Larrepetit

Soberakinak

Berria, Castillo Suarez, 13-10-2009

Estatu Espainiarrean bada programa bat Europako Batasunetik kanpoko etorkinak haien jatorrizko herrialdeetara bueltatu daitezen. Etorkinei eskaintzen zaiena da aldez aurretik langabezia sari osoa kobratzea (%40 Espainian eta %60 haien herrialdeetan). Onartzen dutenek, ordea, uko egiten diote egoitza- eta lan-baimenak eskuratzeari gutxienez datozen hiru urteetan.

Gutxi izan dira, beraz, jaioterrira itzuli direnak bizitza proiektu berri bat hastera. Askok nahiago izan dute sektorez edo estatu barruan bizitokiz aldatu, estatua uztea baino. Izan ere, utzi zutena egun daukatena baino makurragoa da. Horregatik deigarria da zergatik ez diren etorkinak birkokatzeko politika eraginkorrak abian jarri, garbi dagoenean ez dutela joan nahi ez badute itzultzeko aukerarik etorkizunean.

Irudi duena baino maltzurragoa da programa. Izan ere, gero eta gehiago zabaltzen ari den ideia da etorkinak soberan daudela, hein batean krisiaren sortzaileak ere badirela, eta botatzen baditugu gure egoera hobea izanen dela zalantzarik gabe. Finean, komunikazio kanpaina bat besterik ez da etorkinak beren borondatez bueltatzeko programa gisa azaldu digutena.

Datuek erakusten dute etorkin gutxiago daudela Gizarte Segurantzan afiliatuta, baina ez dut uste hori denik etorkin batzuk haien herrialdera bueltatu direlako, esku-hutsik. Gauden egoera ekonomikoagatik, edo hobeki esan, hori aitzakiatzat hartuta, haien lana inoiz baino ezkutuagoa izanen da. Zerrenda ofizialetan aitortzerik gabea.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)