Francisco Lopez. CAUSA koalizioko zuzendaria Etorkinekin lan egiten duten elkarte taldeko zuzendariaren arabera, honek ez du zentzurik, eta ezinbestekoa da egoera hau arautzea.

«Etorkinek Obama zigortu egingo dute udaberrirako erreforma onartzen ez bada»

Berria, , 13-10-2009

I. Guridi.
Portland

Oregonen (AEB) etorkinekin lanean aritzen diren elkarte ugari daude batuta Causan. Francisco Lopez da koalizioko zuzendaria, eta azken hilabeteotan zeregin nagusia immigrazio erreformaren aldeko indarrak batzea izan dela dio.

Zergatik da beharrezko Immigrazio Legearen erreforma zabal bat?

Uneotan hamabi milioi etorkin baino gehiago dago egoera irregularrean. Ez dira heldu berriak, asko dira 10, 15 eta 20 urte ere hemen daramatzatenak. Badaude paperik gabeko guraso asko, hemen jaio ziren seme-alaba legalak dituztenak unibertsitatean… Ez du zentzurik honek. Beharrezkoa da gehiengo baten egoera legeztatzea. Ez gara dena eskatzen ari, baina zerbait, behintzat, eman diezagutela, gutxienez paperik ez dutenen %70 legezta dezatela.

Erregularizazioaz gain, zer gehiago aldatu behar luke erreformak?

Argi dago herrialde honek berrikusi beharra duela bere politika. AEBek Latinoamerikarekin izan duten politika okerrak eragiten ditu migrazioak. El Salvadortik etorri nintzen ni asilo politikoa eskatuta, AEBek finantzatu zuten gerra batetik ihesi, hain zuzen. Mexikotik jendea ez litzateke etorriko, merkataritza librearen ondorioz herrialde hura pobretzen ariko ez balitz, ustelkeria sostengatuko ez balute eta hango ingurumena suntsituta ez balego. Nire amak esaten zuen bezala, AEBek plater bat puskatzen dute, eta gero galdetzen dute ea nork puskatu duen. Amorrua ematen dit jendea etorkinen kontra ikusteak. Zer ez die bada eman Latinoamerikak AEBei? Lana, jatekoa, natura… Dena eman die.

Zeintzuk izan daitezke erreforma gauzatzeko zailtasun nagusiak?

Erreforma horrek kontrako jarrera asko piztuko ditu, bai kalean bai Kongresuan. Errepublikano gehienak kontra agertu dira, baita demokraten kontserbadoreenak ere. Haiei aurre egin beharko zaie, eta horretarako beharrezko izango da kalera irtetea. Aldi berean kezkatuta nago kalean jarrera arriskutsu asko ere ikusten delako. Eraso arrazistak gertatzen dira. Gure elkartean mezu asko jasotzen dira, deiak eta mezuak, etorkinen kontrako mehatxuekin, euren herrialdeetara buelta daitezela esanez. Aldiz, osasun erreformaren gaian ez bezala, kasu honetan enpresa handiak erreformaren alde daude. Euren langileak legezko egoera izatea nahiago dute enpresariek, eta horregatik nahi dute erreforma. Oregonen, esaterako, nekazaritza alorreko enpresariek erreformaren alde hitz egin dute. Hori positiboa da.

Eta berehala gauzatzen ez bada?

Kongresuaren zati bat berritzeko bozak daude udazkenean. Eta berehala erreformarik ez badago, etorkin latinoamerikarrak ez dira botoa ematera irtengo. Iaz, gure botoei esker irten zen presidente Barack Obama. Immigrazio erreforma agindu zigun; belarria goxatu zigun, eta 11 milioi latinoamerikar joan ginen botoa ematera. Kanpaina betean Kongresua ez da hasiko erreforma egiten; beraz, udaberrirako erreforma onartzen ez bada, etorkinek zigortu egingo dute Obama. Guk badakigu zigor botoa zer den, eta gure parte hartzerik gabe gehiengoa gal dezake Kongresuan. Orain arte Obamak eman dituen pauso batzuk ondo daude, baina jendeari benetan inporta zaio osabaren edo anaiaren egoera konpontzea, hori konpondu ezean berak jarraitu beharko baitu haren gastuak ordaintzen.

Paperik gabeko etorkinak osasun erreformatik kanpo gelditu dira…

Paperik gabeko etorkinek ezin badute asegururik lortu eta gaixotzen badira, larrialdi zerbitzuetara joko dute. Nahiz eta larrialdia izan ez, hara joko dute, artatuak izateko modu bakarra baita. Eta ezingo dutenez euren faktura ordaindu, zergak pagatzen ditugun gainerakook ordaindu beharko dugu. Ez du zentzurik kanpoan uzteak. Ezin dira hamabi milioi pertsona inolako mediku babesik gabe utzi, ez gara luxuzko zerbaiti buruz hizketan ari. Obamak, hala ere, egin dezake zerbait eurengatik: legezta ditzala.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)