak ospatuko ditu. 20:30ean bilduko dira Jai Alain, elkartearen lehendakari den Bernard Marieren inguruan. Frederic Mitterrand Frantziako kultur eta komunikazio ministroa gonbidatu dute gaualdira. Ministroak etorriko dela baieztatu zuen. Oraingoz, ez du bere bisita deuseztatua. Besta gaualdia bukatzeko, sail ofizialeko Laurent Perreau-ren Le bel âge filma proiektatuko dute.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)